Milo Djukanovic Montenegroko presidentearen DPS Alderdi Demokratiko Sozialistak irabazi zituen igandean egin ziren Montenegroko Parlamenturako hauteskundeak, baina ez zuen berretsi azken urteetako nagusitasuna, eta nabarmen boto gutxiago lortu zituen agintean den alderdiak, boterea galtzeko aukera izateraino. Hori dela eta, herrialdeko agertoki politikoa bira bat emateko atarian egon liteke.
Boto guztiak zenbatuta, DPSk horien %35,06 lortu ditu, 2016ko hauteskundeetan bildutako babesa baino sei puntu gutxiago, Montenegroko Hauteskunde Batzordeak atzo jakinarazi zuenez. Gertutik jarraitzen dio, botoen %32,55 eskuratuta, Montenegroren Etorkizunaren Alde oposizioko koalizioak. Hirugarren eta laugarren postuan, berriz, Bakea da Gure Nazioa eta Beltza Zuriaren Gainean zentro ezkerreko aliantzak geratu dira, botoen %12,55 eta %5,53 bilduta, hurrenez hurren; oposizioko alderdiak dira horiek ere.
Montenegroko Hauteskunde Batzordearen arabera, oposizioko hiru alderdi nagusien aliantza batekin parlamentuko 81 eserlekuetatik 41 batu ditzakete, eta, horrela, egungo gobernua boteretik kendu; horien arteko negoziazioak, halere, konplexuak izan daitezke, nahiz eta akordio bat erdiesteko prest agertu diren alde guztiak. DPSrentzat kolpe latza litzateke boterea galtzea, azken 30 urteetan agintean egon baita. Balkanetako herrialde horretan azken hamarkadetan izandako hauteskunderik lehiatuenak izan dira aurtengoak.
Lehen emaitzak jakin ostean, garaipena aldarrikatu zuen Montenegroren Etorkizunaren Alde oposizioko buru Zdravko Krivokapicek, eta adierazi «askatasuna» iritsi dela herrialdera. Haren jarraitzaileak kalera irten ziren emaitzak ospatzera. Era berean, oposizioko beste bi koalizioek ere «historikotzat» jo zituzten bozetan lortutako emaitzak
Orain, ikusi beharko da hiru bloketan banatuta dagoen oposizioko alderdien arteko elkarrizketek zer-nolako norabidea hartzen duten, ados jarri eta Djukanovicen DPS alderdi europazalea boteretik kentzea helburu izanik. Montenegroren Etorkizunaren Alde da oposizioko koalizio nagusia, eta serbiar eta errusiazale nazionalistak dira nagusi; emaitzen arabera, 27 eserleku izango lituzke. Beltza Zuriaren Gainean, aldiz, Europaren eta Mendebaldearen aldekoa da, eta desadostasun horietan nabari daiteke negoziazio prozesuak izan ditzakeen zailtasunak. Halere, hitz egiteko prestasuna eta akordio bat egiteko nahia adierazi zuten denek, eta, okerrik ezean, DPS agintetik kenduko lukeen aliantza bat osatuko dute. Hala, gobernu tekniko bati bide emateko aukera iradoki zuten, adituz osatua eta lehentasun jakin batzuk betetzean zentratua.
Horrez gainera, oposizioko buruzagiek gutxiengo etnikoen alderdiei eskatu zieten gobernu berri batera batzeko. Krivokapicek adierazi zuen «adiskidetzearen» aldeko urratsa egin nahi zuela: «Gutxiengoan dauden alderdiei gerturatzeko eskatzen diegu. Ezin dugu Montenegro berri bat eraiki haiek gabe». Haren esanetan, gobernu «tekniko» baten eraketa da proposamena, eta indarraldi mugatua izango du. Gainerako oposizioko indarrek Serbiarekin eta Errusiarekin harremanak hobetzeko duten prestasunari dagokionez, Krivokapicek onartu egin zuen asmoa. «Montenegrok duela gutxira arte harreman estrategikoak izan ditu bi herrialde horiekin», gaineratu zuen.
Parlamenturako hauteskundeak koronabirusaren pandemiaren erdian egin baziren ere, parte hartzea ia %76,68koa izan zen, aurreko bozetan baino handiagoa.
Mendebaldeko Balkanetan biztanle gutxien dituen estatua da —620.000—, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide da 2017tik. 2025. urterako EB Europako Batasunean sartzea du xede. Hauteskundeetako kanpainan, Montenegroren Etorkizunaren Alde koalizioak esan zuen ez duela herrialdearen ibilbide euroatlantikoa aldatzeko asmorik.EBko kide izateko, Bruselak erreformak egiteko eskatzen dio Podgoricari; besteak beste, ustelkeriaren, klientelismoaren eta krimen antolatuaren aurkako neurriak hartuz.
Zaplaztekoa
DPSk bildu zuen boto gehien, baina bozetatik kaltetuen atera zen alderdia ere izan zen. Djukanovicek jasandako beherakada eta oposizioko alderdien indartzea dira horren erakusle.
Montenegroko hauteskundeak 2019 amaieran sortu ziren tirabiren artean egin ziren. Lege polemiko bat onartu zuen orduan gobernuak: komunitate erlijiosoen jabetzak estatuaren ondasun izendatzea aurreikusten zuen, eta Montenegron nagusi den Serbiako Eliza ortodoxoa horren aurka agertu zen. Legea arbuiatzeko protesta egitera atera ziren milaka herritar, eta mobilizazio horietara batu ziren «elite politikoaren ustelkeriari, klientelismoari eta gobernatzeko modu autokratari» erantzun irmoa emateko eskatzen zuten herritarren ahotsak.
Bozak irabazi arren, agintea gal dezake Djukanovicen alderdiak
Montenegroko oposizioa koalizioa egiteko prest agertu da: 81 eserlekuetatik 41 batu ditzake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu