Robert Mugabe

Boterean gotortutako ikurra

Mugabe agintean zen Zimbabwek Zimbabwe izena hartu zuenerako. Deskolonizazio garaiko lider azkarra zen, Mendebaldearen arerio gogorra. Soilik haren kideek kendu zuten kargutik. Atzo hil zen, 95 urterekin.

YESHIEL PANCHIA / EFE.
Andoni Imaz
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Eespetxetik atera eta bost hilabetera, Nelson Maldela Margaret Tatcherrekin elkartu zen Londresen. 1990. urtea zen, eta lau urte falta ziren Mandela apartheidaren aurkako ekintzailea Hegoafrikako presidente bilaka zedin; Tatcher Erresuma Batuko presidenteak «terroristatzat» zuen haren ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdia. Bileran «eztabaida bizian» aritu ziren arren, amaitutakoan Tatcherrek adierazi zuen Mandela «oso jatorra» zela; «baina ez [Robert] Mugabe bezain azkarra». Zimbabwek ere izan zuen apartheid propioa, eta Erresuma Batuaren kolonia zen garaian herrialdeaz jabetu zen elite zuriaren aurka matxinatu ziren hainbat gerrillari. Mandela kartzelatik atera zenerako, Mugabe (Kutama, Hego Rhodesia, 1924 - Singapur, 2019) herrialdeko presidentea zen: 30 urte egin zituen karguan. Kolonialismoaren aurkako iraultzaren ikurra zen hasieran, baina, urteekin, botereak zakartu eta nagusikeriaz jokatzeko ospea izan du azken sasoian. Atzo hil zen, Singapurgo ospitale batean tratamendua jasotzen ari zela, familiak lagunduta.

Emmerson Mnangagwa Zinbabweko egungo presidenteak eman zuen albistearen berri:«Askapenaren ikonoa izan zen, bere bizitza herriaren emantzipazioari eta ahalduntzeari eman zion panafrikanista. Ez dugu sekula ahaztuko gure nazioari eta kontinenteari egin dion ekarpena». Hain zuzen, Mnangagwak berak lortu zuen Mugabe boteretik kentzea, 37 urteren ondoren —lehen ministro izan zen zazpi urtez, presidente bilakatu aurretik—.

2017an, herrialdea krisi ekonomiko betean zela, Mugabek hauteskundeetara aurkezteko asmoa adierazi zuen, baina inguruko asko ez zituen aldeko. Tankeak atera zituzten Harare hiriburuan. Mugabek astebetera eman zuen amore, bere ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala - Fronte Patriotikoa alderdiaren zentsura mozioaren ondotik. Mnangagwak irabazi zituen ondorengo hauteskundeak. Gerora, Mugabek «estatu kolpe» deitu zion bere aurkako operazioari.

Hararetik gertu jaio zen presidente ohia, 1924an. Arotza zuen aita, eta irakaslea ama. Zazpi karrera ikasi zituen, korrespondentzia bidezko ikastaroetan. 36 urterekin hasi zuen jardun politikoa, eta Zimbabweko mugimendu independentistako kide izateagatik atxilotu zuten 1964an. Hamar urte eman zituen espetxean, eta erbestera jo zuen gero.

1979an, Landcaster House hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen. Rhodesia independentea Zimbabwe bihurtu zen orduan. Lehenengo hauteskundeen ondoren, errepublika berriaren gobernuburua izan zen Mugabe, eta gero kargua ezabatu zuten, bera presidente izendatuz. Hauteskunde guztiak irabazi zituen ondorengo hiru hamarkadetan; oposizioak iruzur egitea leporatu izan dio beti.

Mendebaldearekin etsaitua

Erretorika gogorreko presidentea izan zen Mugabe, eta gogor egin zuen beti Mendebaldeko potentzien aurka, bereziki Erresuma Batuaren aurka. Zimbabwek egoera ekonomiko larria izan du, neurri batean Mendebaldeak Mugaberi presio egiteko ezarritako zigor ekonomikoengatik.

2000. urtean, gaiztotu egin zen harremana, urte hartan sartu baitzen indarrean Lur Erreformaren Programa Azkarra, lurjabe zurien nekazaritzarako lurrak konfiskatu eta lurrik gabeko beltzen artean banatzeko legea. Ordura arte, biztanleen %0,6 baino ez ziren zuriak, eta lurren %70en jabeak ziren. Lurjabeen hilketak finantzatzea egotzi zioten Mugaberi, eta nekazaritza ekoizpenak nabarmen egin zuen behera.

2017ko estatu kolpeaz geroztik, Mugabe politikatik urrunduta bizi izan da, osasun makalarekin. Hil berritan, Afrikako Batasuneko Batzordeko presidente Faki Mahamatek adierazi du «askatasun panafrikanistaren eta integrazio kontinentalaren aldeko borrokalari ikonikoa» zela. Cyril Ramaphose Hegoafrikako presidenteak «kolonialismoaren aurkako txapeldun» moduan oroitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.