Europako Batasuneko Kontseiluak eta Europako Parlamentuak atzo gauean adostu zuten enpresei beste urtebete ematea deforestazioari aurre egiteko araudi berria aplikatzeko. Hilabete baino gutxiago barru zen indarrean sartzekoa, abenduaren 30ean, baina, azkenean, 2025eko abenduaren 30ean hasita aplikatu zaie enpresa handiei, eta 2026ko ekainaren 30etik aurrera enpresa txikiei. Europako Batzordeak urrian erabaki zuen lege berriaren aplikazioa atzeratzea, eta, atzo akordioa egin ostean, EBko Kontseiluak eta Parlamentuak onartu behar dute atzerapena.
Zehazki, EBko bi goi erakundeek azaldu dute enpresei direktiba berrira moldatzeko denbora emateko onartu dutela atzerapen hori. Hala azaldu du X sare sozialean Jessika Roswall Europako Ingurumen, Ur Erresilientzia eta Ekonomia Zirkular Lehiakorreko komisarioak: «Ados jarri gara deforestazioari buruzko arauaren inguruan! Albiste onak ditugu: akordio bat egin dugu deforestazioari buruzko araudiaren harira. Akordioak ez du aldatuko legearen edukia; besterik gabe, hamabi hilabete gehiago emango dizkie enpresari eta nekazari guztiei araura moldatzeko». Adierazi dute epe hori emanda legea ondo aplikatuko dela ere ziurtatu nahi dutela.
We have a deal on EUDR! 🇪🇺
— Jessika Roswall (@JessikaRoswall) December 3, 2024
Good news tonight: we have reached an agreement on EUDR. It will not change the law in substance; it simply gives all businesses and farmers 12 extra months to adapt 🌳
Horixe nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen ere, EBko Kontseiluak eta Europako Parlamentuak: legearen funtsa ez dela aldatuko, baizik eta enpresei denbora gehiago emango zaiela. Ursula von der Leyenen batzorde berriari oniritzia eman eta astebetera adostu dute atzerapen hori. Batzorde berrian, Europako Alderdi Popularreko komisario gehiago daude aurrekoan baino, baita ultraeskuindarrak ere, Raffaelo Fitto italiarra esaterako, eta horren ondorioz agenda berdeak pisua galduko duela iragarria dute hainbat adituk, Kanpo Harremanetarako Europako Kontseiluko hiruk, esaterako.
Hainbat elkarte ekologistak —WWFk eta Greenpeacek, esaterako— txartzat jo dute atzerapena. WWFk esan du Europako Batasunak beste hamabi hilabetez basoak soiltzearen alde egin duela, «bizkarra emanda» legea onartzeko eskatu zuten 1,2 milioi europarrei. Izan ere, denbora eman nahi dutela esan dute behin baino gehiagotan EBko hainbat ordezkarik, baina legea onartzeko asmoa ez da berria, duela hiru urte baino gehiago hasi baitziren tramitatzen.
Eztabaidatsua izan da atzerapena, produktu horiek esportatzen dituzten herrialdeak (Brasil, Malaysia, India...) eta produktu horiek erabiltzen dituzten elikadura enpresa handiek kalte egingo diela argudiatu eta presioa egin baitute legea bertan behera uzteko edo aplikazioa atzeratzeko, eta Europako Batzordearen eta estatuen gero eta eskuindarragoaz baliatu dira hori lortzeko.
Legearen nondik norakoak
EB barruko eta kanpoko hainbat produkturi eragingo die legeak, tartean direla hainbat lehengai eta horien eratorriak, eta inportatzaileek eta esportatzaileek bermatu beharko dute saltzen dituzten produktuek ez dutela deforestaziorik eragin. Palma olioa, soja, kafea, kakaoa, egurra, kautxua eta abelburuak dira produktu horien artean nagusiak, eta horien eratorriak (altzariak, haragia eta txokolatea).
Enpresek aztertu beharko dute salgaiak nondik datozen, eta ekoitziak izan diren lur eremuei buruzko informazio geografikoa bildu. Arauan zehazten da produktu bat inportatu duenak erakutsi egin beharko duela, argazki bidez, hura landatu zen lurra ez zela baso bat 2020. urtea baino lehenago. Atzo azaldu zutenez, enpresek eskura izango dituzte produktuak nondik datozen arakatzeko sistema informatikoak legea indarrean sartu baino sei hilabete lehenago.