Boto eszeptiko baten 'tximeleta efektua'

Erresuma Batuko Gobernura heldu eta ehun egunera, Mayk lehenbiziko goi bilera izan du EBn. Ez dago ataka errazean: Londres EBko kide da oraindik, baina oin bat kanpoan du jada. Etxean, 'brexit'-aren lehenbiziko ondorioak kudeatu beharra du, betidanik euroeszeptiko samarra izan den herri batean.

EBren aldeko ekintzaileen protesta bat, Londresko Auzitegi Gorenaren atarian; alboan, «galtzaile txarrak» izatea egozten dien pertsona bat. F. ARRIZABALAGA / EFE.
Londres
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Europako Batasuna utzi arte ez dezatela baztertu: hala eskatu die Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak EBko gainerako 27 gobernuburuei, egunotan Bruselan egin duten goi bileran. Mayren lehenbizikoa izan da, uztailean kargua hartu zuenetik ehun egun eskasera. Zuhurtziaz hartu dute Bruselako agintarien elkartean: euroeszeptikotasunaren ordezkaria da bera, klubean aski maitatua zen David Cameronen dimisioari esker boterera heldu zena, eta Erresuma Batua EBtik atera behar duena. Goi bileraren gai nagusiabrexit-a ez izan arren, ikusminez neurtu dute elkarren jarrera lehen ministroek. Mayk tonu adeitsua erabili du, baina argi adierazi du zein den bere marra gorria: «EBtik irtengo bagara, gutxienez immigrazioa kontrolatzeko gai izan nahi dugu». Gaur egun, 330.000 etorkin erregistratzen ditu urtero Londresek; 100.000ra murriztu nahi ditu.

Pertsonen joan-etorria ez, baina salgaiena negoziatu nahi du Bruselarekin; Kanadarekin adostu eta onartu ezinean dabiltzan CETA itunaren antzeko akordioren bat egitea litzateke aukeretako bat. Proposamenak ez du poz handirik eragin EBko agintarien artean: batzuek Mayen hitzak erabili dituzte gogorarazteko «brexit-a brexit dela», eta Europako Batasuna ezin daitekeela atalka kontratatu.

Betiko eszeptizismoa

Brexit-a brexit da: ekainaren 23ko erreferendumean, EBtik irtetearen alde bozkatu zuten Erresuma Batuko biztanleek. Alde txikiarekin, eta lau herrialdeetako bitan soilik, baina irabazi zuen. Eta, orain, kudeatu egin behar. May ere EBren barruan geratzearen aldekoa zen, baina karguahartu zuenean «nazioaren desioa» babestuko zuela agindu zuen. Nekez irudikatuko zituen orduan bozketa hark ekarriko zizkion zailtasunak. Bruselan ez ezik, etxean ere ari dira azaleratzen lehenbiziko ondorioak. Londresen egunero aditzen da brexit hitza: komunikabideetan, autobus geltokietan eta lantokian. Dibisen merkatuak dardarka daude, libera esterlinak azken urteotako balio txikiena daukalako; eta enpresa handi batzuk ere hasi dira beste toki batzuetara mugitzeko aukera aztertzen. Bestalde, Europan jaio baina Erresuma Batuan bizi diren herritar ugari hasiak dira hango herritartasuna lortzeko eskaerak aurkezten eta horretarako egin behar duten azterketan izena ematen.

Eztabaidak zeharo erdibitu du uhartea. Hasieran, EBrekiko ulertu ezina jotzen zuten askok erreferendumaren arrazoitzat. Orain, ordea, immigrazioaren ingurukoak dira brexit-ari buruz entzuten diren iritzi ia guztiak. Herritarrek fede gutxi dute sistema politiko tradizionaletan, eta komunikabideetan geroz eta gehiagotan agertzen da immigrazioa arazo gisa. Baliteke itsasotik datozen etorkinen irudiek izutu izana herritar batzuk; edo baliteke zuzentasunaren izenean kanpotarrak onartzeaz aspertu izana. «Arrazoi emozional bat zegoen Europa uzteko, eta arrazoi ekonomiko bat geratzeko», azaldu du Iain Beggek, London School of Economics-eko Europar Ekonomiako irakasleak: «Arrazoi emozionalak irabazi du: nortasunak eta Erresuma Batuaren patua erabaki nahi izateak».

Euroeszeptikoek bozketa irabazi zutenetik, krimen xenofoboak %41 gehitu dira. Horietako gehienak poloniarren aurkakoak dira. Abuztuan, 39 urteko Arek Jozwick hil zuten Essexen, muturreko bakar batez, eta Poloniar Kultur Elkartean ateetan «Fuck off»(Zoazte pikutara) eta antzerako mezuak margotu dituzte. Poloniarren komunitatea Erresuma Batuko atzerritarren artean handiena dela adierazi du Varsoviak Londresen daukan enbaxadoreak, eta, beraz, estatistika kontua ere izan daitekeela. Nolanahi ere, eraso guztiak salatzeko eskatu du, eta epe luzerako irtenbideak bilatzeko.

Erasoez gain, kontrol handiagoa ere iragarri dute gobernuko zenbait kidek. Amber Rudd Barne ministroaren arabera, zenbat langile atzerritar dauzkaten adierazi beharko dute enpresek. Erresuma Batuko osasun arloan diharduten sendagile atzerritarrekiko «dependentzia»ere apaldu egingo dutela iragarri du Jeremy Hunt Osasun idazkariak. Gaur egun, EBko herritartasuna duten 30.472 medikuk egiten dute lan Erresuma Batuko osasun arlo publikoan; beste hainbeste dira EBtik kanpokoak.

London School of Economics-en bertan, unibertsitate ezaguna izan arren, antzekoak jazo dira. Europar Institutuko buru Kevin Featherstoneri mezu elektroniko bidez jakinarazi zioten Londresko gobernutik aurrerantzean ez zutela kontuan hartuko Erresuma Batutik kanpo jaiotako aholkularien hitza.

Presioak oposiziotik

Mayen arazoak ez dira hor bukatzen. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak gogor defendatzen du EBn jarraitu nahi duela —eskoziarren %62k hala bozkatu zuten ekainean—, eta iragarria du independentziari buruzko bigarren erreferenduma egiteko asmoa. Keinuak, ordea, uxatu egin ditzake EBn geratu bai baina independentzia nahi ez duten hainbat eskoziar; horregatik, laboristekin koalizio bat osatzeko asmoa iragarri du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. «Brexit gogorra» deiturikoa saihestu nahi dute, «ez soilik Eskoziarentzat, baizik eta Erresuma Batu osoarentzat».

Alderdi Laborista ere ez dago unerik onenean. Jeremy Corbyn bigarrengoz aukeratu dute buru, baina hedabideek kanpaina gogorra abiatu dute haren aurka. Corbynek sozialistatzat du bere burua, eta baliteke joera hori ezkerrekoegia izatea kapitalismoan erabat murgilduta dagoen herrialdeko botere nagusientzat. Margaret Thatcher zenak 1980ko hamarkadan ahulduta utzitako sindikatuak aldarrikatzen ditu Corbynek, eta enpresa handien zergak igotzea proposatu izan du, diru hori hezkuntzan inbertitzeko. Klase altu eta boteretsuen gaitzespena jaso du erantzun gisa.

30 urte igaro dira Thatcherren adierazpen ezagun hartatik: «Jende gehiegik uste du gobernuaren ardura dela bere arazoak konpontzea. 'Etxegabea naiz; gobernuak etxe bat eman beharko dit'. Euren arazoa gizarteratzen dute. Baina gizartea, kontzeptu moduan, ez da existitzen». Iraganeko mamu haietako batzuk piztuta daude oraindik Erresuma Batuan, eta Mayk antzeko erretorika darabil sarritan. Gizarte horrexek erabaki beharko du orain norena den ardura: urteetan herrialdea eraikitzen jardun duten etorkinena, edo hura erdibitu duten buruzagi politikoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.