AEBak esaten ari dira aurrerantzean ez dutela Europa militarki babestuko, azken urteetan egin moduan; horrenbestez, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka betean, EB Europako Batasunak erabaki du bere gaitasun militarra areagotzeko finantzaketa azkartuko duela. «Armatzeko garaia da», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur Bruselan, Europa berriz armatu plana aurkezteko agerraldian. Planean jaso dutenaren arabera, zera da helburua: talde komunitarioak 800.000 milioi euro jartzea eta gastu militarra handitzea. Von der Leyenek hainbat neurri proposatu ditu horretarako; besteak beste, estatu kideek defentsan egindako gastua kontuan ez hartzea bakoitzaren defizit mugari erreparatzean.
«Europaren garaia da, eta prest gaude aurrerapauso bat emateko», nabarmendu du batzordeko buruak. Datu batzuk ere plazaratu ditu, eta zehaztu, adibidez, planak baduela «tresna bat», zeinaren bidez 150.000 milioi euro eman ahal izango dizkieten estatu kideei mailegutan. Ez du horri buruzko xehetasun gehiagorik eman. «Finean, hobeto eta elkarrekin gastatzea da kontua». Talde komunitarioko estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek ezohiko bilera bat egingo dute ostegunean Bruselan, eta, Von der Leyenek planteatutako plana dela eta, defentsarako gaitasuna nola handitu aztertuko dute —haiei ere bidali die—. Defentsari buruzko erabakiak aho batez hartu behar ditu Europar Kontseiluak; dena den, noiz edo noiz beste bide batzuk ibili izan ditu desadostasunak oztopo izan ez zitezen.
Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, estatu kideek erabakitzen badute beren BPG barne produktu gordinaren portzentajea gastu militarrerako 1,5 puntu handitzea, talde komunitarioak 650.000 milioi euro gehiago gastatu ahal izango ditu datozen lau urteetan arlo militarrean. Eta hori egin ahal izateko baldintzak erraztu asmo ditu Bruselak. Izan ere, batzordeak planteatzen du klubeko zerga arauak bertan behera uztea, modu horretan kideek beren gastu militarra handitu dezaten. Orduan, ez ditu kideak zigortuko, baldin eta defentsan gastatzeagatik gainditu badute ezarritako defizit muga (%3); alegia, ez lukeela zor gisa kontsideratuko.
Aintzat hartu behar da, horren guztiaren harira, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak 2014an adostu zuela herrialde bakoitzaren BPGaren gutxienez %2 gastu militarrerako baliatzea; dena den, 31 estatu kide ditu NATOk, eta, iaz, horietatik hemezortzi ziren %2tik gora gastatzekoak.
Von der Leyen aspalditik ari da eskatzen gastu militarra handitzeko; are, iazko martxoan ohartarazi zuen, Ukrainan gertatzen ari dena aintzat hartuz, Europako herritarrek «gerrarako prest» egon beharko luketela. Eta bere bigarren agintaldia hasteko diskurtsoan, azaroan, azaldu zuen Europako Parlamentuan «Europaren segurtasuna bermatzea» izango zuela lehentasun hurrengo bost urteetan, eta, horretarako, «ezinbestekoa» izango zela gastu militarra areagotzea. «Garai arriskutsuak ari gara bizitzen. Europaren segurtasuna egiazki dago mehatxupean», esan du gaur.
«Garai arriskutsuak ari gara bizitzen. Europaren segurtasuna egiazki dago mehatxupean»
URSULA VON DER LEYENEuropako Batzordeko presidentea
Aurreko agintaldiaren amaiera aldera ere, iazko martxoan, Europako Defentsa Industriarako Estrategia aurkeztu zuen batzordeak, zeinak proposatzen duen, besteak beste, armen erosketa eta ekoizpena bateratzea, bai Ukrainari laguntzeko eta bai EBko kideei erreserba bat bermatzeko.
Ukrainari ere laguntzeko
Hain zuzen, Ukraina ere izan du hizpide Von der Leyenek. Iruditzen zaio handitzeko proposatu duen ekipamendu militarraren bidez —aireko defentsak sistemak, artilleria, misilak eta munizioa aipatu ditu, besteak beste— estatu kideek «modu masibo batean» areagotu ahal izango dutela Ukrainari ematen dioten laguntza militarra. «Ukrainaren hobe beharrez izan daiteke».
Horrekin lotuta, uste du estatu kideek ekipamendu militarra elkarrekin erosteak gastuak gutxituko dituela eta «zatikatzea» murriztuko duela; kontrara, nabarmendu du estatuek aukera gehiago izango dituztela eremu horretan elkarlanean aritzeko, eta, «noski», planean proposatutakoaren bidez, EBko defentsa industria sendotuko dutela.
Eta horri bazka emateko eta plazaratutako kopuruetara heltzeko, planean jasota dago, esaterako, erabili ez dituzten klubeko kohesio funtsak —ikerketarako eta garapenerako beharko luketenak— helburu militarretara birbideratzea. Von der Leyen argi mintzatu da horren harira: «Epe motzean gauza asko egin daitezke funts gehiago jartzeko defentsako inbertsioetarako». Planteatu du, bide batez, kapital pribatua ere helburu horretarako baliatzea, eta Europako Inbertsio Bankuaren atea jotzea.