Bretainiako zirujau ohi bat epaituko dute, 299 pazienteri sexu abusuak egitea leporatuta

1989 eta 2014 artean gertatu ziren abusuak. Biktima gehienak adingabeak ziren. Hogei urte arteko kartzela zigorra izan dezake. Auzia 2025ean iraganen da, zenbait hilabetez.

Frantziako Poliziaren ibilgailu bat Avignongo auzitegien aurrealdean, artxiboko argazki batean. EDGAR SAPIÑA MACHADO / EFE
Frantziako Poliziaren ibilgailu bat Avignongo auzitegien aurrealdean, artxiboko argazki batean. EDGAR SAPIÑA MACHADO / EFE
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 9a
15:57
Entzun

Bertze auzi bat ireki diote Joel Le Scouarnec heste eta digestio kirurgialari ohiari, «bortxaketa larriengatik» eta «sexu indarkeria larriagatik». 1989 eta 2014 artean 299 pazienteri egin sexu indarkeriagatik auzipetu dute —adingabeak ziren biktima gehienak: 148 mutil eta 141 neska, iturri ofizialen arabera—. 2020an jada zigortua izan zen, hamabost urteko kartzela zigorrarekin, auzo batzuei egin sexu indarkeria zela eta. Haren kontra bertze auzibide bat ireki dutela jakinarazi du, beraz, Stephane Kellenbergerrek, An Orianteko (Bretainia) prokuradoreak, lau urteko ikerketa eta elementu bilketaren ondoren. Auzia 2025ean iraganen da, eta zenbait hilabete iraun behar luke. Gaur egun, Lorient-Ploemeurreko presondegian da Le Scouarnec, eta onartu egin ditu leporatzen zaizkion sexu indarkeriako kasu gehienak. Kirurgialari ohiak 73 urte ditu. Hogei urteko alde bateko kartzela zigorra izan dezake auzi berriagatik.

Avignonen (Okzitania) iragaten ari diren Mazango bortxaketa masiboekin eta Dominique Pelicoten auziarekin batera, «ohiz kanpoko» beste auzitzat daukate Le Scouarnecena. «Daukan garrantzia ikusita, baita konplexutasuna eta biktima kopurua ere, auzi hau ohiz kanpoko gisa sailkatu dute Justizia Ministerioko zerbitzu juridikoek», adierazi du Kellenberger prokuradoreak.

Ohiz kanpokotzat daukate, gainera, biktimek inkesta juridikoaren ondorioz jakin dutelako biktimak zirela, eta ez kontrakoa. «Gertakariak izan zirenean, biktima asko ebakuntza gelan zeuden, anestesiaturik, iratzartzear edo eztigailu pean, lokarturik», adierazi du prokuradoreak; «ez zitezkeen konturatu egiten zitzaienaz». Gehitu duenez, biktimei egin zaizkien aditu azterketek agerian eman dute osasun aldetik «arazoak» erakutsi zituztela, «trauma osteko sindromeak», jasandako indarkeriengatik.

Ikerketa berrien karietara, Le Scouarnec lau hilabetez galdekatu dutela jakinarazi du prokuradoreak, eta egitate franko «onartu» dituela. «Erabiltzen zituen egiteko moldeak esplikatu ditu, ekintzara iragateko zituen motiboak, baita atzemana ez izateko hartzen zituen arta guztiak ere».

Erran behar da lehen auzia salaketa jakin baten harira hasi zela: 6 urteko auzoko alabak Le Scouarnecek jasanarazi zizkion sexu indarkeriak salatu zituelako. Hortik, medikuak etxean zeuzkan egunerokoetan idatziz utzi dituen sexu indarkerien berri ukan zuen justiziak. Eguneroko horietan, kirurgialari ohiak 25 urtez idatziz atxiki ditu bere biktimen izenak, kronologia eta egin dizkien sexu indarkeria eta bortxaketen kontakizunak.

Hain zuzen, beste ikerketa bat badu zabaldurik prokuradoreak, Le Scouarnecen inguruko ofiziokideak jakinaren gainean baina isilik egon direnetz jakiteko. Alabaina, 2006an Le Scouarnecen inguruko seinalatze bat helarazi zitzaion Frantziako Osasun Ministerioari, baina ez zen medikuaren kontrako gaztigurik izan. Auzi honetako lekukoek gauza gehiago argituko duten igurikatzen dute.

Auzia Vannes hiriko auzitegian iraganen da, Bretainia hegoaldean, 2025eko lehen seihilekoan. Hiruzpalau hilabete iraun behar luke auziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.