Bruselak nahi du migranteak kanporatzeko aginduak betetzea estatu batetik bestera

Europako Batzordeak EBren kanpo mugak kudeatzeko printzipio komunak zehaztu ditu. Barne komisarioarentzat, sistemak «hobeto» funtziona dezake

Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea, atzoko agerraldian. JULIEN WARNAND / EFE.
ander perez zala
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteorde eta Europako Bizimodua Babesteko komisarioak aitortu duenez, EB Europako Batasuna orain arte «suhiltzailearena» egiten aritu da migrazioaren aferan, «arkitektoarena» bainoago. Hori eta datorren urtean Europako Parlamenturako bozak egingo dituztela kontuan harturik, Bruselak hilabeteotan aurkeztu, negoziatu eta adostu nahi du EBren kanpo mugak kudeatzeko estrategia. Pixkanaka ari dira lan horretan, eta horren inguruko aurrerapausoak ere banan-banan jakinarazten ari dira; edonola ere, Europako Batzordeak, Europar Kontseiluaren eskariari erantzunez, gomendio sorta bat aurkeztu zuen atzo auzi horretarako. Zera sustatzea jarri du helburutzat: migratzaileak kanporatzeko emandako aginduak betetzea estatu kide batetik bestera.

Oraingoz, badirudi Bruselaren lehentasuna iheslariak itzultzea dela, batez ere, EBko estatu kideen arteko koordinazioa hobetuta. Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioak urtarrilean egin zuen ohartarazpen hori, eta gehitu zuen kanporaketen kopurua «txikia» dela eta handitu beharra dagoela. Atzoko agerraldian ere horietan jarri zuen arreta, Schinas alboan zuela, argudiatuta estatu kideek iazko tasa (%21) «hobetu» behar dutela, eta, beraz, sistemak «hobeto» funtziona dezakeela.

Migratzaileak kanporatzeko emandako aginduen aferan, Bruselak «hutsune bat» ikusten du. Datu zehatzik ez duen arren, Europako Batzordeak uste du agindu hori jasotzen duten migrante batzuk beste estatu kide batera joaten direla EBtik atera beharrean, eta, herrialde horrek ez duenez aginduaren berri, iheslariek ezjakintasun hori baliatzen dutela berriz hasteko asiloa edo babesa eskatzeko prozedura.

Hortaz, Bruselak nahi du EBko estatu kideen arteko komunikazioa hobetu dadila, horrek eragingo duelakoan migratzaileen itzulera tasa handitzea. Berez, bazen kanporatze aginduen berri izateko aukera, baina herrialdeek ez zuten ia erabiltzen; orain, ordea, bestelako egoera bat espero du Europako Batzordeak, joan den asteartean indarrean sartu baitzen Schengen Informazio Sistema. Horrek alerta bat sortuko du kanporaketa bat agintzen den bakoitzean, eta, beraz, gobernuentzat errazagoa izango da migratzaileen egoeraren berri jakitea.

Schinasen arabera, horrek modua emango du itzulera prozesuak «errazagoak» izan daitezen, eta EBko estatu kideen erabakiak indarrean sar daitezen; Johanssonek, berriz, gehitu zuen herrialdeek «hobeto aztertu ahalko» dutela «zein den egoera». Asmoa da, koordinazioa eta komunikazioa hobetzeaz gain, Frontex Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziaren parte hartzea are gehiago handitzea.

Hamabost neurri

Kanporaketa aginduak errespetatzea sustatzeko asmoaren berri emateaz gain, Europako Batzordeko presidenteordeak eta Barne komisarioak jakinarazi zuten lehen aldiz Bruselak hainbat urtetarako kudeaketa plan bat egin duela EBren kanpo mugak kudeatzeko. Proposamen horrek bost urteko estrategia bat aurreikusten du, 2027ra artekoa, eta hamabost neurri ekarri ditu hizpidera.

Besteak beste, Europako Batzordeak kanpo mugetako kontrola hobetu nahi du teknologiaren eta agentzien arteko lankidetzaren bitartez; beste herrialdeekin duten kooperazioa «areagotzea» proposatu du; eta mugen kontrola «oinarrizko eskubideen errespetuaren» araberakoa izatea ere nahi du. Hamabost neurriko proposamen sorta hori erakundeen eta gobernuen iritzia entzun ondoren osatu dute, eta balio behar luke, Johanssonek eta Schinasek esan bezala, estatu kideek esparru komun bat izan dezaten migrazioaren afera kudeatzeko EBren kanpo mugetan. Hori lortzeko, baina, ezinbestekoa izango da «talde lana», Europako Batzordeko Barne komisarioak ohartarazi zuenez.

Negoziazioen garaia da orain. Printzipioz, asmoa da migrazioaren aferaren inguruan ados jartzea legealdia amaitu aurretik; hau da, beranduenez, datorren urteko ekainerako. Horren harira, Maria Malmer Stenergard Suediako Barne ministroak —herrialde horrek du EB Europako Batasuneko Kontseiluaren presidentetza aurtengo lehen seihilekoan— ostegunean esan zuen espero duela gobernuburu eta estatuburuek ekainean hartuko dituztela «erabakiak», asteotan «elkarrizketa eraikitzaileak» izaten ari baitira. Hain justu, hilabete horren amaieran Europar Kontseiluaren goi bilera bat dute, eta baliteke migrazioaren auzian aurrera egitea datorren asteko bileran ere, nahiz eta ekitaldi horren behin-behineko agendan ez duten aipatu gaia.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 160.000 lagun iritsi ziren Europara Mediterraneotik, hori baita bide nagusia Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Asia hego-mendebaldeko migratzaileentzat. Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, gutxi gorabehera beste zortzi milioi pertsona lekualdatu ziren Europan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.