Kataluniako prozesu subiranista. Lau hilabeteko epaiketa

Botoa, edo konstituzioa

Espainia «hautsi» nahi zuten buruzagi katalanen aurkako epaiketak lau hilabete iraun du. Fiskaltza saiatu da mobilizazio baketsuak indarkeria gisa aurkezten. Espainiako Konstituzioak oinarrizko eskubideei jarritako hesiak agertu dira.

Urriaren 1eko erreferendumeko botoak kontatzen hasteko unea, Bartzelonako bozkaleku batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
mikel p ansa
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorena telebistako plato bilakatuta, otsailaren 12an hasi da luzaroan itxarondako epaiketa: akusazioen arabera 2017ko udazkenean Espainiako Konstituzioa —eta, beraz, Espainia— «hautsi» nahi izan zuten buruzagi katalan independentisten aurkako epaiketa. Makroepaiketa bat, zentzu guztietan. Ikusmin handia dago, preso batzuek ia bostehun egun daramatzatelako herritarren aurrean agertu gabe. Agertokia, prest: Auzitegi Gorena, Madril erdian, inguruko perimetro guztia itxita. Poliziak, ultraeskuindarrak, independentistak, politikariak, ehunka kazetari, International Trial Watcheko behatzaileak... tentsioa, nerbioak; zerbait handia hasiko den sentipena. Ekarri dituzte preso dauden bederatzi akusatuak, eskuburdinarik gabe, sartu dira baldintzapean aske dauden beste hirurak, eseri dituzte bankuetan, eta Auzitegi Gorenaren telebista seinalea jarri da martxan. Bost, lau, hiru...

Jordi Pina defentsako abokatuaren lehen hitzak, etorriko denari susmoa hartuta: «Irudipena daukat erakutsi nahi dela magistratuak Espainiaren batasuna defenditzeko daudela hemen. Baina eskatuko dizuet epailearen lana egiteko, eta ez aberriaren salbatzailearena». Javier Melero —Joaquim Fornen abokatua—, ordea, ezezkoan, «epaiketa penal bat» dela hau. Hasieratik nabaritu baita defentsek estrategia ezberdinak izango dituztela; defentsa juridikoagoa egiteko asmotan dabiltza batzuk, politikoagoa egiteko asmotan besteak.

Hurrengo saioan egin dute Voxekoek beren lehen ekitaldia. Manuel Marchena magistratuari eskatu diote xingola horiak kenarazteko akusatuei. Baina Marchena epaileak —ez alferrik «Estrasburgoko dotrina» aipatuz—, ihardetsi die ezetz, ez dela posible. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren mamua zelatan dagoela sumatu da epaiketaren lehen momentutik.

Orain akusazioen txanda da, eta Javier Zaragoza fiskalak ez du aukera galdu lehen dardoak botatzeko: independentisten mobilizazioak «estatuko segurtasun indarren kontra jaurtitako herri harresi» batzuk izan zirela. Ez du tonua apalduko epaiketa guztian: aste honetan, azkeneko akusazio idatzia irakurri duenean, «arma» izendatu ditu herri mugimenduak. Akusazioen etengabeko ahalegina izango da, lau hilabeteotan, independentismoak aldeztutako mobilizazio baketsuak, desobedientzia zibila eta erresistentzia pasiboa indarkeriarekin parekatzea. Jose Manuel Maza fiskalak lehen kereilan idatzi zuena ia bere horretan iritsi da, epaiketaren bukaeran, fiskalaren zigor eskarietara.

Konstituzioa; kito

Zaragozaren atzetik, Fidel Cadena fiskalak lehen hitzetik gogorarazi du Kataluniak ez duela autodeterminazio eskubiderik. Hori baita areto honetan epaituko den beste korapilo handia. Handik egun gutxira (otsailaren 20an) Felipe VI.a Espainiako erregeak markatu du esparrua: «Ez da onargarria balizko demokrazia bat aldeztea zuzenbidearen gainetik; legeen errespeturik gabe ez baitago elkarbizitzarik eta demokraziarik». Hori ere epaituko baita hemen: konstituzioa bete beharrekoa dela, oinarrizko eskubideen gainetik. Espainiako Konstituziorik gabe ez dagoela eskubiderik. Eta hori baita defentsek auzitan jarri nahi duten puntuetako bat: botoa emateko eskubidea ukatzen duenez eta mobilizazio eskubidea kriminalizatzen duenez, oinarrizko eskubideak urratzen dituela Espainiako Estatuak. Alegia: botoa, edo konstituzioa?

Azkenean, iritsi da akusatuen txanda. Oriol Junqueras hasi da. Handia da ikusmina. «Orain arte ezin izan dudalako hitz egin ari naiz hainbesteko pasioz», desenkusatuz bezala. Tinko, hala ere: «Epaiketa politiko batean gaude, eta ni preso politiko bat naiz». Eta aurreneko abisua, epaiketa honek zer ebatziko duen: «Botoa ematea ez da delitu bat, eta hori indarrez galarazteak bai izan beharko luke delitua».

Gero Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilari ohia hasi da deklaratzen, eta diskurtsoa eremu juridikora eraman du. Gako bat: Generalitateak erreferenduma bultzatzeko «konpromiso politikoa» zuela, baina, aldi berean, mossoei «polizia judizial gisa» jokatzeko agindu ziela. Alegia, Generalitateak ez ziela mossoei desobeditzeko agindu.

Traperoren zaplaztekoa

Epaiketaren ordu asko hartuko ditu mossoen U-1eko ustezko desobedientzia horrek, harik eta Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren maior ohiak argi utziko duen arte ez zela halakorik inondik ere. Sei orduko deklarazioan, azaldu du Puigdemonti eta Forni eskatu ziela legeak betetzeko, bi alditan, urriaren 1aren aurretik. «Esan genien ez genuela bat egiten proiektu independentistarekin». Eta mossoek ohartarazi zutela erreferenduma eginez gero ordena publikoko arazo larriak gerta zitezkeela. Eta aurrerago, azkeneko kolpea: mossoek prest zeukatela plan bat, beharrezkoa izan balitz, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta gobernuko beste kideak atxilotzeko. Trapero deabru baten gisa aurkeztu dute Madrilgo hedabideek, eta adierazpen horiek zaplazteko baten gisa aditu dira aretoan. Manuel Castellvi, Emili Quevedo eta Ferran Lopez mossoen buruek berretsi dute Traperoren bertsioa. Areago, argi esan dute mossoen eta Espainiako polizien arteko deskoordinazioa Espainiako buruen errua izan zela. Fiskalak ez ditu argudiook aintzat hartuko bere azken idatzian.

Fornen atzetik jarraitu dute Raul Romevak, Jordi Turullek, Josep Rullek, Dolors Bassak, Meritxell Borrasek, Carles Mundok, Santi Vilak, Jordi Sanchezek. Gutxi edo gehiago, gehienek defenditu dituzte erabakitzeko eskubidea eta elkarrizketa, baina akusatu gehienen estrategia pragmatikoa izan da, eta urriaren 27ko independentzia aldarrikapenak ez zuela inolako ondoriorik adierazi dute ia denek. Romevak eta Sanchezek eutsi diote salaketa tonuari; baina Jordi Cuixart iritsi denean, orduan jarri dira hankaz gora auzitegiko aulkiak. «[U-1ekoa] Europan inoiz egin den desobedientzia zibil ekitaldi handiena izan da», esan du, argi, Omnium Culturaleko buru zenak. Inor gutxi ausartuko da desobedientzia zibila horren argi defenditzen areto honetan. David Fernandez CUPeko parlamentari ohia, salbu.

Cuixarten desobedientzia

Cuixart ez da horretan gelditu, ordea: «Instrukzio epailearen aurrean egin nituen deklarazioek bilatzen zuten kartzelatik ateratzea edozein preziotan. Eta hori ja ez da nire lehentasuna. Preso politiko bat naiz. 500 egun preso egon eta gero, nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea. Nire lehentasuna da Katalunian eta Espainiako Estatu osoan gertatzen diren eskubide eta askatasun urraketak salatzea». Aretoko hormak dardaraka, «nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea» esan duenean. Beste eremu batera eraman du epaiketa Cuixartek; euforia momentu bat izan da, baina laster jaitsi da aparra.

Forcadellek deklaratu du ondoren, eta, akusatuek bukatuta, lekukoak hasi dira agertzen. Mariano Rajoy presidente ohia, Soraya Saez de Santamaria presidenteorde ohia eta Juan Ignacio Zoido Barne ministro ohia ez dira ezertaz akordatzen defentsak galdetzen dienean. Laburtuz, esan dute inoiz ez zutela autodeterminazioari buruz negoziatu, 2017ko udazkenean Katalunian indarkeria erabili zutela independentistek, urriaren 1ean botoa ematera joan ziren herritarrek izan zutela kulpa, botoa ematera joan izan ez balira ez baitzen ezer gertatuko, eta haiek ez zekitela ezer poliziek urriaren 1erako antolatutako operatiboari buruz. Aurrerago, Cristobal Montoro Ekonomia ministro ohia ere ez da gai izango zehazteko Generalitateak nola erabili zuen diru publikoa galdeketa ordaintzeko, nahiz eta hori izan beste akusazio nagusietako bat. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Rajoy ebidentzian utziko du hurrengo saioan.

Marchenaren pazientzia

Rajoyren deklarazioen ostean, bestalde, bukatu egin da Marchenaren kortesiazko epea. Benet Salellas defentsako abokatua saiatu da urriaren 1eko bideo bat jartzen Zoidori, baina magistratuak ez dio utzi. Ordura arte bideo pare bat ikusteko aukera izan da aretoan, baina hemendik aurrera «ez da juridikoki esanguratsua» bideoak erakustea lekukoei; epaiketaren bukaeran ikusiko dituzte guztiak —defentsek kexa bat aurkeztuko dute horregatik—. Hortik aurrera giroa gaiztotuz joango da defentsen eta epaileen artean.

Eta, orain bai, akusazioen artilleria hasi da: dozenaka eta dozenaka polizia —230 bat guztira, lekuko guztien %40 inguru—, auzitegira joan direnak esplikatzera independentismo katalana, funtsean, mugimendu bortitz bat dela, eta 2017ko udazkenean «izu giroa» sortu zuela. Poliziek eta irailaren 20ko miaketan parte hartu zuen idazkari judizial batek deskribatu dute orduan sentitu zuten «izua», «gorrotoa», parean ikusi zituzten «aldrak» (tumultos)... Polizietako batek esana, hitzez hitz: «Ez nuen inoiz hainbeste gorroto ikusi, eta urteetan egon naiz Euskal Herrian».

Eta polizia horien guztien artean, erreferendumaren kontrako operatiboen gidaritza eraman zuten bi ahots nagusi: Jose Antonio Nieto Segurtasuneko Estatu idazkari ohia eta Diego Perez de los Cobos koronela, urriaren 1eko operatiboaren koordinatzailea. Nietok esplikatu du Espainiako poliziek susmatzen zutela mossoek ez zutela erreferenduma geldiarazi nahi, eta, hortaz, «hasierako plana aldatu» egin zutela, eta urriaren 1a «erreferendum homologatua izan ez zedin» oztopatu beharko liratekeen bozkalekuetan «esku hartzeko» plan bat prestatu zutela Espainiako poliziek. «Eta hori lortu egin zen». Alegia, erreferenduma «homologatua» ez izatea lortu zutela. Estatuaren garai hartako beldurra zein zen agerian utzi du Nietok. Eta segidan argudio bat, polizien jarduna zuritzeko: «Indarraren erabilera proportzionala izan zen [U-1ean], beharrezkoa zen gutxienekoa izan zen». Gero, baina, Andreu Van den Eynde defentsako abokatuak izerditan jarri du Nieto, eskatu dionean independentisten ekintza bortitz bakar bat zehazteko. Kostata eta totelka, irailaren 20an hondatutako Guardia Zibilaren autoak ekarri ditu gogora Nietok.

Milloren fairya

Hurrengo saioan, Diego Perez de los Cobos koronelak, urriaren 1eko operatiboko koordinatzaileak berretsi egin ditu Nietorenak. «Ez zen izan interbentzio bakar bat ere boto emaileen aurka. [...] Proportzionaltasuna erabatekoa izan zen». Argudiatzea sendo doa, akusazioek nahi duten ildotik, baina Enric Millo iritsi da, Espainiak Katalunian orduan zuen ordezkaria, eta surrealismora eraman du auzia, 2017ko udazkeneko indarkeriaren deskribapen hanpatuegiekin; azkenean, irriak eragin dituen adibide honekin: urriaren 1ean bozkaleku batzuetan herritarrek Fairy (sic) bota zutela, poliziek irrist egin zezaten, «eta burua ostikatu ziezaieten».

Behin poliziek deklaratu ondoren, atzetik, defentsaren lekukoak. Eta horien artean, asko, urriaren 1ean botoa eman zuten herritarrak. Erretiratuak, suhiltzaile bat, ospitaleko langile bat, ingeniari bat, ikasle bat... Erreferendumaren eguneko oroitzapenak ekartzean malkoei eutsi ezinik batzuk. Baina Marchenarentzat U-1eko polizia indarkeria ez da auzi honen muina. Nolanahi ere, akusazioa saiatu da boto emaileak ekintza ilegal bat egiten ari zirela erakusten. Boto emaile haietako baten erantzunak utzi ditu agerian epaiketaren kontraesan guztiak: «Botoa ematea delitua balitz, banku hauetan milioika katalan egongo ginateke».

Salellas, isilik hobe

Halako batean pazientzia galtzen hasi da Marchena: boto emaileetako bati mikrofonoa itzali dio, beste abisurik gabe. Ez da isilarazitako bakarra izan. Baina Benet Salellas abokatua Marina Garces filosofoa galdekatzen ahalegindu denean jo du goia tentsioak. Epaileak behin eta berriro eten du Salellas, galderak beste era batera egiteko aginduz. Azkenean, abokatuak epaileari esan dio galdera jakin bat egiten uzten ez badiote ez diola galdera gehiago egingo lekukoari. Marchenaren erantzuna: «Ederki, hainbat hobe». Abokatuak kexu dira Marchenarekin, baina Gorena biktima gisa agertu da, prentsa ohar batean esan baitu «ezinegon handia» duela abokatuen eta haien lekuko batzuen jokabidearekin.

Azkenean bukatu dira lekukoak, eta peritu frogak erabakitzeko txanda da. Eta hori bukatutakoan, orain bai, azkenerako utzitako bideoak. Baina ezin dira komentatu, ikusi soilik. Urriaren 1eko polizia indarkeria gordin agertu da orduan aretoan. Bideoak berandu iritsi dira; akusazioek ez zuten horiek ikusteko beharrik: Madrilgo prentsa bezperatik ari da zabaltzen fiskaltzak matxinada akusazioari eutsiko diola. Epaiketa bukatu aurretik ondorioak idatziak dituzte fiskalek: akusatuek «estatu kolpe bat» eman dute; indarkeria gertatzeko aski da larderia egotea, eta, beraz, matxinada egotzi behar zaie akusatuei, eta hasierako zigor eskariei eutsi. Javier Zaragoza: «Erreferendum bat egitea delitua da. [...] Ez dago sezesiorako eskubide moralik, eta, gainera, konstituzioa defenditzeko betebehar zibiko eta legal bat bai badago. [...] Estatu kolpe bat eman nahi izan zuten; ordena juridiko baten ordez beste bat ezarri nahi izan zuten, bitarteko ilegalekin».

Abokatutzaren ezustekoa

Baina oraindik badago sorpresa bat, eta akusazioaren aulkietan esertzen da. Rosa Maria Seoane izena du, eta Estatuaren abokatua da. Abendura arte Adifeko idazkari nagusia izan da, baina Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kargu horretan jarri du, Edmundo Bal kenduta. Estatuaren abokatuak esan du berak ez duela horren argi ikusi 2017ko udazkeneko indarkeria hori guztia; Katalunian ez dela gertatu matxinada delituak eskatzen duen adinako indarkeriarik alegia. Eta horregatik sedizio delitua eskatuko duela azaldu, eta akusatuentzako kartzela zigor eskariak txikitu ditu.

Heldu den astean bukatuko da makroepaiketa; Espainia «hautsi» nahi izan zuten horien aurkakoa. Asteazkenean, okerrik ez bada, azkeneko hitza esan ahalko dute akusatuek. Eta, gero, sententziaren zain geratuko dira. Baina hortik aurrera ere ez da ezer bukatuko; borroka luzeago bat hasiko baita orduan. Gonzalo Boye defentsako abokatuak esana: «Haiek pentsatzen dute mundua Goreneko atean bukatzen dela, baina guk badakigu mundua hortik aurrera hasten dela». Hurrengo geltokia, Estrasburgo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.