Bretainiak diru sail bat bideratu nahi du balizko batasunaren galdeketarako

100.000 euro gorde nahi dituzte Loire-Atlantique departamendua eta Bretainia eskualdea batzeari buruz galdetzeko erreferendumerako

ander perez zala
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bretainia historikoari begirako beste pauso bat eman nahi du Bretainiako Kontseiluak: aurtengo aurrekontuetan, Bretainia eskualdea eta Loire-Atlantique departamentua batzeari buruzko balizko erreferenduma finantzatzeko 100.000 euro gordetzeko proposatu dute. Loig Chesnais-Girard Bretainia eskualdeko presidenteak —Alderdi Sozialistakoa (PS)— herenegun aurkeztu zuen hori ahalbidetzea helburu duen zuzenketa, batasunari begira dagoen «ahobatezko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzeko». Bart bozkatu zuten horren inguruan, eta aurrera atera zen, gobernuak duen gehiengoari esker.

Egun, Frantziako Errepublikaren lurralde egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainia eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loire-Atlantique departamentua, hegoaldean dagoena: Naoned du hiriburu (Nantes), eta Pays de la Loire eskualdearen parte da.

Bretainiako Kontseiluan ordezkaritza duten alderdi politikoen artean adostasun zabala dago batasunaren inguruan, eta pixkanaka bi zatiak elkartzearen aldeko pausoak ematen ari dira. Egunotakoa aspaldidaniko esanguratsuena da, erreferendum posible bati begirako lehen erabaki formala delako.

Bi eremu horiek elkartzearen inguruko erreferendumaren alde lan egiten duen DIBAB erakundeak pozez hartu zuen diru sailari buruzko albistea, «eztabaida politikoan aurrerapauso bat» delakoan; Bretainia historikoa elkartzeaz gain, erakundeak helburutzat du balizko galdeketan lurralde horrek izan behar lituzkeen eskumenez galdetzea, eta hori ahalbidetzeko beharrezko eztabaida sustatzea.

Batasunari buruzko erreferendum bat egiteko, Bretainia eskualdearen eta Loire-Atlantiqueko departamenduaren baiezkoak dira beharrezkoak. Lehenak hainbatetan eman du oniritzia gai horren inguruan, baina bigarrenak ez du aldeko jarrerarik erakutsi.

Are, duela bi urte auzi horretaz egindako bozketan, Loire-Atlantiqueko Kontseiluak ezezkoa eman zion. Zatiketaren aurkako mugimenduek 100.000 sinadura bildu zituzten kontseiluari eskatzeko galdegin dezala Loire-Atlantique Bretainia eskualdean sartzea, baina kontseiluko 62 kideetatik 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk—hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—.

Batasunari buruzko batzorde batek landutako txostenaren harira egin dute diru sailaren bozketa. Isabelle Le Bal kontseilaria—MoDem alderdi zentristakoa— eta Jean-Michel Le Boulanger kontseiluko lehen presidenteordea —PSkoa— buru zituen lantaldeak honako hau ondorioztatu zuen: «Lurralde kolektibitateen zatiketaren auzia demokratikoa da, eta modu demokratikoan egin behar zaio aurre. Herritarren iritzia entzun beharra dago».

Iritzia ematearen alde

DIBAB erakundeak iragan abuztuan kaleratu zuen inkesta baten arabera, Bretainia historikoko herritarren %67 lurraldearen batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde leudeke, eta erdiek bozkatuko lukete bost departamenduak batzearen alde.

Bretainiaren batasunaren aldekoek argudiotzat erabil dezakete Alsazian gertaturikoa. 2016an, François Hollanderen lurralde berrantolaketaren harira, zatitu egin zuten, baina iaz Frantziako Gobernua prest agertu zen batasuna ahalbidetzeko, eta, Asanblea Nazionalean onarturiko lege proiektu baten bidez, Rhin Garaia eta Rhin Beherea departamenduak Alsaziako Kolektibitate Europarra deituriko kolektibitatean batuko dituzte datorren urtetik aurrera.

Estatus politiko berriari esker, kolektibitate berriak estatuaren eskumen batzuk jasoko ditu, batzuk estreinakoz, hala nola hizkuntzaren, turismoaren, errepideen edota mugaz gaindiko harremanen arloan, Alemania eta Suitzarekiko harremanak handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.