Tentsioak eztanda egin du Ekuatore Ginean, hautetsontziak irekitzeko ordu gutxi gelditzen direla. Bihar hautatuko dute herritarrek presidentea datozen zazpi urteetarako. Teodoro Obiang Nguemak 73 urte ditu, eta, estatu kolpea eman ondotik, bizi erdia darama boterean: 36 urte. Ez dirudi inork aurre egingo dionik. Are gutxiago, oposizioko lider Gabriel Nse Obiangen egoera ikusita. «Nire bila datoz, eta hil egin nahi naute». Nse Obiangek, laguntza eske, Efe agentziari telefonoz atzo esandako hitzak dira.
Militarrek bere alderdiaren egoitza nagusia setiatu zuten atzo Malabon; Nse Obiang barruan ezkutatu zen, hainbat jarraitzaileren babesean. Telefonoz kontatutakoaren arabera, armada tiroka hasi zen, eta dozenaka jarraitzaile zauritu zituzten —bat, larri—. Oposizioko burua armadaren asmoez mintzatu zen: «Sinetsita nago haien asmoa alderdiaren egoitza suntsitu eta ni akabatzea dela». Erasoen ostean, Espainiako eta AEBetako diplomazialariak sartu ziren egoitzan.
Ez da istilu larri bakarra izan, azken asteetan jomugan izan baitu gobernuak oposizioko alderdi nagusia, CI Berrikuntzaren aldeko Herritarrak. Herenegun, Bata hirian ehunka jarraitzaile atxilotu zituen Poliziak, eta asko eta asko torturatuak izan direla salatu du alderdiak zabaldutako komunikatuak. CIk bozak boikotatzeko deia zabaldu zuen, uste baitu PDGE Ekuatore Gineako Alderdi Demokratikoaren «lapurretaren» ondotik, herrialdeak «diktadurapean» jarraituko duela.
Halere, ekuatoreginearrek ez dute aukerarik izango CI alderdiaren papertxoa hautetsontzietan sartzeko; alderdien legeak Nse Obiangen hautagaitza baliogabetu zuen, «herrialdean sustrairik ez izateagatik». Konstituzioak exijitu egiten die presidentegaiei azken bost urteak Ekuatore Ginean bizitzea. Baldintza hori ez du betetzen, ordea, Nse Obiangek, hamahiru urtez egon baitzen erbesteratuta Espainian, harik eta 2014ko uztailean sorterrira bueltatzeko aukera izan arte.
Petrolioaren diktadura
Teodoro Obiang Nguemak 1979. urtean eman zuen estatu kolpea, herrialdeak Espainiarekiko independentzia lortu eta 11 urtera.Haren osaba Francisco Maciasen fusilamenduarekin iritsi zen boterera. Afrikako herrialdeen artean, per capita errentarik handiena du Ekuatore Gineak, batik bat urre beltzari esker; 300.000 petrolio kupel esportatzen ditu egunero. Aberastasuna, ordea, gutxiren eskuetan dago banatuta. Botere horren zati handi baten jabe da, hain zuzen ere, Teodoro Obiang, eta horretaz baliatu da, nazioarteko isiltasunarekin batera, herrialdeko jauntxo bihurtzeko. 1995. urtean herrialdean egindako udal hauteskundeak dira adibide garbia: orduko hartan, POC oposizioko plataforma bateratuak irabazi zituen bozak, 30 udalerritatik 18tan. Teodoro Obiangek emaitzak errefusatu eta boto kontaketa geldiarazi zuen. Espainiarekin negoziatu ostean, zazpi herritan lortutako garaipena besterik ez zioten aitortu oposizioko plataformari.
Prentsa askatasunik ere ez dago. Kate publikoaren zein pribatuen jabea Teodorin Obiang da, presidentearen semea. Aitak behin baino gehiagotan adierazi du Ekuatore Gineako Gobernuaren boterea semearen eskuetan utziko duela. Oraingoz, aitak beste zazpi urte eman nahi ditu agintaldian, eta uste osoa du lortuko duela. Batako kanpaina amaieran esandako hitzak: «Bozen %90 baino gehiago lortuta irabaziko ditut hauteskundeak».
Bozak, atxikita bezperatik
Ekuatore Gineako oposizioko burua setiatu dute militarrek, eta hilko duten beldur da. Teodoro Obiang presidenteak 36 urte daramatza boterean, eta zaila dirudi biharko hauteskundeak galtzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu