Brahim Ghali aukeratu du Fronte Polisarioak SEADeko presidente

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko buruak babes zabala jaso du. Abdelaziz presidentea zenaren bidetik joko du, baina politikak gogortzearen aldekoa da egoera aldatzen ez bada

Brahim Ghali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea. BERRIA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Mohamed Abdelaziz SaharakoErrepublika Arabiar Demokratikoko presidente zendu berriak, hitz hauek egin zituen Brahim Ghaliri buruz Fronte Polisarioaren arduradun politiko egin zutenean, iaz: «Egoera berezi honetan ardura hau bere gain jartzen dugu, bere ibilbideak aski erakutsi dituelako dauzkan bertuteak. Kontuan hartu ditugu herriaren aurrean eta erakunde politikoaren aurrean. (...) Eta irabaziko duzue». Brahim Ghaliri egokituko zaio hemendik aurrera Abdelazizek aipatzen zuen «egoera bereziari» aurre egitea. Polisarioaren babes zabala izan du kongresuan. Independentzia eta subiranotasuna ezartzeko borondatea, indarra eta plangintza lelopean elkartu dira 2.500 ordezkari, giza eskubideen aldeko ekintzaileekin batera.

Polisarioko idazkari berriaren lehen erronka garrantzitsua hil honen amaieran izango da; orduan erabakiko baitu NBEk Minursoren misioarekin jarraituko duen. Lurralde okupatuetan autodeterminaziorako erreferenduma antolatzea da misio horren helburu nagusia, baina azken urteetan geldirik dago Marokok jarritako oztopoen ondorioz —joan den martxoan bertan misioko ordezkari zibilak kanporatu zituen hark, «partzialak» zirela argudiatuta—.

Smaran jaio zen Ghali 1949an, eta bizitza osoa jardun du bere herriaren independentziaren aldeko borrokan. Fronte Polisarioko kide historikoa da. Erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta presidente aukeratu aurretik erakundearen antolaketa politikoaren arduradun izan da.

1969an batu zen, besteak beste,Abdelazizekin batera Fronte Polisarioa izango zena sortzeko taldera. Lehen idazkari nagusi aukeratu zuten, eta 1970eko manifestazio ezaguneko buruzagietako bat izan zen. Espainiako armadak gogorki zapaldua. Gau horretan bertan atxilotu zuten. eta urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten espainiarrek, ekintza politiko subertsiboagatik. Handik hilabete batzuetara atxilo hartu zuten berriz, eta zaintzapean itxita egon behar izan zuen denbora askoan. Baina, hala ere, parte hartu zuen Polisarioaren sorrerako bileretan, 1973an.

El-Uali Mustafa Saied lider historikoari eman zion idazkaritza nagusia 1974an, eta Herri Sahararraren Askapenerako Armadaren zuzendaritza hartu zuen. Marokoren Martxa Berdearen eta Madrilgo akordioen ostean, hamahiru urtean gidatu zituen ekintzaileak Mauritaniaren eta Marokoren aurka. 1991n su-etena aldarrikatu eta autodeterminazio eskubidearen alde elkarrizketa prozesua abiatu ondoren, 1999an Polisarioaren Espainiako ordezkari izendatu zuten, eta 2008an Aljeriako enbaxadore. Abdelaziz gaixotu zenean gobernuko funtzioetan sartu zen buru-belarri.

Aurrerantzean, Mohamed Abdelazizek utzitako tokia beteko du. Abdelaziz maiatzaren amaieran hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz. El-Uali Mustafa Saieden Fronte Polisarioko sortzailea ekintza militar batean hil ostean hartu zuen Abdelazizek haren lekukoa, 1976. urtean.

Erronkak

Su-etena sinatu eta 25 urtera, autodeterminaziorako erreferendumak gauzatu gabe dago oraindik. Egungo politiken jarraipenaren bermatzailea da Ghali, baina politika horiek aldatzeko eta gogortzeko gai ere bada, gazte askok eskatzen duten moduan, egoera aldatzen ez bada. Oso kritikoa da nazioarteak orain arte erakutsi duen jarrerarekin, eta ez du erabat baztertzen borroka armatura itzultzea, agintariek Marokoren politikak aldatzeko ahaleginik egiten ez badute. Izan ere, Rabatek urteak daramatza NBEren ordezkarien lana oztopatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.