Boteretsuenei itzal egin nahian

Suitzako Davos hirian Munduko Ekonomia Foroa hastearekin bat ekin diete Porto Alegren Munduko Gizarte Foroaren hamaborzgarren urteurreneko jardunaldiei

mikel rodriguez
2016ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Heldu den udan beteko dira 45 urte Suitzako Davos hirian Europako Zuzendaritza Foroa lehenbiziko aldiz elkartu zenetik. 1987an Munduko Ekonomia Foroa izena eman zioten, eta urtero ehun herrialde baino gehiagotako agintariak, eta finantza erakundeetako eta multinazionaletako ordezkariak elkartzen dira Davosen. Aurtengo bilkura atzo hasi zen. Foro horren izaera itxi eta elitistari alternatiba bat sortzeko, 2001eko apirilean Brasilgo Porto Alegre hirian Munduko Gizarte Foroa sortu zuen nazioarteko erakunde eta gizarte mugimendu talde zabal batek, eta hamaborzgarren urteurren hori ospatzeko jardunaldiak hasi dituzte Porto Alegren bertan. «Foro honetan eskubideen inguruko gai zabalak eztabaida ditzakete taldeek, eta etxera indartsuago itzul daitezke haien borrokekin jarraitzeko», azaldu dio Claudio Nespolo antolakuntzako kide eta buruzagi sindikalistak Brasil Agentziari. Hamabortz urte, Davosen elkartutako boteretsuenei itzal egin eta mundua antolatzeko alternatiba bat eratu nahian.

Suitzako foroak larunbateraarte iraunen du, eta eztabaidatuko dituen gai nagusiak izanen dira finantzen krisia, Txinaren hazkunde ekonomikoaren moteltzearen nazioarteko ondorioak, Europara ailegatutako eta ailegatu nahi duten errefuxiatuen krisia, eta ebola epidemia Afrika mendebaldean. Horrez gain, estatuetako ordezkariek Davosen elkartzea baliatu ohi dute bertzelako gaien inguruan bilerak egiteko. Adibidez, John Kerry AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Siriari buruz eztabaidatzeko elkartu ziren atzo —gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioak astelehenean hasteko asmoari eutsi zioten biek—.

Porto Alegreko foroan, ordea, hiriguneen erreforma, etxebizitzarako eskubidea, arraza eta genero diskriminazioa eta Israelen eta palestinarren arteko gatazka izanen dituzte mintzagai nagusi. Munduko Gizarte Foroa sortu zenean, Bertze mundu bat posiblea da leloa erabili zuen bilkuraren funtsa laburbiltzeko. Herenegun hasitako jardunaldiek Bakea, demokrazia eta herrien eta planetaren eskubideak dute goiburu. «Toki honetan herriek indarra hartzen dute, eta agendak partekatzen dituzte hirietako eta landako mugimenduekin», azaldu dio Etxebizitza Bideragarrien Batasun Nazionaleko koordinatzaile Whelton Pimentelek Brasil Agentziari. Dena den, Porto Alegrekoa ez da Munduko Gizarte Foroaren urteroko bilkura ofiziala. Hori, abuztuan eginen dute Montrealen (Quebec) —lehen aldiz Mendebaldeko herrialde batean—. Porto Alegrekoa hamaborzgarren urteurrena oroitzeko ekitaldi berezi gisa antolatu dute. Guiomar Vidor CBT Brasilgo Langileen Zentrala sindikatu komunistako buruak Argentinako Pagina 12 egunkariari erran dionez, foroak «rol estrategikoa» bete zuen joan den hamarkadan, «neoliberalismoa ideologia bakartzat aurkezten zelako».

Gizarte foroa sortu eta hedatzea bat etorri zen Latinoamerikako ezkerraren indartzearekin —bereziki, mugimendu bolivartarraren hazkundearekin—. Horregatik, Miguel Rosseto Brasilgo Lan ministroak herenegun jardunaldiak hasteko egindako ekitaldian Hugo Chavez Venezuelako presidentea ekarri zuen gogora, «erreferentzia politiko handi bat», foroari hasieratik babesa eman ziolako. Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo orduko presidenteak ere parte hartu zuen garai hartan.

Oraingoa, Dilma Rousseff, lehenbiziko bi egunetan ez da agertu, baina ez da Davosera joan—Ogasun ministroa bidali du—. Porto Alegren bildutakoei egindako keinutzat interpretatu dute, haien babesa lortzeko helburuz—oposizioak sustatuta epaiketa politiko bat eginen diote otsailean Rousseffi, eta kargua gal lezake—. «Dilma Rousseffen aurkako kolpe instituzionala izanen da foro honetako gai nagusia», erran dio Luciano Cerqueira antolakuntzako kideak Pagina 12-ri.

Errefuxiatuei mugak

Davosen, berriz, lehenbiziko eguneko parte hartzaileen artean izan dira Joe Biden AEBetako presidenteordea, Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtsaren presidentea, Paul Kagame Ruandako presidentea eta Joachim Gauck Alemaniakoa. Errefuxiatuen harrera mugatzearen alde agertu da Gauck. «Moralki eta politikoki beharrezkoa da, estatuaren funtzionamendua bermatzeko». Mazedoniak atzo errefuxiatuei Greziako muga itxi zien behin-behinean, Esloveniak jakinarazi zuelako arazoak zeuzkala tren garraioan. Neguak are gehiago gogortu die bidea errefuxiatuei. Greziako kostazainen arabera, Lesbos irlan 35 urteko emakume bat eta 5 urteko haur bat hipotermiak jota hil ziren atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.