Vladimir Putinek irabazi ditu Errusiako presidentetzarako hauteskundeak, inoiz baino babes handiagoa lortuta, eta, horrenbestez, gutxienez 2030era arte Kremlinen jarraitzeko moduan da. Hauteskunde batzordeak emandako datuen arabera, botoen %87 bildu ditu. 1991z geroztiko parte hartzerik handiena izan da bozetan, %74koa, eta, Putinen beraren arabera, Ukrainako gerrak bultzatu ditu herritarrak hauteslekuetara: «Gure herritarren interesak armekin defendatzera behartuta gaude literalki, eta parte hartzea horrekin lotuta dago». Giza eskubideen aldeko zenbait erakundek eta Mendebaldeak oro har, bestalde, salatu dute irregulartasunak izan direla.
1999an heldu zen Putin Kremlinera, eta hor jarraitzen du —2008tik 2012ra lehen ministro izan zen—. Bost aldiz irabazi ditu hauteskundeak: 2000n (%52), 2004an (%71), 2012an (%63), 2018an (%76) eta orain. Aurrekari horiek, Kremlinek oposizioaren inguruan duen jarrera eta herrialdeko jokaleku politikoa kontuan hartuta, ziurtzat jotzen zen Putinen garaipena, eta ikusteko zegoen zein hautagai izango zen bigarren. Nikolai Kharinotov Alderdi Komunistakoa geratu da postu horretan (%4), Vladislav Davankov zentro-eskuinekoa hirugarren (%3), eta Leonid Slutski laugarren (%3). Horietatik, Davankov baino ezin daiteke gerraren kontrakotzat jo.
Ikusi gehiago
Eta Ukrainako gerraren harira, atzo, garaipena ospatzeko jarraitzaileen aurrean egindako ekitaldi batean, Putinek nabarmendu zuen bere hurrengo agintaldiaren egiteko nagusietako bat zera izango dela, armadaren gaitasunak handitzen segitzea. Hizpide hartu zuen, gainera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin konfrontazio bat edukitzeko aukera: «Uste dut dena dela posible mundu modernoan... Uste dut mundu guztiak dakiela hirugarren mundu gerra bat izateko zorian egongo litzatekeela. Esango nuke inori ez zaiola hori interesatzen». Frogarik eman gabe erantsi zuen Mendebaldeko aliantza militarreko herrialdeetako soldaduak Ukrainan ari direla borrokatzen, eta horietako «asko» hiltzen ari direla.
Oposizioko kiderik gabeko bozak izan dira. Hainbat arrazoi tarteko, ez da egon, adibidez, Ukrainako gerraren kontrako jarrera argia zuen hautagairik —iturri ofizialen arabera, xehetasun teknikoak eta forma akatsak direla medio—. Boris Nadezhdinen hautagaitza, esaterako, baliorik gabe utzi zuen hauteskunde batzordeak, argudiatuta aurkeztu ahal izateko gutxienez beharrezkoak diren 100.000 sinadurak bildu beharrean 95.000 bildu zituela. Eta azken urteetan Putinen kontrako protesta handienen atzean egon den aktibista, Aleksei Navalni, otsailaren 16an hil zen, espetxe batean.
74Atxilotu kopurua. OVD-Info gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuen arabera, atzo, hauteskundeen hirugarren egunean, 74 pertsona atxilotu zituzten Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka Errusian egindako protestetan.
Kolapsorik gabe
Hain zuzen, Navalnik berak hil aurretik deituta, haren jarraitzaileek Putinen kontrako eguerdia protesta ekintza egin zuten atzo eguerdian. Haien xedea zen hauteslekuetara masiboki jotzea, eta horiek kolapsatzeko ahalegina egitea. Errusian dituzten berriemaileen informazioa baliatuta nazioarteko hedabideek kaleratu dutenez, ekintza horrek, oro har, ez zuen erantzun handirik eduki.
Hauteskunde batzordeak ukatu egin ditu irregulartasunak —ez zuen mendebaldeko begiralerik gonbidatu bozen prozesua gainbegiratzeko—, baina Errusiako aditu batzuek eta erbestetik lan egiten duten hango hedabideek salatu dute izan dela irregulartasunik. Mendebaldeko gobernu batzuek ere gauza bera egin dute. John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramailearen esanetan, «argi» dago hauteskundeak ez direla izan ez «bidezkoak ez garbiak». Hori justifikatzeko, atzo egindako agerraldi batean adierazi zuen Putinek oposizioko kideak kartzelatu dituela eta beste batzuei aurkeztea eragotzi diela.
Ikusi gehiago
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen esanetan, Errusiako azken hauteskundeek ez dute zilegitasunik, eta diskurtso batean Putini egotzi dio «botere mendekotasuna» edukitzea. Alemaniako Atzerri Ministerioak X sare sozialean idatzi du «sasi-hauteskundeak» izan direla Errusiakoak, eta azpimarratu Errusiak Ukrainan okupatuak dituen lurraldeetako —Krimea, Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Kherson— emaitzak «baliogabeak» direla, eta Mosku, modu horretan, «berriro» ari dela nazioarteko zuzenbidea urratzen.
Kontrara, Txinak, Venezuelak, Ipar Koreak, Kubak, Iranek eta Boliviak, besteak beste, Putin zoriondu dute lortu duen garaipenagatik.
Navalni beste preso batzuengatik trukatzeko prest zeuden
Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo jakinarazi zuen Aleksei Navalni oposizioko kidea joan den otsailaren 16an kartzela batean hil baino egun batzuk lehenago hura beste preso batzuengatik trukatzeko prest zegoela. Hain zuzen, azkeneko asteetan hori plazaratu izan dute Putinen kontrako aktibista zenaren ingurukoek. Kremlineko buruak azaldu zuenez, administraziokoa ez den pertsona batek proposatu zion Navalni Europako herrialdeetan espetxeratuta zeuden errusiar batzuengatik trukatzea. «Baldintza bat jarrita onartu nuen: trukatzen badugu, ez dadila berriro itzuli. Baina bizitza horrelakoa da». Putinek aurrenekoz aipatu zuen Navalniren izena jendaurreko agerraldi batean.