MIGRAZIOA

Bruselak esan duenez, bazekien gerta zitekeela Greziakoren moduko hondoratze bat

Europako Batzordearen arabera, migratzaileak Mediterraneoan zehar eramateko beste «'modus operandi' bat» nagusitu da azken hilabeteetan. Erreskatatu dituztenen esanetan, ontzia Egiptotik abiatu zen.

Erreskatutako migratzaileetako batzuk zain, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 16a
17:21
Entzun

Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonek nabarmendu du, gaur, duela zenbait hilabetetik zekitela herenegun Grezian gertatu zenaren moduko hondoratze bat izan zitekeela Mediterraneo itsasoan. «Zoritxarrez, gertatu behar zela ikusi dugu, urte hasieratik beste modus operandi bat dagoelako. Arrantza ontziak abiatzen dira Libia ekialdeko kostaldetik, eta jarduera hori %600 handitu da», adierazi du agerraldi batean. Datu ofizialean arabera, asteazkeneko Peloponesoko kostaldeko hondoratzearen ondorioz 78 pertsona hil dira, eta 500 migratzaile inguru desagertuta daude. Erreskate taldeek lanean jarraitzen dute, baina kostazainen bozeramaile batek gaur Efe berri agentziari esan dionez, jada «oso zaila» da norbait bizirik topatzea. 104 errefuxiatu onik erreskatatu dituzte.

Eta gertatu dena «tragedia bat» dela iruditzen zaio Johanssoni; «ziurrenik», Mediterraneoan inoiz gertatutako «okerrena». Trafikatzaileak egin ditu erantzule. «Pertsonak ontzira igo zituzten trafikatzaileek ez zituzten Europara bidali, heriotzara baizik». Horren harira, Greziako kostazainak kritikatuak izan dira azkeneko orduetan, egotzita ez zutela ontzia ikusi bezain laster esku hartu. Kostazainek argudiatu dute, ordea, «bat-bateko» esku hartze batek ez zuela egoera konponduko. Halako aurrean, agintarien arteko «koordinazioa» aldarrikatu du Europako Batzordeko Barne komisarioak.

Ikusi gehiago: Greziak ehun migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan; 500 inguru desagertuta daude oraindik

Erreskatatu dituztenen lekukotzak biltzen ari dira tokiko hedabideak, eta horiek Atenasko agintarien bertsioa gezurtatu dute. Esan zuten ontzia Libiako Tobruk hiritik abiatu zela, baina migratzaileek beraiek azpimarratu dute Egiptotik atera zela, geldialdi bat egin zuela Libian, eta Italiara iristea zuela helburu. Hondoratzearekin lotuta, Greziako Poliziak bederatzi pertsona atxilotu ditu erreskatatukoen artean, eta egozten die talde kriminal bat sortzea migratzaileekin trafikatzeko, hondoratze bat eragitea, eta bizitzak arriskuan jartzea. Siriakoak, Egiptokoak eta Pakistangoak ziren ontzian zihoazen gehienak, bizirik atera direnek kontatu dutenez. Horien beraien esanetan, 4.000 eta 6.000 euro artean ordaindu zieten trafikatzaileei, ontzira igotzeagatik.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak eskatu dute har daitezela «premiazko neurriak» migratzaileen heriotzak saihesteko. «Itsasoan arriskuan dauden pertsonak denborarik galdu gabe erreskatatzea da nazioarteko itsas zuzenbidearen arauetako bat», ohartarazi dute NBE Nazio Batuen Erakundearen bi agentziek, ohar bateratu batean. Herrialdeei eskatu diete egin ditzatela «bilaketa operazio koherenteak», eta Europako Batasunari belarrietatik tira egin diote: «Mediterraneoan duen jokabideari dagokionean, Europako Batasuna erdigunean jarri beharko lituzke segurtasuna eta elkartasuna».

Bestalde, Europako Parlamentuko parlamentari talde bat Lampedusa (Italia) uhartera joatekoa da astelehenean, eta, ostegunera bitartean, batzartuko da Italiako kostazainekin, tokiko agintariekin, Frontex agentziakoekin, baita erreskate lanetan aritzen direnekin eta migratzaileei harrera egiten dietenekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.