Boxeo eskola bat, errefuxiatu gune batean

Nah Ali Bahek egunero janzten ditu eskularruak. Begi ilun eta tristeko mutiko azkarra eta gihartsua da, eta kolpeka kanporatzen du barne amorrua, herri oso batena izan zitekeena: sahararrena. Basamortuan gaude. Tindufen. Munduko errefuxiatu gune zaharrenean. Boxeo eskola batean.

Nah Ali Bah, entrenatzen. PABLO GARCIA.
Pablo Garcia.
Tinduf
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Resistir y vencer (Eutsi eta irabazi). Horixe irakur daiteke aurrealde grisaren ezkerraldean, letra larri eta urdinez pintatuta, baita barruan ere, beltzez, behin egurrezko ate zaharra zeharkatuta, ringaren erdian, eta paretan, Boxeo Eskola dioen kartelaren azpialdean. Tindufeko boxeo eskolak bere egin du sahararren borroka leloa, jaioterritik erbesteratu behar izan zutenetik, 1976an, errefuxiatuta bizi den herri honek beti presente dituen bi hitz horiek: iraun eta irabazi. Nah Ali Bah gazteak pentsamendu horrekin janzten ditu egunero eskularru gorriak, eta pentsamendu horrekin ematen dizkio kolpeak zorroari. Aljeriako basamortu honetan jaio zen, duela 15 urte, eta bere barne amorrua bere herri osoarena balitz bezala kanporatzen du, beso gihartsuekin, kolpeka, begirada tinkoz, zorroa etengabe joaz eta joaz.

Sergio Fiorenzano irakasleak dioenez, boxeolari aparta izateko ezaugarriak ditu: «Fisikoki oso indartsua da, mutiko heldua eta azkarra, baina emozionalki gabezia handiak ditu, eta eskolako begirada tristeena dauka; dena esaten du begi ilun horiekin». Nah Ali Bahrena ume saharar askoren bizitza da, tristeagoa edo alaiagoa, denek dutelako erbestearen zauria. Bah munduko errefuxiatu gune zaharrenean jaio zen, basamortuen basamortuan, lur antzu eta idorrean, Tindufen, Aljerian. Eta gurasoen bidez entzun du ezagutzen ez duen jaioterriaz, okupatutako hiriez, itsasoa duen lurraldeaz, Mendebaldeko Saharaz.

Elkartasuna

Smarako wilayan dago boxeo eskola. Sergio Fiorenzano italiarrak proiektu honen bidez gauzatu du herri honekiko elkartasuna: «Saharako maratoian izan nintzen 2015eko otsailean, eta hiru hilabete geroago zabaldu genuen boxeo eskola, maiatzean, eta aurki beste eskola bat zabalduko dugu Aaiunen». Goizez hamar haur aritzen dira eskolan, eta, arratsaldez, beste 30. «Eskola xumea da, baina haurrek, kirola egiteaz gain eta teknika ikasteaz gain, balio etikoez ere ikasten dute boxeoaren bidez, sakrifizioaz, saiatzearen balioaz, porrotaz eta garaipenaz», dio irakasleak.

Muhammad Ali boxeolari handiaren irudia daukate horman zintzilikatuta, eta hark utzitako ondareaz maiz mintzatzen zaie irakasleak. «Mito bat da guretzat, eta haren idealak gure egin nahi ditugu, umeek ere barneratu ditzaten».

Oso oinarrizkoa da dena eskolan, eraikinetik beretik hasita. Bitarteko eskasekin, baina ilusioarekin atondu dute dena; ringa, hiru sokekin, bi zorro, bi punch, barra horizontala, sokak... Haurrek den-dena partekatzen dutela dio Fiorenzanok: «Sahararrak oso eskuzabalak dira, eta haurrak ere bihotz onekoak dira, txinalak eramaten dituzte oinetan, eta horiek ere partekatzen dituzte, haur batzuek erabat hondatutako txinalekin etortzen baitira».

«Ez dugu ahaztu behar errefuxiatu gune batean gaudela», dio Fiorenzanok: «Baldintza gogorretan bizi dira hemen, lur ahitu honetan, udan muturreko tenperaturekin, nazioarteko laguntzari esker, egonean, egunak pasatzen ikusten, egiteko gauza handirik gabe».

Hussein Abba sahararraren laguntza dauka italiarrak haurrak trebatzeko. Kuban egin zituen bere lehen saiotxoak boxeoarekin, eta, orain, gustura ari da oso haur sahararrak entrenatzen. «Egun batzuetan gogorra da, baina atea zeharkatu eta errealitate gordin hori ahaztu egiten dute tarte batez, euren irribarrea ikusi besterik ez da egin behar. Iraun eta irabazi, hori da gure leloa ere».

Mendebaldeko Saharara

Saharako bandera ere jarri dute eskolan. Egunen batean, ahalik eta lasterrena, beren herriaren ikurrarekin lehiatzea espero dute, eta eskola ezagutzen ez duten lurraldera eramatea, Mendebaldeko Saharara. Fiorenzanok dioenez, horixe amesten dute umeek: «Gurasoen bidez baino ez dute entzun nolakoa den, baina etengabe ari dira lurralde horretaz hizketan, gerraz, okupazioaz eta erreferendumaz».

Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean, 1976ko azaroan, basamortura egin zuten ihes saharar askok eta askok, gerratik ihesean. Heriotza aurkitu zuten bidean batzuk, napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu baitzituzten. Aljerian babestu ziren bizirik atera zirenak, basamortuan, eta han dago munduko errefuxiatu gune zaharrena, jadanik boxeo eskola bat ere baduena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.