Botoen %75 bilduta, Ortega bosgarrenez izango da Nikaraguako presidente

Parte hartze kopuru ofiziala %65ekoa izan da; talde independente baten arabera, %20koa. Nazioarteko hainbat herrialdek bozak kritikatu dituzte

Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Iragarpenak bete egin dira Nikaraguan, eta egungo presidenteak, Daniel Ortegak, bosgarren agintaldirako onespena jaso du—jarraian egingo duen laugarrena—. Hala, Hauteskunde Kontseilu Gorenak zabaldutako datuen arabera, botoen %74,99 lortu ditu Ortega buru duen FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak, eta %14,4 bigarren geratu denak, Walter Espinoza diputatua buru duen PLC Alderdi Liberal Konstituzionalistak.

Herritarrak oraindik botoa ematen ari zirela, Ortegak adierazpen publikoak egin zituen herenegun, adierazita hura dela «bakea berma» dezakeen bakarra: «Gerraren, indarkeriaren, terrorismoaren alde egiten dutenek herrialdea borroka bortitz batean murgilduta ikusi nahi dute». Hau da, haren edo gerraren arteko hautuari buruzkotzat deskribatu zituen bozak; zehazki, «bakearen eta terrorismoaren artekoak».

Etxean eta nazioartean kritikak izan dira nagusi Nikaraguako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeez hitz egiterakoan. Ortegak eta presidenteordeak, haren emazte Rosario Murillok, gogor egin dute azken hilabeteetan oposizioko alderdien eta hautagaien aurka, eta haietako askok erbestera jo dute babes eske, Costa Ricara. Hortaz, oposizioko buruzagi politiko sendorik gabe egin dituzte bozak.

Hori kontuan harturik, ez da harritzekoa hango gobernuak bozen emaitzei entzungor egin izana. Carlos Alvarado presidenteak sare sozialetan zabaldutako mezuan jasotzen duenez, herrialdeak ez ditu onartu Nikaraguako bozak, «berme eta baldintza demokratikorik gabe» egin zituztela argudiatuta.

EB Europako Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek ere gogor kritikatu dituzte hauteskundeetako emaitzak. EBren diplomaziaburu Josep Borrellen ustetan, «zilegitasunik gabeak» izan dira, eta Nikaraguako presidenteari dei egin zion, atzo, oposizioko politikari presoak «berehala» askatzera. Washingtonen kasuan, «itxurakeriatzat» jo zituen hauteskundeak, Ortega «autokrata bat» dela adieraztearekin batera. Oso bestelako jarrera izan du Venezuelako presidente Nicolas Madurok, zeinak zoriondu egin zuen Ortega «modu baketsuan» egindako hauteskundeengatik, eta haren aurka jotzea egotzi zien «inperialismoari eta haren aliatuei».

Hauteskunde Kontseilu Gorenaren arabera, parte hartzea %65 ingurukoa izan zen igandeko bozetan; Hautetsontzi Irekiak talde independentearen arabera, %20 ingurukoa.

Kontakizunaren borroka

Herenegungo hauteskundeak kontakizunaren borrokarenak ere izan ziren. Ikasleak, enpresaburuak eta nekazariak elkartu egin ziren egun horretan, herritarrei eskatuta etxean geratu eta kaleak hutsik uzteko; hau da, normalitatearen kontrakoa irudikatzeko. Gobernuak, berriz, botoa emateko eskolen inguruan izandako ilara luzeen irudi batzuk zabaldu zituen.

Orain, Ortegari krisi politiko eta soziala kudeatzea dagokio, eta AEBek ezarritako zigor ekonomikoei aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.