Erresuma Batuko Gobernuak Mounjaro botika doan emango die 2 motako diabetesa edo obesitatea daukaten 3.000 langaberi. Ez da hala edo hola iragarritako neurri bat, Londresek AEBetako Lilly farmazia enpresarekin hitzartutako ikerketa baten abiapuntua baizik: bost urte iraungo du, eta 280 milioi libera esterlinaren —336 milioi euro— kostua izango du. Ikerketak berak baino, Downing Streetek aztertu asmo duenak hauspotu ditu horrekiko zalantzak eta kritikak. Lehen ministro Keir Starmerrek iragan urrian BBC kateari egindako adierazpenen arabera, botika «laguntza handi bat» izango da pisua galdu «nahi eta behar» dutenentzat; baita herrialdeko ekonomiarentzat ere, argudiatuta helburuetako bat dela aztertzea botikaren kontsumoak murriztu ote dezakeen langileek hartzen duten gaixo baimen kopurua.
Cambridge Unibertsitateko Portaera eta Osasuna Ikertzeko Unitateko zuzendari Theresa Marteuk uste du egitasmoaren «interpretazio okerra» egin dela, eta nabarmendu du, modu telematikoan, gobernuaren asmoa ez dela Mounjaro botikaren erabilera orokortzea, baizik eta, denbora tarte batean, 2 motako diabetesa edo obesitatea dituen jende multzo batentzat izan ditzakeen onurak aztertzea: osasun, gizarte eta lan arloko onurak. Nolanahi ere, iragan urrian Osasun idazkari Wes Streetingek The Telegraph egunkarian idatzitako artikulu batean egindako adierazpenek areagotu egin dituzte ikerketaren aurkako jarrerak; Streetingen esanetan, «etengabe handitzen» ari diren gerri bueltak «oztopatzen» ari dira ekonomiaren hazkundea.
Botika injektagarri bat da Mounjaro. Tirzepatida dauka, GLP1 hormonaren parekide sintetikoa, eta horrek hainbat onura dauzka 2 motako diabetesa edo obesitatea dutenentzat: hala nola odoleko azukre mailak erregulatzeko balio du eta jateko gogoa murrizten du, pisua galtzea ahalbidetuz. Mounjaroren familia berekoak dira Ozempic eta Wegovy botikak —horiek semaglutida daukate tirzepatidaren ordez—. Bi gaixotasun horiek tratatzeko sortu diren botika guztien artean, eraginkorrenak eta onura gehien dituztenak hiru horiek direla esan du Marteauk: «Gaixo asko saiatu dira beste metodo batzuen bidez pisua galtzen, eta ez dute lortu. Honek itxaropena dakarkie».
«Beharrik ez duen jendea botikak hartzen ari da, eta gaixo daudenak botikarik gabe gelditzen ari dira»
STEPHEN LAWRENCEWarwick Unibertsitateko aditua eta medikua
Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi Mounjaro hartzen duen edonork onura horiek guztiak nabarituko dituela. Argi azaldu du Marteauk: «Obesitatea edo 2 motako diabetesa daukan jendearentzat daude diseinatuta; ez pisu osasuntsu batean dauden baina kilo batzuk galdu nahi dituztenentzat. Kasu horretan, onurak baino gehiago izango dira kalteak». Hain justu, azken urtean nabarmen egin dute gora botika horien salmentek; kasu askotan, gaixotasunik eduki ez arren, motibo estetikoengatik pisua galtzea helburu. Joera horren arriskuez ohartarazi du, modu telematikoan, Stephen Lawrence Warwick Unibertsitateko aditu eta medikuak: «Beharrik ez duen jendea botikak hartzen ari da, eta gaixo daudenak botikarik gabe gelditzen ari dira».
Gorantz doan eskariaren ondorioz, Lawrencek kontatu du behin baino gehiagotan eman behar izan dizkiela bere pazienteei Ozempic, Wegovy edo Mounjaro bezain eraginkorrak ez diren botikak. «Mediku pribatuek baimenik gabe ematen dituzte botika horiek; edo, are okerrago, botikak Internet bidez erosteko gero eta aukera gehiago daude. Medikamentuen kontrola galdu dute horiek sortu dituzten konpainiek». Arazoa, dena den, hornidura faltatik harago doa. Kezka nagusi bat dauka Lawrencek, zera, pisu osasuntsua daukaten eta gaixotasunik ez duten gero eta pertsona gehiagok hartzen dituztela botika horiek: «Ez dakigu noren eskuetara iritsiko diren: imajinatu, adibidez, gorputz dismorfia daukan norbait botika horiek hartzen hasten dela, uste duelako lodi dagoela, nahiz eta hori horrela ez izan. Ondorioak katastrofikoak izan daitezke arazo horiek dituen jendearentzat; bereziki, gazteentzat».
Luze gabeko neurria
Luze gabeko irtenbideak soilik lortu daitezke Erresuma Batuko Gobernuak iragarritako neurriaren bidez, Lawrencen arabera. Batetik, iritzi dio aintzat hartu behar dela Mounjarok ez dituela gaixo dauden herritarren arazo guztiak konpontzen; esaterako, emozionalak eta psikologikoak. «Baliteke ikerketan parte hartzen duten batzuk emozionalki eta psikologikoki hobeto sentitzea pisua galdu dutelako, eta, horregatik, gauza izatea, adibidez, kirola egiten hasteko. Baina sekulako okerra da 3.000 pertsona horiek guztiek berdin jokatuko dutela ziurtzat ematea».
«Oso gustagarriak diren eta ultraprozesatuta dauden elikagai merkeez inguratuta gaude. Hori aldatu beharra dago, eta horretarako lehen pausoa da elikagai industria erraldoien aurka egitea»
THERESA MARTEAUCambridge Unibertsitateko Portaera eta Osasuna Ikertzeko Unitateko zuzendaria
Bestetik, ohartarazi du orain arte egindako ikerketek erakusten dutela botika horik hartzen dituzten pertsonek galdutako pisuaren %60 irabazten dutela atzera tratamendua eten ondoren, eta, horrekin lotuta, galdera bat egin dio bere buruari: «Zer egingo du Erresuma Batuko Gobernuak pertsona horietatik gehienek galdutako pisuaren bi heren irabazten dituztenean?».
Gaitzei aurre egiteko tratamendu eraginkorrak sortzea ez ezik, horiek prebenitzea da gakoa, Marteauren arabera. Horretarako, ezinbestekoa da kontsumitzen den elikagaiari erreparatzea: «Oso gustagarriak diren eta ultraprozesatuta dauden elikagai merkeez inguratuta gaude. Gainera, marketin kanpaina handiak izaten dituzte atzean. Hori aldatu beharra dago, eta horretarako lehen pausoa da elikagai industria erraldoien aurka egitea». Harekin bat egin du Lawrencek, eta proposamen bat egin du: «Kostu handia izango du ikerketak. Zergatik ez da diru horren zati bat bideratzen, demagun, erabaki osasuntsuak nola hartu irakastera? Edo bizimodu osasuntsu baten aldeko kanpainak egitera? Botikak erabili arren, ezinbestekoa da horiek aldaketa sozioekonomikoekin osatzea. Bestela, arazoa aldi baterako estaltzen baino ez gara ariko».