Bozak irabazita, Bangladeshko lehen ministro karguari eutsiko dio Xeikh Hasinak

Awami Ligak aulkien gehiengo osoa mantendu du, behin-behineko emaitzen arabera. Oposizioak boikot egitera eta bi eguneko grebara deitu izanaren harira, beherakada handia izan du parte hartzeak: herritarren %40k bakarrik eman du botoa.

(ID_13467265) BANGLADESH CHHATRA LEAGUE ANNIVERSARY
Bangladeshko lehen ministro eta Amawi Ligako buru Xeikh Hasinaren aldeko manifestazio bat, ostegunean, Dhakan. MONIRUL ALAM/EFE
maddi iztueta olano
Bangladesh
2024ko urtarrilaren 8a
12:00
Entzun

Beste behin, aginte makilari eutsiko dio Bangladeshko lehen ministro Xeikh Hasinak, atzo herrialdean egin zituzten parlamenturako hauteskundeen behin-behineko emaitzen arabera: 299 eserlekuetatik 223 eskuratu ditu Hasinaren Awami Liga alderdiak —denera 350 eserleku daude ganberan, baina bozetan ez zeuden guztiak jokoan—. Dena dela, azken urteetako parte hartzerik txikiena izan zen atzoko bozetan. Bangladeshko Hauteskunde Batzordeak emandako datuei erreparatuta, herritarren %40k soilik eman zuten botoa, 2018ko bozetan eman zutenen erdiek (%80,2).

Edonola ere, espero zen parte hartzea aurreko bozetakoa baino txikiagoa izatea, joan den ostegunean bozak oztopatzeko eta horiei boikot egiteko, eta bi eguneko greba orokorra egiteko deia egin baitzuen oposizioko BNP Bangladeshko Alderdi Nazionalistak. Oposizioak uste du bozak ez direla «askeak eta bidezkoak» izan, eta, besteak beste, Hasinaren gobernuari leporatzen dio entzungor egin izana hauteskundeak gainbegiratzeko barne batzorde bat sortzeko eskaerari. Gainera, salatu dute Bangladeshko Poliziak oposizioko 24.000 kide baino gehiago atxilotu dituela bozak egin aurreko hilabeteetan; horietatik gutxienez hamar hil egin dira kartzelan zeudela.

«Gobernuak milioika taka erabili ditu botoak erosteko, eta, euren aldeko botoa eman ezean, laguntza ekonomikoak murriztearekin egin die mehatxu herritarrei», esan du BNPko bozeramaile eta idazkari nagusi Ruhul Kabir Rizvik. Halere, eskerrak eman dizkie bozkalekuetara joan ez diren herritar guztiei, egun agintean dagoen gobernuarengan «konfiantzarik ez» dutela erakustearren. Horiek hala, greba orokorra beste bi egunez luzatzeko deia egin du gaur alderdi horrek, eta hauteskundeak berriz egiteko eskatu du.

«Xeikh Hasinak izan duen garaipenak areagotu egiten du hauteskunde prozesu osoaren inguruan dagoen kezka».

TARIQUE RAHMAN BNPko presidentea.

Denera, 28 alderdi politikotako 1.900 hautagai aurkeztu dira bozetara, horietatik ia hiru laurden Awami Ligako kideak. Halere, herrialdeko 62 alderdik, elkartek eta gizarte mugimenduk egin dute bat oposizioaren greba eta boikot deialdiarekin. «Xeikh Hasinak izan duen garaipenak areagotu egiten du hauteskunde prozesu osoaren inguruan dagoen kezka» idatzi zuen bart X sare sozialean BNPko presidente Tarique Rahmanek.

Herrialdeko bi alderdirik handienak izanik, BNP eta Awani Liga 30 urtez txandakatu dira agintean. Hasina 2009tik da lehen ministroa —1996 eta 2001 bitartean ere izan zuen kargu hori—, eta parlamentuan gehiengo nabarmenari eutsi dio ordutik. Iruzurra salatuta, BNPk boikoterako deia egin zuen 2014ko bozetan, eta, horrenbestez, lau urtez egon zen ordezkaritza parlamentariorik gabe.

Protestak eta istiluak edonon

Lidergo «autoritarioa» izatea, iruzurra egitea eta zenbait gutxiengoren giza eskubideak urratzea egozten diote Hasinari oposizioak eta Asiako zein nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakundek; hala nola HRW Human Rights Watchek. Hauteskundeen data gerturatu ahala, udatik hona protesta jendetsuak egin dituzte Bangladeshen, eta giroa are gehiago berotu da egunotan.

Bozen atarian, milaka lagun irten ziren Dhakako eta herrialdeko beste hainbat hiritako kaleetara. Horiek uxatzeko, negar gasa eta gomazko pilotak erabili zituen Poliziak, eta dozenaka herritar zauritu eta beste hainbeste atxilotu zituen. Gobernuak emandako datuen arabera, armadako eta Poliziako 800.000 agente eta soldadu inguru daude kaleetan, eta gutxienez etzi arte izango dira.

Bestalde, bi gertakari larri izan ziren herenegun: batetik, hiru lagun hil ziren Dhakatik gertu, tren batek su hartuta; eta, bestetik, hainbat hautetsontzi erre zituzten. Eraso horiek ikertzen ari da Polizia, baina dagoeneko oposizioko zenbait kide atxilotu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.