Bretainia historikoko 25 diputatuk aurkeztuta, lurralde horren batasunaz erreferendum bat egiteko lege proposamen bat eztabaidatzekoak dira gaur Frantziako Asanblean; betiere, Paul Molac diputatuak ohartarazi duenez, horretarako tarterik izaten badute —eguneko agendan sartuta dago—. Edonola ere, galdeketaz testu bat aurkeztea bera berritasun bat izan da, eta, modu batera edo bestera, garaipen bat, batez ere bildu duen sostenguarengatik. Geroz eta diputatu gehiago ados baitaude ideia honen inguruan, lege proposamena aurkeztean Molacek esan zuen modura: «Ahotsa eman behar zaie interesik handiena dutenei».
Frantziako Errepublikaren lurralde egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena. Bestetik, Loira Atlantikoa departamentua dago, hegoaldean dagoena; Naoned (Nantes) du hiriburutzat, eta Loirerria eskualdearen parte da. Hain justu, departamendu horretan egin nahiko lukete erreferenduma, Bretainia eskualdean sar dadin.
Galdeketaren afera hori geroz eta babes politiko handiagoa biltzen ari da, eta horren erakusle da lege proposamena sinatu zuten 25 diputatuak alderdi askotarikoak direla: Rennaissanceko bederatzik —Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdia da—; PS Alderdi Sozialistako, LFI Frantzia Intsumisoko, Horizonseko eta Modem Mugimendu Demokratikoko hirunak; LR Errepublikanoetako bik; eta EELV Europa Ekologia-Berdeetako eta LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindikoak eta Lurraldeak-eko banak.
Molacek asteotan esandakoaren arabera, lege proposamenak oposizioko alderdien babesa du —diputatuak ez du kopururik zehaztu—, baina ez Renaissance alderdiarena; eta horrek lehen porrota eragin zuen joan den maiatzaren 31n, Frantziako Asanbleako Legeen Batzordeak deliberatu baitzuen ezezkoa eman behar zaiola. Horren ondorioa zera izan da: jatorrizko testuaz eztabaidatzekoak direla Asanblean, eta ez zuzenketak aurkeztu ostean osaturikoaz.
Lege proposamenak ez dio erreferentzia zuzena egiten Bretainia historikoaren kasuari, orokortu egiten baitu asmoa. Zera jartzen du 1. artikuluan: eskualde baten mugakide den departamendu bateko boto emaileei iritzia eskatu ahalko zaie departamendu hori eskualde mugakidean sartzeaz. Hau da, praktikan, Loira Atlantikoa departamenduko herritarrek galdeketa bidez beren jarrera jakinarazi ahalko lukete Bretainia eskualdearen parte bilakatzeaz; hori da, hain justu, testua aurkezteko arrazoietan zerrendatu dutena.
Erwan Balanant Bretainiako diputatu eta Molacekin batera txostenaren egileetako bat denak, gainera, Frantziako Asanbleako Legeen Batzordean defendatu zuen lege proposamenak bide eman nahi duela herritarrek iritzia emateko «lurralde maparen desegonkortze masiborik eragin gabe».
Denetariko eskariak urteotan
Ibilbide luzea egiten ari da afera hori. 2021eko urtarrilaren 18an, esaterako, Bretainia historikoko 150 hautetsik batasunari buruzko erreferendum bat egiteko eskatu zioten Macroni. Le Journal du Dimanche astekarian publikaturiko zutabe batean, Bretainia eskualdearen eta, Loira Atlantikoa departamenduaren arteko «lotura geografikoak, historikoak eta ekonomikoak» kontuan harturik, galdeketa antolatzea ezinbestekoa dela argudiatu zuten, baita azken hamarkadotan herritarrek horren alde agertu duten jarrera etengabeagatik ere.
Horrez gain, azken urteotan, Bretainian pauso asko eman dituzte erreferendumari begira. 2019ko otsailaren 4an, esaterako, Bretainiako Eskualde Kontseiluak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen, oraingoz sinbolikoa dena: aurrekontuetan, Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzeari buruzko galdeketa finantzatzeko 100.000 euro gorde zituen. Loïg Chesnais-Girard Bretainiako Eskualde Kontseiluko presidenteak —PSkoa— aurkeztu zuen zuzenketa hori, batasunari begira dagoen «aho batezko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzeko».
Horren ondoren, DIBAB elkartearen eta Breizh Civic Laben 2019ko abuztuko galdeketak —TMO Institutuak egina— berriz ekarri zuen hizpidera auzi hori; inkesta horren arabera, bretoien %67 batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde daude, eta herritarren erdiek Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzearen alde bozkatuko lukete boz horietan. 1982az geroztik hamabost inkesta egin dira afera horretaz, eta guztiek islatu dute herritarrek Bretainia historikoa berriz elkartua ikusi nahi dutela.
Bretagne Reunie elkarteak ere lortu zuen, 2018an, pisuzko eskari bat egitea: Loira Atlantikoko 105.000 boto emaileren sinadura bildu zuen batasunari buruzko erreferenduma egiteko. Hau da, hautesle erroldaren %10.