PAKISTAN

Bozen emaitzak ikusita, Pakistanen koalizio gobernu bat osatu beharko dute

Khan lehen ministro ohi kartzelatuaren aldeko zerrenda batek irabazi ditu hauteskundeak, baina gehiengoa lortu gabe. Irregulartasunak egon direla salatu dute haren jarraitzaileek.

PAKISTAN. HAUTESKUNDEAK.
Khanen aldeko herritarrak Peshawarren, gaur. ARSHAD ARBAB / EFE
Igor Susaeta.
2024ko otsailaren 10a
18:30
Entzun

Imran Khan lehen ministro ohi (2018-2022) kartzelatuaren aldeko hautagai independenteen zerrenda batek irabazi ditu Pakistango hauteskunde orokorrak. Ostegunean egin zituzten, eta oraindik ez dute zenbaketa bukatu; beraz, zehaztu gabe dago noren esku geratuko diren Asanblea Nazionalean jokoan jarritako 265 aulkietatik sei. Khanen ingurukoen hautagaitzak 97 bereganatu ditu, Nawaz Xarif lehen ministro izandakoaren (1990-1993, 1997-1999 eta 2013-2017) PML Pakistango Liga Musulmanak 75, Bilawal Bhuttoren PPP Pakistango Alderdi Popularrak 54, eta besteek 33. Behe ganberan gehiengoa edukitzeko eta, horrenbestez, lehen ministro izan ahal izateko, 133 eserleku behar dira.

Hori bai, Khanen jarraitzaileek salatu dute irregulartasunak egon direla hauteskundeetan, eta boto gehiago eduki beharko lituzketela. Horregatik, kalera atera dira protesta egitera. Nazioarteak, oro har, irregulartasun salaketak ikertzeko eskatu die gehien populaturiko herrialdeetan bosgarreneko agintariei —250 milioi inguru, eta 128k zuten bozkatzeko aukera—. Khanek X sare sozialean kaleratu duen bideo batean —adimen artifizialaren bidez egindakoa— nabarmendu du «bi hereneko gehiengoa» lortu dutela. Zenbakiek, ordea, ez dute hori adierazten.

Eta bere alderdia indarrik bozkatuena izan ez den arren, koalizio gobernu bat osatzeko deia egin die Xarifek gainontzekoei; Bhutto Atzerri ministro ohiari (2022-2023) egindako deia da, batez ere. 2022ko apirilean Khan zentsura mozio baten bidez kargugabetua izan ondoren, PMLk eta PPPk behin-behineko koalizio gobernu bat osatu zuten. Bhuttok hauteskundeen aurretik iradoki zuen ez zuela Xarifekin batera gobernatuko, baina, Pakistango telebista katean batean gaur adierazi duenez, ez dio aukera horri aterik ixten. Esan du behin betiko emaitzak eduki ondoren bilduko direla beste alderdiekin, baina konturatuta dago gontz alderdiaren rola jokatu dezakeela.

PAKISTAN. KHAN. HAUTESKUNDEAK.
Khanen aldeko jarraitzaileak haren argazki batekin, gaur, Karatxin. EFE

Xarifek ez zuen espero Khanek emaitza hain onak lortuko zituenik, kontuan hartuta sei hilabete daramatzala espetxe militar batean. Xarif zen, nolabait, estatu egituren hautagaia. Ustelkeria leporatuta, 2018an hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta urtebete geroago Londresera erbesteratu zen. Iazko urrian itzuli zen, ez dute atxilotu, eta, aurrez bizi guztirako inhabilitatua ere izan bazen, haren anaia Xahbaz lehen ministro izan zen garaian (2022-2023) legedia moldatu zuten inhabilitazioa bost urtera murrizteko.

Helegiteak

PTIkoek iragarri dute auzitegietan helegiteak jarriko dituztela, iruditzen baitzaie hauteskundeak manipulatuak izan direla. PTIk ezin izan du, berez, bozetara alderdi gisa aurkeztu, Auzitegi Gorenak debekatu egin ziolako duela hilabete inguru, beren primarioetan irregulartasunak egon zirela argudiatuta. Beraz, independente moduan aurkeztu dira.

Eta horiek horrela, Khanek bideoan azpimarratu du «errepresioa eta bidegabekeriak» gorabehera hauteskundeak irabazi dituztela. Kriket izarra izandakoaren aurkako ehun auzibide baino gehiago daude zabalik, eta azkeneko ia bi urteotan, kargugabetu zutenetik, hiru zigor ezarri dizkiote; azkenekoa hamalau urtekoa, ustelkeriagatik.

12

Bozetan hildakoak. Pakistango armadak jakinarazitakoaren arabera, hauteskunde egunean hamabi pertsona hil zituzten; gehienak, estatu indarretako kideak. Gainera, 39 pertsona zauritu ziren 50 bat erasotan; batik bat, Iranekin eta Afganistanekin muga egiten duen Balutxistan eskualdean gertatu ziren.

2018an kargua hartu zuenean, mahai gainean jarri zuen bere asmoa zela herrialdeko estatu egiturei leporatzen dien adiskidekeria eta ustelkeria bukatzea. Eta, hain justu, bai armadari, baita establishment-ari ere aurpegiratu die bere hautagaitza oztopatu nahi izatea.

Nolanahi ere, azken egunetan herrialdean gertatzen ari dena ez da ezohikoa. Izan ere, 1949an independentzia lortu zuenetik politikoki herrialde ezegonkorra izan da arma nuklearrak dituen bederatzietako bat. Esaterako, bi estatu kolpe gertatu dira, eta denera lau militar egon dira boterean —azkena Pervez Musharraf jenerala, 1999tik 2007ra—. Ezegonkortasun horren erakusgarri da, gainera, lehen ministro bakar batek ere ezin izan duela bost urteko agintaldi bat osatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.