Erresuma Batua

Bristolen itsasora bota dute esklabo trafikatzaile baten estatua

Rees alkateak esan du gertatutakoa «historiaren parte» dela, eta garrantzitsua dela arrazismoaz hitz egitea «etorkizunaren ondarea» sortzeko. Toryek protesta salatu dute, eta manifestariak auzipetzeko eskatu dute.

Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 8a
13:34
Entzun

Bi aste dira Derek Chauvin poliziak George Floyd afro-amerikarra hiltzeraino ito zuela. Floyden heriotza gogoratzeko, Black Lives Matter mugimenduak protesta jendetsuak egin ditu mundu osoan. Bristolen, Erresuma Batuan, istiluak izan dira asteburuan. The Guardian, The Independent eta The Times egunkariek hango argazki bat eraman dute gaurko azalera: Edward Colston XVII. mendeko politikari eta esklabo trafikatzailearen estatua bere tokitik atera eta uretara bota dute.

Colston Alderdi Kontserbadoreko kide garrantzitsua zen, eta diputatua izan zen Erresuma Batuko Parlamentuan. Royal African Companyn ere aritu zen: Afrikan bahitutako esklaboak eramaten zituzten Erresuma batuaren kolonietara. 1672 eta 1689 bitartean, 100.000 esklabo inguru eraman zituzten urtero, Afrika mendebaldetik batez ere. Haren omenezko hainbat monumentu daude Bristol hirian.

«Esklabo beltzek eraiki zuten Bristol. Kalean ibili eta Colstonen estatua ikusi behar dugu egunero», salatu zuen manifestari batek BBC katean. «Jendeak esango du hau bandalismoa dela, baina pertsona beltzek kale hauetatik igaro behar dute». Estatua soka batzuekin lotu, tiraka bota, arrastaka kairaino eraman, eta itsasora bota zuten.

Marvin Rees Bristolgo alkate laboristak esan du iritzi publikoa zatituko duela estatuari egindakoak, «estatua horrek berak urteetan egin duen bezalaxe». Haren ustez, «historiaren parte» da estatua bere lekutik kentzea ere: «Herritar talde bat handi bat elkartu da, eta ez dute nahi estatua hori haien hiriaren erdian egoterik». Nabarmendu du garrantzitsua dela entzutea estatua horrek «iraintzen» zuen jendeari: «Gaur sortu behar dugu hiri honen etorkizunaren ondarea, arrazismoari eta berdintasunik ezari helduz», esan du. Estatua zegoen lekuan utzi dituzten kartel guztiak hiriko M Shed museora eramango dituzte.

Toryek, ordea, ez dute iritzi bera. Haientzat, protestariek «kalte kriminalak» egin zizkioten Colstonen estatuari, eta «egileak» auzipetu egin behar lituzkete. «Ez dut uste inork eskubiderik duenik ondare publikoa suntsitzeko, hori egiteko arrazoia edozein dela ere», esan du Mark Weston-ek, Alderdi Kontserbadorearen udal taldeko buruak.

Brusela «deskolonizatzen»

Bruselan, Floyden heriotza salatzeko protestek izan dezakete eraginik espazio publikoan dauden monumentuetan: alderdi politiko nagusiek parlamentuari eskatuko diote kalea «deskolonizatzeko». Herrialdearen historia kolonialari buruzko erreferentziak kendu nahi dituzte kaleen eta plazen izenetatik; Leopoldo II.a erregearena, bereziki. Belgikako Inperio Kolonialaren sortzailea izan zen.

Kongo kolonialean sarraski handia egin zuen; hamar eta hamabost milioi pertsona artean hiltzearen erantzulea da, Adam Hochschild historialariaren esanetan. Haren estatuak gorriz margotzen hasi dira egunotan, eta dagoeneko 40.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte haiek kentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.