MEATZARITZA

Bruselak Serbian topatu du litioaren altxorra

Europako Batasunarentzat funtsezkoa izan daiteke Serbiaren litioa, bai ibilgailu elektrikoen industria sustatzeko, baita autonomia estrategikoa indartzeko ere. Baina meatzaritza proiektuek gizartearen parte handi baten ezezkoa jaso dute.

Rio Tintoren proiektuaren aurkako protesta bat, Belgraden, 2024an.
Rio Tintoren proiektuaren aurkako protesta bat, Belgraden, iaz. ANDREJ CUKIC / EFE
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Helburu handiak ditu datozen urteetarako EB Europako Batasunak, eta horietako asko elkarri lotuta daude. Horietako batzuk dira ibilgailuen elektrifikazioa bultzatzea, lehengai kritikoen horniduran kanpoko menpekotasuna murriztea eta autonomia estrategikoa indartzea, eta Bruselak Serbian topatu du helburu horiek lortzeko giltzetako bat izan daitekeena: Jadar ibaiaren haraneko litio erreserba handiak.

Serbiako Gobernuak eta EBk elkar ulertze memorandum bat sinatu zuten 2024an, Balkanetako herrialde hartan dauden litio erreserbak esplotatu eta EBko bateria industria hornitzeko. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra izan zen akordioaren bultzatzaileetako bat, baina haren aurreko gobernuburuak, Angela Merkelek, Serbiako litioan interesatuta zegoela adierazi zuen aurretik, 2021ean.

Zergatik du, baina, Alemaniak begiz joa Serbiako litioa? Europako autogintza enpresa handienak Alemaniakoak direlako, eta elektrifikaziorako trantsizioa egiten ari direlako. Litioa auto elektrikoen baterien osagai garrantzitsuenetako bat da, baina EBko industriak kontinentetik kanpoko iturrien menpekotasun handia du. Txiletik inportatzen da litio prozesatu gehien ―%72 inguruko merkatu kuota du―, eta Bruselak gutxienekora murriztu nahi du pisu hori, litio horniduraren %90 Serbiari egokituz. Izan ere, Europako litio erreserben %17 Jadarren ibarrean dago: 158 milioi tona inguruko erreserba dagoela baieztatu zuen Dubravka Djedovitx Handanovitxek, Serbiako Energia eta Meatzaritza ministroak.

158 milioi

 

Jadarren dauden litio erreserbak, tonatan. Jadarren gutxi gorabehera 158 milioi tona litio erreserba daudela kalkulatu dute; ibar hartan daude Europako litio erreserben %17.

Europan, hala ere, badira litio erreserba handiagoak dituzten herrialdeak ere. Txekiak EBko erreserben %31 ditu. Serbiak berak erreserben %27 biltzen ditu, eta Ukrainak, %15. Kontuan izanda litioaren eskaria etengabe handitzen ari dela, eta Europako Batzordeak hala jarraitzea aurreikusten duela, hornidura kate egonkor, sendo eta gertukoa izatea komeni zaio Bruselari, autonomia estrategikoa lortzeko bidean. Eta hor sartzen da Serbia, aurreikusten baita 2030erako munduko litio finduaren %3 ekoiztuko duela —EB osoak %4—, eta ekoizle handienen zerrendan zazpigarren postuan izango dela.

Rio Tinto da Jadarren ibarreko litioa ustiatzeko proiektuaren atzean dagoen enpresa. Australiakoa eta Erresuma Batukoa da, eta munduko meatzaritza enpresa handienetako bat da; une honetan Suitzako Glencorerekin negoziatzen dabil etorkizuneko fusio bat adosteko, eta, lortuko balute, munduko meatzaritza enpresa handiena bihurtuko litzateke, 160.000 milioi euro inguruko baliokoa. Enpresak berak onartzen du munduko litio meatzaritza proiektu handienetakoa izango dela Jadarrekoa, eta hori bera kritikatzen dute meatzearen kontra dauden gizarte eragileek: inguruko komunitateei eragingo diela, ur asko erabiliko dutela, ura kutsatuko dutela, eta ingurumenari kalte egingo diola.

GERMANY SERBIA DIPLOMACY
Olaf Scholz eta Aleksandar Vucic, iaz, Alemanian egindako bilkura batean. SEAN GALLUP / EFE

Proiektuaren nondik norakoak

Jadarko litio erreserbak esplotatzeko proiektuak ez dira berriak. Mende hasieran ireki zuen Rio Tintok filiala Serbian, eta, handik gutxira, jadarita minerala aurkitu zuten lehenengoz, litioan aberatsa dena; 158 milioi tonaren erreserbak zeudela estimatu zuen enpresak. Urte batzuk barru, 2017an, Rio Tintok elkar-ulertze memorandum bat sinatu zuen Serbiako Gobernuarekin, Jadarko meatzaritza proiektua garatzeko bidean sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana indartzeko. Nova Serbiako egunkariak 2021ean filtratu zuen memorandumaren edukia, eta adierazi zuen Jadarko proiektua lehentasunezkotzat sailkatu zutela Baliabide Naturalen Erabilera Jasangarriaren Estrategia Nazionalean.

%90

 

Europako Batasunak Serbiatik ziurtatu nahi duen litio hornidura. Batez ere Txinaren influentzia murrizteko, funtsezko lehengai askotan herrialde jakin batzuekiko menpekotasuna murriztu nahi du Bruselak, eta Europako Batasunean kontsumitzen den litio finduaren %90 Serbiatik etortzea nahi du.

Proiektuaren ideia mamituz joan den bitartean, horren aurkako iritziak eta mugimenduak ere garatzen hasi ziren, eta herrialde osoan proiektuaren aurkako mobilizazio jendetsuak piztu ziren. 2021ekoa izan zen azpimarragarrienetako bat, Rio Tintok meatzea eraikitzeko lanak hasiko zituela jakinarazi eta gero. Protestak zabaldu egin ziren, Serbiako Gobernuaren egoitzaren atariraino. Eta, hein batean, garrantzia izan zuen jendearen haserreak, 2022ko urtarrilean Serbiako Gobernuak bertan behera utzi baitzituen Rio Tintok meatzea egin zezan onartutako dekretuak.

Rio Tintok, gobernuaren erabakiarekin haserre, justiziara jotzearekin egin zuen mehatxu; bitartean, meatzea egin aurreko probek Jadar inguruko urak kutsatu zituztela salatu zuten ikerlari batzuek. 2022ko abuztuan, Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak adierazi zuen «akats larria» izan zela proiektua bertan behera utzi izana, eta protesten atzean atzerriko indarrak zeudela iradoki zuen. Hala ere, proiektuak aurrera jarraitzen du gaur egun, eta 2024an ere dozenaka milaka pertsona bildu dituzten protestak egin ziren; berriz ere, atzerriko eragina dutela salatu zuen Vucicek; are gehiago, «estatu-kolpe» saiakera gisa ere definitu zituen.

Ataka estuan

Jadarko esplotazio proiektuen aurkako gizarte mugimenduak ataka estuan jarri du Serbiako Gobernua, baina proiektuarekin aurrera jarraitzeko borondatea erakutsi du, hala ere, Vucicek, nahiz eta aurreikusten den meatzea ezin izango dela ireki 2028ra arte, gutxienez.

Bestalde, gatazkaren alor geopolitikoa ere bistakoa da. Serbiak 2009an egin zuen formalki EBn sartzeko eskaria, eta Bruselak 2012an izendatu zuen blokeko kide izateko hautagai. Hala ere, ez da Bruselaren zerrendan lehentasun handiena duen herrialdea; aurretik baitaude, esaterako, Georgia eta Ukraina. Baina litio erreserbak helburu hori lortzeko funtsezkoak izan daitezke Serbiarentzat.

Hala ere, bada beste eragile bat tartean: Errusia. Belgradek harreman onak ditu Moskurekin, baita Ukrainako inbasioaren ostean ere, eta Serbia EBn sartzeko oztopo izan daitezke. Bada, Vucicek berak azaldu duenez, Errusiak ohartarazi zion Serbiako Gobernuari estatu-kolpe saiakera bat zegoela iazko protesta ekologisten atzean, atzerriko indarrek bultzatuta. Gogoan izan behar da, ordea, EB eta Mendebaldeko enpresa handiak direla litioa ustiatzeko proiektuaren sustatzaileak, eta, beraz, hura aurrera ateratzeko interesatu nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.