erresuma batua

Botoen zenbaketa bukatuta, Cameronek irabazi ditu hauteskundeak

649 eserlekuetatik 306 eskuratu dituzte kontserbadoreek. Gordon Brown lehen ministroari dagokio gobernua osatzeko lehen elkarrizketak bideratzea, baina Cameronek egin die lehen eskaintza liberal-demokratei.

2010eko maiatzaren 7a
18:39
Entzun
Bukatu da Erresuma Batuko hauteskundeen boto zenbaketa eta emaitzek David Cameron kontserbadorearen garaipena berretsi dute. 649 barrutietako eserlekuetatik, 306 eskuratu dituzte kontserbadoreek; laboristek 258, eta liberal-demokratek 57. Kontserbadoreek 326 eserleku behar dituzte bakarrik gobernatzeko. Nick Clegg izango da aliantzetarako giltza, eta Gordon Brownek etekina atera diezaioke egoera berriari. Maiatzaren 25erako gobernuak osatua egon behar luke. Maiatzaren 27an 650. eserlekua erabakiko da, hautagai bat hil egin zelako.

Emaitzak kontuan hartuta, Erresuma Batuko legediaren arabera, Brown lehen ministro laboristari dagokio gobernua osatzeko lehen elkarrizketak bideratzea. Hala ere, "garailea" denez, Cameronek liberal-demokratei gobernua osatzeko eskaintza luzatu die. Brown laboristak elkarrizketak "errespetatuko" dituela esan du. Cleggek ere onartu du lehen pausoa emateko kontserbadoreen eskubidea. Beste hauteskunde batzuetara deitzeko aukera ere ez da baztertzen, 1974an gertatu bezala. Orduko hartan gehiengo sinplean osatutako gobernuak zortzi hilabete baino ez zuen iraun.

Erresuma Batuko hauteskunde sistemak barrutietan alderdi irabazlea hartzen du kontuan, ez boto kopurua, eta horregatik, emaitza hauek laboristen aldekoak dira, nahiz eta hauteskundeak galdu dituzten. Barruti txiki askotan irabazi dute, eta kontserbadoreek aldiz, barruti handietan. Brownen alderdiak 2005ean botoen %35arekin lortu zuen gehiengo osoa, eta orain, berriz, Cameronek %36 baino gehiago lortuta ez du gehiengo osoa lortu. Cleggek ere ez du bere alde hauteskunde sistema, eta aldatu beharra aldarrikatu du kanpaina osoan zehar. Clegg, uste baino emaitza kaskarragoak izanda ere, giltza izango da gobernu berriaren osaeran.

Kontserbadoreek 97 legebiltzarkide gehiago eskuratu dituzte 2005eko hauteskundeekin alderatuta; laboristek, berriz, 91 galdu dituzte, eta liberal-demokratek uste baino emaitza kaskarragoak izan dituzte: bost eserleku gutxiago dituzte, nahiz eta botoetan %1 gehiago eskuratu duten, betiere behin behineko emaitzen arabera. Cameronek 10,7 milioi boto eskuratu ditu (%36,1); Brownek 8,6 milioi boto (%29,1), eta Cleggek 6,8 milioi (%23).

Ipar Irlanda, Eskozia eta Gales

Ipar Irlandako emaitzetan nabarmentzekoa da Peter Robinson lehen ministroak bere eserlekua galdu duela Westmisterren, ezustean. DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruari lekua hartu dio Naomi Long Aliantzaren Alderdikoak, Belfasteko alkateak. DUPek, beraz, 2005ean zeuzkan eserlekuetatik bat galdu du, eta zortzirekin geratu da. Gainerakoan eserlekuak berdindu dituzte Sinn Feinek eta SDLPk. Lau eserleku atera ditu Gerry Adamsen alderdiak, eta Alderdi Sozialdemokrata Laboristak hiru.

Eskozian, berriz, modu berean geratu dira emaitzak. Laboristak atera dira garaile, 41 eserlekurekin; Liberal-demokratek hamar lortu dituzte, Alex Salmond lehen ministroaren Eskoziako Alderdi Nazionalak sei, eta kontserbadoreek bat.

Galesen, berriz, Plaid Cymru alderdi nazionalistak eserleku bat irabazi du. Orain hiru izango ditu. Horrez gainera, irabazle kontserbadoreak izan dira, bost eserleku gehiago eskuratu baitituzte. Zortzi izango dituzte orain. Liberal demokratek bat galdu dute, eta hirurekin geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.