Lurraldetasuna

Bretoien %67 Bretainiaren batasunari buruzko galdeketa bat egitearen alde daude

Herritarren erdiek Bretainia eskualdea eta Loire-Atlantique departamentua batzearen alde bozkatuko lukete, eta %28k, kontra, TMO Institutuaren inkesta batean arabera.

Bretainia historikoaren zatiketa. BERRIA
ander perez zala
2019ko abuztuaren 29a
17:26
Entzun

DIBAB erakundeak kaleratu duen inkesta batek berriz pitz lezake Bretainia historikoaren eztabaida. Horren arabera, Bretainia historikoko herritarren %67 lurraldearen batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde leudeke, eta erdiek bozkatuko lukete bost departamenduak batzearen alde.

Zehazki, Bretainia eskualdeko herritarren %68 eta Loire-Atlantique departamentuko herritarren %63 leudeke galdeketa hori egitearen alde, TMO Institutuaren inkestaren arabera.

Frantziako Errepublikaren lurralde egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamentuk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loire-Atlantique departamentua, hegoaldean dagoena: Naoned (Nantes) du hiriburutzat, eta Pays de la Loire eskualdearen zati da.

Identitateari dagokionez, bere burua bretoitzat dutenen kopurua gailendu da. Inkestaren arabera, Bretainia eskualdeko herritarren %87k bretoitzat lukete bere burua, eta Loire-Atlantiqueko herritarren %59k ere bai.

Iragan abenduan, Bretainia bateratzearen aurka bozkatu zuen Loire-Atlantique departamentuko kontseiluak. Zatiketaren aurkako mugimenduek 100.000 sinadura bildu zituzten kontseiluari eskatzeko galdegin dezala Loire-Atlantique Bretainia eskualdean sartzea, baina kontseiluko 62 kideetatik 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk —hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.