'Brexit'-erako puntu esanguratsu bat onartu dute, DUP aurka egonda ere

Sunakek nahikoa babes izan du Komunen Ganberan 'Stormont galga' onartzeko. DUPek «traizio» egitea leporatu dio Boris Johnsoni

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa Komunen Ganberan, joan den urtarrilaren 21ean. JESSICA TAYLOR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Brexit-aren osteko jokalekua finkatzen hasi da Erresuma Batua. Izan ere, Ipar Irlandaren estatusa arautuko duen Windsor Esparru Hitzarmenaren puntu eztabaidatuena onartu zuen atzo Komunen Ganberak. Aise irabazi zuen baiezkoak: 515 diputatuk bozkatu zuten alde, eta 29k bakarrik kontra —650 aulki ditu ganberak—. Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren zortzi diputatuetatik seik aurka bozkatu zuten, iragarri bezala. Desadostasunak Stormont galga izenekoaren ingurukoak dira. Haren arabera, Ipar Irlandako Asanbleak aukera izango du EB Europako Batasuneko merkatu bakarreko lege berriak blokeatzeko, baldintza jakin batzuetan. Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreko kide euroeszeptikoenek ere, 22k guztira, kontra bozkatu zuten; tartean, Boris Johnson eta Liz Truss Downing Streeteko 10. zenbakiko azkeneko bi maizterrek.

Erresuma Batuko lehen ministroak brexit-ak ekarri duen urteetako gatazka itxi nahi du EBrekin. Auzia zen nola bermatu EBren eta Ipar Irlandaren arteko merkataritza arina, azken horren eta Britainia Handiaren artean muga gogor bat altxatu gabe. Windsor Esparru Hitzarmenean mamitu dute Londresek eta Bruselak bien arteko akordioa, eta Stormont galga da puntu esanguratsuetako bat. Komunen Ganberak hura onartzea da brexit-aren osteko jokalekua argitzeko lehen urratsa.

DUPentzat, baina, Stormont galga ez da berme nahikoa. Unionisten buruzagi Jeffrey Donaldsonek nabarmendu du azken egunetan ez dela ezarriko EBk jada indarrean duen araudiaren gainean. «Ez du oinarrizko arazoa konpontzen: EBren legediaren inposizioa». Ian Paisley diputatuak Johnsonen kontra egin zuen atzo, eta haiei «traizio» egitea leporatu zion. «Boris Johnsonek esan zigun Irlandako itsasoan ez zela mugarik egongo». Johnson izan zen EBren eta Erresuma Batuaren arteko dibortzioaren bultzatzaile nagusietako bat.

Ondorioak Belfasten

Brexit-aren osterako hitzarmenek eragin zuzena izan dute Ipar Irlandaren gobernabidean.DUPek eskualderako protokoloaren aurkako argudioak erabili zituen iaz, Ipar Irlandako gobernu partekatuaren eratzea blokeatzeko. Alderdi unionistak Londresen, Dublinen eta Washingtonen presioak jaso ditu blokeoa kentzeko Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrenaren aurretik—apirilaren 10ean izango da—.

Akordioak Ipar Irlandako Gobernua abiarazteko balio behar duela nabarmendu du Sunakek; are gehiago, helburu hori izango da Windsor Esparru Hitzarmenaren neurgailua, Erresuma Batuko lehen ministroaren esanetan.

Ipar Irlandako herritarren gehiengoa ados dago Stormonteko gobernua abiaraztearekin, The Irish News egunkariak atzo argitaratu zuen inkesta baten arabera. Datu horiek diotenez, DUPeko boto emaileen ia erdiak daude gobernua berreskuratzearen alde, eta soilik %13,8 aurka. Alderdi unionistaren boto emaileen hiru laurdenek uste dute DUPek protokoloaren aurka egin duen kanpainak emaitza oparoa izan duela, eta, %56,2ren iritziz, Windsor Esparru Hitzarmenak protokoloaren ondorio kaltegarri asko ezabatu ditu.

Nazionalisten artean, babes antzekoa du hitzarmenak: %54,9. Gehiago dira Stormonteko gobernua abian jartzearen aldekoak. Bi herenek nahi dute DUPek blokeoa kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.