BRASIL

Brasilgo Poliziak 1.200 lagun inguru atxilotu ditu «kanpamentu bolsonarista» desegiteko operazioan

Poliziak ordubeteko epea eman die Bolsonaroren jarraitzaileei armadaren egoitzaren aurreko kanpalekutik erretiratzeko. Auzitegiak kargutik kendu du Brasiliako gobernadorea, 90 egunerako.

Mikel O. Iribar.
2023ko urtarrilaren 9a
11:26
Entzun

Brasilgo presidente ohi Jair Bolsonaroren milaka jarraitzaile ultraeskuindarrek herrialdeko Kongresuaren, presidentetzaren eta Auzitegi Gorenaren egoitzak hartu eta biharamunean, organo nagusi horrek herrialdeko armadari agindu dio desegin ditzala «lurralde nazionalean dauden kanpamentu bolsonarista» guztiak 24 orduko epean. Bada, Poliziak agindua bete du, eta Brasiliako armadaren egoitzaren aurreko kanpalekua inguratu du gaur 07:00etan —11:00k Euskal Herrian—, Folha de Sao Paulo egunkariak baieztatu duenez. Poliziak ordubeteko epea eman die manifestariei duela bi hilabete eratutako kanpamentutik erretiratzeko, eta ohartarazi die atxilo hartuko dituela aginduari men egin ezean. Hedabide horren arabera, kanpamentua desegiteko orduan ez da istilurik izan, eta Polizia ez da oldartu Bolsonaroren aldekoen aurka. Hori bai, CNN Brasilgo telebista kateak Poliziako iturriak aipatuz jakinarazi duenez, gutxienez 1.200 lagun atxilotu dituzte kanpamentua desegiteko operazioan.

Ikusi gehiago: Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo Kongresua hartu dute

Agindu judizialarekin lotuta, Alexandre de Moraes magistratuak nabarmendu duenez, «ezerk ez du justifikatzen agintari zibilek eta militarrek finantzatutako terroristen kanpamentuak egotea, erabat modu subertsiboan eta Konstituzioa inola ere errespetatu gabe». Halaber, epaileak ohartarazi du justiziaren esku utziko dituela indar armatuetako komandanteak eta goi kargudunak, Polizia eta Defentsa Ministerioa, baldin eta kanpaleku horiek kentzen ez badituzte. Gainera, De Moraesek zehaztu du gobernuak gaur «desblokeatu» behar dituela Bolsonaroren jarraitzaileek okupatuak dituzten herrialdeko autobia nagusiak, G1 telebista katearen informazioen arabera.

Bestalde, Auzitegi Gorenak kargutik kendu du Ibaneis Rocha Brasilia Barruti Federaleko gobernadorea, 90 egunerako; zehazki, De Moraesek berak hartu du erabaki hori ere. Epaileak Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentearen eskaera bat aintzat hartu du, argudiatuta hiru egoitzen aurkako erasoa «segurtasun publikoaren eta inteligentziaren agintari eskudunen adostasunarekin bakarrik» gerta zitekeela, baita «parte hartze eraginkorrarekin» ere. Era berean, azpimarratu du «ekintza kolpisten antolaketa gertaera nabarmena eta jakina» zela, eta «Brasilgo prentsak haizatu» duela.

Ikusi gehiago: Lula: «Bolsonaroren erantzukizuna da, eta hari lagundu diotenena»

Bada, Bolsonaroren jarraitzaileek «hiru botereen» aurka eraso egin baino lehenago, Brasiliako Segurtasun agintariek Rocha gobernadoreari jakinarazi zioten manifestariekin «negoziatu» zutela, hiru egoitzen eremura «modu baketsuan» eta «antolatuan» bertaratzeko, Folha de Sao Paulo egunkariak eskuratutako agenteen audio grabazioen arabera. Segurtasun Idazkaritzako bigarrenak Rochari esan zion manifestariak Poliziaren «kontrolpean» jaisten ari zirela armadaren kuartel nagusiaren egoitzatik. Kongresuaren, presidentetzaren eta Auzitegi Gorenaren egoitzetara heldu zirenean, ordea, dena lehertu zen.

Horiek horrela, Auzitegi Gorenak Rocha jo du horren guztiaren erantzule; azken horrek, hain zuzen, ordu batzuk lehenago barkamena eskatu die Lula presidenteari eta botere legegileko eta judizialeko buruzagiei, igande arratsaldean Brasilgo hiriburuan izandako gertakari larriengatik. Rochak, gainera, kargutik kendu du Segurtasun idazkari Anderson Torres; Bolsonaroren agintaldiko gobernuko Justizia ministro izan zen azken bi urteetan (2019-2022), eta agintari ohiaren oso gertukoa da.

Gobernuaren esku hartzea

Atzo eratutako zurrunbiloa ikusita, Brasiliako segurtasun eremuan esku hartzeko dekretua onartu du Lulak, datorren urtarrilaren 31ra arte. Beraz, eskualdeko Polizia gobernu zentralaren kontrolpean egongo da aldi horretan. Presidenteak Bolsonarori egotzi dio halakorik gertatu izana: «Gobernua osatzen ari garen honetan, igandeko isiltasuna baliatu dute egin zutena egiteko. Badakizue hori bultzatu duten presidente ohiaren hainbat diskurtso daudela. Haren erantzukizuna, eta hari lagundu dioten alderdiena», idatzi du Twitterren.

Brasilen 02:00ak zirenean —6:00ak Euskal Herrian—, Lula Sao Paulotik Planalto jauregira joan zen, eta Bolsonaroren jarraitzaile ultraeskuindarrek eragindako kalteak ikuskatu zituen. O Globo egunkariak presidentearen irudiak zabaldu zituen, eta Lulak «terroristatzat» jo zituen eraso horiek. Gainera, Auzitegi Gorenaren instalazioak ere bisitatu zituen, manifestariek egindako txikizioak gainbegiratzeko.

Presidente ohiaren aldekoak kanpaldia egiten ari dira urriaren 30etik Brasilian, urriko hauteskundeetan Lula Bolsonarori nagusitu ostean. Sindikalista izandakoak botoen %50,9 eskuratu zituen bigarren itzulian, eta ia bi punturen aldea atera zion eskuin muturreko hautagaiari (%49,1). Lula urtarrilaren 1ean izendatu zuten presidente, Brasilian egindako ekitaldi jendetsu batean. 2003tik 2011ra presidente izandakoa 2023ko lehen egunean itzuli zen Planalto jauregira.

Ikusi gehiago: Lula: «Maitasuna gorrotoari gailendu zaio»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.