Bretainia historikoko 25 diputatuk aurkeztuta, lurralde horren batasunaz erreferendum bat egiteko lege proposamen bat eztabaidatzekoak ziren atzo Frantziako Asanblean; betiere, Paul Molac diputatuak ohartarazi zuenez, horretarako tarterik baldin bazuten—eguneko agendan sartuta zegoen, baina edizio hau amaitzeko orduan hasi gabe zeuden artean—. Edonola ere, galdeketaz testu bat aurkeztea bera berritasun bat izan da, eta, modu batera edo bestera, garaipen bat, batez ere bildu duen sostenguarengatik. Geroz eta diputatu gehiago ados baitaude ideia honen inguruan, lege proposamena aurkeztean Molacek esan zuen modura: «Ahotsa eman behar zaie interesik handiena dutenei».
Frantziako Errepublikaren lurralde egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena. Bestetik, Loira Atlantikoa departamendua dago, hegoaldean dagoena; Naoned (Nantes) du hiriburutzat, eta Loirerria eskualdearen parte da. Hain justu, departamendu horretan egin nahiko lukete erreferenduma, Bretainia eskualdean sar dadin. Galdeketaren afera hori geroz eta babes politiko handiagoa biltzen ari da, eta horren erakusle da lege proposamena sinatu zuten 25 diputatuak alderdi askotarikoak direla: Rennaissanceko bederatzi —Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdia da—; PS Alderdi Sozialistako, LFI Frantzia Intsumisoko, Horizonseko eta Modem Mugimendu Demokratikoko hiruna; LR Errepublikanoetako bi; eta EELV Europa Ekologia-Berdeetako eta LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindikoak eta Lurraldeak-eko bana.
Renaissance, kontra
Molacek asteotan esandakoa kontuan hartzen baldin bada, lege proposamenak oposizioko alderdien babesa dauka —diputatuak ez du kopururik zehaztu—, baina ez Renaissance alderdiarena; eta horrek lehen porrota eragin zuen joan den maiatzaren 31n, Frantziako Asanbleako Legeen Batzordeak deliberatu baitzuen ezezkoa eman behar zaiola. Horren ondorioa zera izan da: jatorrizko testuaz eztabaidatzekoak direla Asanblean, eta ez zuzenketak aurkeztu ostean osaturikoaz.
Lege proposamenak ez dio erreferentzia zuzena egiten Bretainia historikoaren kasuari, orokortu egiten baitu asmoa. Zera jartzen du 1. artikuluan: eskualde baten mugakide den departamendu bateko boto emaileei iritzia eskatu ahalko zaie departamendu hori eskualde mugakidean sartzeaz. Hau da, praktikan, Loira Atlantikoa departamenduko herritarrek galdeketa bidez beren jarreraren berri eman ahalko lukete Bretainia eskualdearen parte bilakatzeaz; hori zerrendatu dute, hain justu, testua aurkezteko arrazoietan.
Erwan Balanant Bretainiako diputatu eta Molacekin batera txostenaren egileetako bat denak, gainera, Frantziako Asanbleako Legeen Batzordean adierazi zuen lege proposamenak bide eman nahi duela herritarrek iritzia ematen dezaten «lurralde maparen desegonkortze masiborik eragin gabe».
Bretainia batzeari buruzko galdeketak gero eta babes handiagoa du Asanblean
Bretainia eta Loira Atlantikoa elkartzeaz erreferendum bat egiteko lege proposamena aurkeztu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu