EI Estatu Islamikoak Bruselako aireportuan egindako erasoan parte hartu zuen hirugarren lagunaren bila dabil oraindik Belgikako Polizia. Aurreko osteguneko sarekadetan Faycal C. atxilotu zuten, eta atentatuen egileetako bat izatea leporatu zion fiskaltzak larunbatean. Atzo, ordea, aske utzi zuten kargurik gabe, fiskaltzak baitio ez duela haren aurkako frogarik. 35 dira atentatuetan hildakoak, larri zauritutako lau lagun zendu baitziren atzo.
Duela bi egun, fiskaltzak Faycal C.-ri leporatu zion «talde terrorista baten jardueretan ibili eta eraso terrorista batean parte hartu izana». Belgikako hedabideen arabera, Faycal C. izeneko kazetaria da atxilotu eta aske gelditu dena, eta, iturri horien arabera, Zaventem aireportuko hirugarren erasotzailea zela uste zuen Poliziak. Azken egunetan sarekada gehiago egin dituzte; asteburuan hiru lagun atxilotu zituzten Belgikan. Hala, orain sei dira EIrekin lotura dutelakoan atxilotuak, baina soilik bati leporatu diote Bruselako erasoekin harremana izatea. Herbehereetan, beste lagun bat atxilotu zuten igandean; Reda Kriketen taldekidea da, Poliziaren ustetan. Kriket ostegunean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Paris inguruan atentatu bat prestatzeko asmoa zuelakoan.
Mantso doaz erasoetan hildako gorpuak identifikatzeko lanak; orain arte, 28 gorpu identifikatu dituzte, baina ez dituzte aurkituerasotzaileen gorpuak. Belgikako Osasun eta Gizarte ministro Maggie De Blockek adierazi duenez, oraindik ospitalean daude erasoetan zauritutako 96 lagun.
Eskuin muturraren protesta
Bruselako Atomium eraikinaren aurrean hildakoei omenaldia egitekoak ziren atzo, baina bertan behera utzi zuten elkarretaratzea, herenegun Burtsaren plazan eskuin muturreko ehunka lagunek eragindako istiluen ondoren. Hain zuzen, larunbat honetan Molenbeek auzoan manifestaziorako deia egin dute eskuin muturreko taldeek, Kanpora ditzagun islamistak lelopean.
Bruselako atentatuengatik atxilotutakoa aske utzi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu