Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu legez,«gaizkien gordetako sekretua» izan da. Azken asteetan batetik bestera ahopean ibilitakoa, bada, baieztatu zuen atzo Brownek berak: hauteskunde orokorrak maiatzaren 6an egingo dituzte Erresuma Batuan. Tradizioari jarraituz, Elizabeth II.a erregina eta estatuburuaren onespena jaso ondoren egin zuen iragarpena; azken 55 urteetan egin bezala, Buckingham jauregian bildu ziren biak, Legebiltzarreko Behe Ganbera, Komunen Ganbera, -Lorden Ganberan oinordekotzaz erabakitzen baitira partaideak-apirilaren 12an desegitea adostu zutelarik.
Bozen kanpainan sartu dira bete-betean Erresuma Batuan, eta hilabete iraungo du. Brownek ez du betarik galdu, gainera, atzo bertan hasi baitzen Alderdi Laboristaren aldeko botoa eskatzen: «Justizian oinarritutako etorkizuna dugu eskuetan». Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian eta Gobernu kabinete osoaren babesaz azaldu ditu Brownek zeintzuk izango diren bere politikaren ardatzak. «Hiru erronka nagusi ditugu: ekonomia berpiztu; defizita murrizten dugun bitartean, diru-laguntzak ziurtatu; eta giro politikoa hobetu».
Ez dute lan makala izango aurrerantzean, beraz, laboristek; 2007an Brownek Tony Blair boterean ordezkatu zuenetik, gainbeheran joan baita gizarteak alderdian zuen konfiantza maila. Irakeko gerra ikertzen dabilen batzordeak edota alderdian bertan izan dituen mesfidantza kasuak, ez diote batere onik egin gobernuburuari. The Sunday Telegraph egunkariak egindako inkesten arabera, hain zuzen, Alderdi Kontserbadoreak hamar puntuko aldea ateratzen dio Alderdi Laboristari; %39ak egiten du David Cameron kontserbadorearen alde, eta, %29ak, berriz, Brownen alde.
Cameronek, bada, laboristengan aurkitu du botoak eskuratzeko aitzakia nagusia; Gobernuari akusazio larriak leporatuz ekin dio kanpainari: «Brownen beste bost urteko agintaldia baino gehiago merezi du Erresuma Batuak». Aldaketari, baikortasunari eta esperantzari men egin die Cameronek iragarpenaren ondorengo lehen adierazpenetan; «alternatiba kontserbadore modernoa» direla ere gaineratu du.
Demokrata-liberalen giltza
Inkestek iragarri bezala, azken hemezortzi urteetako hauteskunde lehiatuenak izango dira maiatzaren 6an egingo dituztenak. Komunen Ganberak dituen 646 diputatutatik 326 lortu behar dituzte gutxienez gehiengoa izateko. Lehiatzen den alderdi batek ere ez du, ordea, kopuru horretara iristeko ziurtasunik.
Gehiengoa osatzeko giltza, bada, Alderdi Demokrata- liberalak du. Inkestek botoen %20 jaso ditzakeela esaten dute, eta, gainerako alderdiak dagoeneko jarri dira eurei begira; Nick Clegg ordezkari demokrata-liberalak, baina, esan du «Brown Aroko amaieraren hastapenetan» aurkitzen direla, eta, batez ere, gobernuak azken urteetan egin dituen «akatsak» salatuko dituztela hauteskunde kanpainan.
Hala izanik, eta gehiengoa osatzeko izango dituzten zailtasunak aurreikusita, hauteskundeetan erabakitako Gobernu berriaren lehen bilkura maiatzaren 18an egitea erabaki dute, negoziazioak egiteko denbora izateko.
Brownek maiatzaren 6rako deitu ditu Erresuma Batuko boz orokorrak
Inkestek lehia gogorra iragarrita, demokrata-liberalek izango dute gehiengoa eskuratzeko giltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu