Urtebete luze da hil zutela, baina egun hura atzo gertatu balitz bezala oroitzen du Gustavo Castrok. Martxoaren 3a buruan iltzatua du ingurumenaren aldeko ekintzaile mexikarrak. Berta Caceresen hilketaren lekuko bakarra da, ondo akordatzen da gau hartako sentsazio, soinu eta usainez. Zeregin horretan ari delako orain, gau hartan bizitakoa ahanzturan eror ez dadin. Greenpeacen Artemio Precioso saria eskuratu zuen atzo Madrilgo Amerikako Etxean, Caceresen alaba Laura Zuñigarekin batera.
Urtebete igaro da Berta Caceres ekintzailea hil zutenetik. Nola oroitzen duzu egun hura?
Hogei minutu eskas falta ziren gauerdirako. Lasai-lasai geunden; isilik eta etxe giro goxoan. Berta lo hartzear zegoen, ohean botata, eta ni lanean ari nintzen alboko gelan. Bat-batean tiro hotsak entzun nituen haren logelatik, eta ohartzerako ni ere tirokatu ninduten. Aurpegia ikusi nien hiltzaileei. Bi gizon ziren. Korrika alde egin zuten. Oihuka entzun nuen Berta, hilzorian zegoen. Harengana joan nintzen, baina berandu zen: nire besoetan hiltzen ikusi nuen.
Lekukorik ez zuten espero.
Hilketa garbi bat izatea espero zuten; Berta etxean bakar-bakarrik egongo zela eta inor ez zela gertatutakoaz jabetuko. Hala balitz, poliziek lasai asko ebatz zezaketen lapurreta bat izan zela beste kasu askotan bezala. Ia edozer asma zezaketen, aparteko susmorik sortu gabe. Agertoki aproposa zirudien hiltzaileentzat, etxea bakartuta zegoelako, hirigunetik urrun.
Baina…
Gaizki irten zitzaien jokaldia, edo ez behintzat prestatu bezain ondo: zoritxarrez edo zorionez, ni han nengoen. Tiro egin eta belarria zauritu ostean, hiltzat jo ninduten, baina bizirik irten nintzen.
Inork ez zekien zu han zinenik.
Ez. Patuak jarri ninduen han. Trebakuntza saio batean parte hartzera joana nintzen Hondurasera, Copinh elkarteak gonbidatuta, eta Bertak etxean hartu ninduen. Lagun minak ginen duela hamabost bat urtetik, eta maiz joaten nintzen haren egitekoak bertatik bertara ezagutzera. Megaproiektuen kontrako borroka ugaritan bat egin genuen. Giza eskubideen defentsan botereari traba egiteagatik hil zuten Berta.
Aintzat hartu al du inork testigu bakar gisa bizi izan zenuena?
Parez pare eduki nituen Bertaren hiltzaileak, aurpegia ere ikusi nien estalkirik ez zeramatzatelako, baina oraindik ez dut deirik jaso identifika ditzadan. Orain arte Copinh-ek antolatutako manifestazio batzuen argazki eta bideoak baino ez dizkidate erakutsi, hiltzailea horien artean zegoela aitor nezan, behartuta ia-ia. Hiltzailearen erretratu-robota egiteko orduan ere preso zeuden elkarteko kideak marrazten zituzten poliziek. Azpijoko asko baliatu dituzte komunitate oso bat kriminalizatzeko.
Zu zeu jo puntuan jarri zintuzten. Zergatik?
Hilketa Copinh-en kide bati leporatzeko planak huts egin zuela ikusita, ni nintzen haien aukera bakarra. Bahiketa bat baino ezin zezaketen egin, eta hala egin zuten: mehatxuez gain, aireporturako bidea itxi zidaten hainbat alditan. Biktima eta testigu gisa egin beharreko guztiak egin nituen: DNA probak, deklarazioak, gertaeraren berritzeak… Baina, hala ere, herrialdetik irtetea galarazi zidaten hilabetez. Kriminal bat banintz bezala tratatu ninduten. Gerora ikusi zuten nire testigantza ez zetorrela bat haiek eraikitako istorioarekin; segituan zapuztu nien tesia.
Ikerketa gardenik ez dela izan diozu.
Dakigun guztia geure kabuz lortu dugu. Hondurasko Gobernuak eskuak garbitu nahi izan ditu hasiera-hasieratik, eta ezkutuan ikertzen ari dela dio, ez zaiolako komeni sakonki informatzea eta ez duelako nahi senideek ikerketan parte hartzea. Urrian bertan, magistratuak Berta eta bion espedienteak argitara ateratzea erabaki zuen, ustez aztertzeko asmotan, baina lapurtu egin zizkioten. Kasualitatea ote…
Oraingoz, zortzi lagun atxilotu dituzte hilketarekin zerikusia dutelakoan, baina inori ez diote egotzi hilketaren egiletza.
Froga ahulekin inputatu dituzte egungo atxilotuak, berandu baino lehen aske gera daitezen. Benetako epaiketa baten zain jarraitzen dugu, baina gobernuak ez du harago jotzeko borondaterik, eta itxurak egiten ari da iritzi publikoa limurtu nahian. Dagoeneko ezagutzen ditugu haren trikimailuak.
Hilketaren atzean estatua eta armada daudela diozue.
Presaren egungo eraikitzaileak, DESA enpresak, lotura zuzena du armadarekin eta gobernuarekin; haren eskutik jaio zen 2009ko estatu kolpearekin batera. Estatuko estoldak, gobernuko funtzionarioak, politikariak, DESA konpainia eta Hondurasko familia boteretsuena —Atala— daude sikario talde batek eginiko lan zikinaren itzalean. Orain, soldadu ohi baten aitorpenari esker dakigu hil beharreko pertsonen zerrenda militar batean zegoela Berta, baina inork ez du ahalegin ñimiñorik egin hori argitzeko.
Atxilotuen artean daude zerbitzu sekretuentzat lanean ari ziren militar bat eta bi militar ohi. Caceres hil aurreko asteetan haren etxe inguruan ikusi zituzten.
Horrekin dena esanda dago. Militar horiek, gainera, AEBetako unitate bereziek trebatu omen zituztela jakin dugu berriki. Beste atxilotuetako bat DESAren arduradunetako bat da: Sergio Rodriguez. Pagaburu moduan jarri dute, benetako erantzuleak behar bezala ezkutatzeko: konpainiaren bulegoetan armak eta poliziaren txostenak aurkitu dituzte.
Berta Caceresena, ordea, ez da kasu solte bat.
Egunerokoa da. Copinh-en Bertaren lekukoa hartu duen Tomas Gomez, adibidez, seitan hiltzen saiatu dira urtebetean. Gobernuei ez zaie ezer axola: erresistentzia eta mobilizazioa saihesteko edozer egiteko gai direla erakutsi dute. Giza eskubideen urraketa etengabea da herrialde indigenetan eta, zigorgabetasun hori aintzat hartuta, izugarria da pairatzen dugun babesgabetasuna. Gobernuek ekintzaileak zapaltzen, akabatzen eta konstituzioa urratzen segitzen dute.
Zenbaterainokoa da arriskua?
Honduras da herrialde arriskutsuena lurra babesten dugunontzat. Latinoamerikako herrialde txiroena izanda, interes ekonomiko handiak daude; hala ez balitz ez litzateke inor hilko. Ustelkeria eta zigorgabetasuna mugagabeak dira, komunitateei behin eta berriz ukatzen zaielako erabakitzeko ahalmena.
Proiektuak inposatzen dizkizuetela salatu duzu.
Egitasmo erraldoien aurka ari gara borrokan —petrolioa, gasa, energia elektrikoa, urrea…—, milioi asko daude jokoan, eta horrexegatik ari zaizkigu bihotzak erauzten: ez dugu ez ahotsik, ez botorik. Baina hori ez da okerrena. Multinazionalekin eskuz esku aritzen diren estatu ustelduen boterea da komunitate indigenen patua. Hori guztia jakinik, irrigarria bezain iraingarria da Poliziari edota gobernuari babesa eskatu beharra herritarrak hiltzen jarraitzen duten bitartean.
Nola eragin du Bertaren hilketak indigenen borrokan?
Karisma handiko liderra zen Berta, nazioartean ere aitortua. Modu harrigarrian biderkatu zen gerora. Kontzientzia ugari esnatu zituen, eta lozorroan zeuden sektore asko mobilizatu ditu elkarlan estuan aritzera. Bai, betiko galdu genuen Berta, baina askoz gehiago irabazi genuen hari esker: indarra, mugimendua, erresistentzia, presioa eta aliantzak ugaltzea.
Gustavo Castro. Berta Caceresen hilketaren lekukoa
«Botereari traba egiteagatik hil zuten Berta Caceres»
Ingurumenaren aldeko ekintzailea da Castro. Mexikon jaioa da, baina maiz joaten da Hondurasera. Han zegoela hil zuten Berta Caceres. «Erantzuleak epailearen aurrera eraman arte ez dut amore emango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu