Brasilgo Amazoniako deforestazioa erdira apaldu zen iaz

Ingurumen Ministerioak emandako datuen arabera, kopurua 2018tik joan den urtera arteko txikiena da. Lulak 2030erako amaitu nahi du legez kanpoko baso soiltzea.

(ID_13156751) BRASIL AMAZONÍA
Sute bat Manaquirin, Brasilgo Amazonas estatuan, joan den irailean. RAPHAEL ALVES / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 15a
14:10
Entzun

Brasilgo presidente gisa bigarren aroa hasi zuen iaz Luiz Inacio da Silva Lula-k, eta jada nabari da haren gobernuaren eragina: besteak beste, ingurumenaren zaintzaren arloan. Kargu horretan urtebete egin duen honetan, Lulak albiste on bat jaso du: Brasilgo Amazoniako deforestazioa erdira apaldu zen iragan urtean, 2022ko datuekin konparatuta.

INPE Espazioko Ikerketaren Brasilgo Institutuak jasotako eta Ingurumen Ministerioak jakinarazitako atariko datuen arabera, 2023an 5.153 kilometro koadro oihan suntsitu zituzten, eta duela bi urte 10.278 kilometro koadro izan ziren; hau da, aldea %49,9koa da. Are, iazko kopurua 2018tik honako txikiena da, eta horrek frogatzen du, ministerio horren ustetan, gobernua norabide onean doala Lulak finkaturiko helburua betetzeko: 2030erako amaitzea legez kanpoko baso soiltzea.

Satelite bidezko irudietan oinarrituta, unean uneko egoeraren berri jasotzen dute INPEn. 2016an hasi ziren datuak ematen, eta deforestaziorik handiena 2019 eta 2022 artean neurtu zuten; hain justu, Jair Bolsonaro presidente izan zen legegintzaldian —2022an jo zuen goia baso soiltzeak—. Lulak argi utzi zuen, hasiera-hasieratik, joera hori aldatu nahi zuela, eta horren harira aurkeztu zituen, iragan ekainean, baso soiltzeen aurkako zigor gogorragoak eta 30.000 kilometro koadroko eremu babestu bat sortzea jasotzen duen araudia.

Horrekin batera, lan «erabakigarria» egiten ari da, Marina Silva Ingurumen ministroaren ustetan, Ibama Ingurumenaren eta Natura Baliabide Berriztagarrien Brasilgo Institutua. Ibama gainbegiratze lanaz arduratzen da, eta iragan urtean deforestazioaren zerikusia zuten arau hauste gehiago jakinarazi zituen: %106 egin zuen gora kopuru horrek, 2019 eta 2022 arteko batez besteko datuarekin alderatuta.

Eta horrek guztiak, gainera, isla izan du isurietan ere; zehazki, 250 milioi tona karbono dioxido isurtzea galarazi du. Deforestazioa isuri horien %20ren erantzule da, gutxi gorabehera: zuhaitz bat mozten den bakoitzean, xurgatu duen karbono dioxidoa askatzen du.

Lularen politikak

Carbon Brief Erresuma Batuko klima ikerketetarako zerbitzuak eskatuta, Lula presidentetzara iristeak Amazonian nolako ondorioak izan ditzakeen ikertu zuten zenbait zientzialarik. Haien arabera, 2030erako %89 txikiagoa izango da deforestazioa Bolsonarok berriz irabazi balu baino; horrek esan nahi du Brasilgo estatuburuaren gobernuak galaraz dezakeela Amazoniako 75.960 kilometro koadro oihan desagertzea.

Amazonia munduko oihanik handiena da, eta baso horren %60 Brasilen kontrolpeko eremuan dago; gainera, milioi bat indigena bizi dira eremu horretan, baita hiru milioi animalia eta landare espezie ere. Hortaz, Lularen eta haren gobernuaren lankidetza erabakigarria da deforestazioa amaitzeko.

Baso soiltzeez gain, Amazoniarekin zerikusia duten beste erronketako bat da bero oldeen eta lehorteen eragina ezereztea, batez ere suteei dagokionez —behin-behineko datuen arabera, iaz ugaritu egin ziren, 2022koekin konparatuta—. Munduko Meteorologia Erakundeak eta Copernicus Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak atzo ohartarazi zuten arrisku horretaz, eta joan den urrian Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaraturiko ikerketa baten emaitzak oroitarazi zituzten: fenomeno horiek, besteak beste, suteak elikatzeaz gain, airearen kalitatea okertzen dute.

Suteak gehitzeak, hortaz, zaildu egin du deforestazioa amaitzeko helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.