Arrakastaduna, hori bai, baina umorista soil bat zenean, duela ez hainbeste, Volodimir Zelenski konturatu zen herritarrak ez zirela fidatzen Ukrainak azkeneko 28 urteotan eduki dituen agintariez. Politikaren lehen lerrora jauzi egin zuenean, beraz, politika egiteko beste modu bat agindu zuen, eta ukrainarrei zin egin zien berak «botere zaharra» deitzen dion sektore horretako kideak, burokratak eta oligarkak batik bat, botere postuetatik kenduko zituela. Herritarrek bat egin dute harekin, eta Zelenskik eskura dauzka beharrezko tresnak erreformak egiteko, Ukrainan bide berri bat irekitzeko. Bozak nabarmen irabazi eta gero, joan den maiatzean presidente izendatu zuten, eta, herenegun, parlamentu berria osatzeko egindako aurreratutako hauteskundeak Herriaren Zerbitzaria haren alderdiak irabazi zituen, erraz. Botoen herenak zenbatuta, Rada Gorenean gehiengo osoa edukitzeko moduan da.
Aste honetan emango dituzte emaitza ofizialak, baina herenegun gauean, botoen %43 inguru bereganatuak zituela bazekienean, Zelenskik hitza hartu zuen Herriaren Zerbitzariaren egoitzan, Kieven, eta bere jarraitzaileei adierazi zien «botere zaharra» iraganeko kontua dela. Jakinarazi zien, gainera, zeintzuk izango diren bere lehentasunak baldin eta, dirudien bezala, bakarrik edo aliatuekin, gehiengo osoa lortzen badu: «[Donbass eskualdeko] Gerra bukatzea, gerra presoak bueltatzea, eta ustelkeria garaitzea».
Ikusteko dago bakarrik gobernatzeko gehiengoa lortuko duen ala ez. Ukrainan inoiz ez da halakorik gertatu. Haren alderdikoak baikor zeuden atzo, eta adierazi zuten 255 eserleku lortuko dituztela. Radak 450 eserleku dauzka, eta gehiengo konstituzionala 226n dago.Bestela, kanpainan egin bezala, herenegun ere Ahotsa alderdiko liderrari, Sviatoslav Vakartxuk rock izarrari, aliantza bat osatzeko eskua luzatu zion Ukrainako presidenteak. «Aspaldi proposatu nion». Botoen %5 behar dira ordezkaritza parlamentarioa lortzeko, eta, zenbaketa kontuan hartuta, Vakartxukek %6 lortuko ditu. Okean Ezly taldeko abeslariaren alderdia ere berria da.
Koalizio bat egiteaz mintzatu zen Zelenski herenegun, eta, Dmitri Razumkov Herriaren Zerbitzariko liderrak atzo azpimarratu zuenez, «ideologia» eta herrialdearen etorkizunari buruzko «oinarrizko ikuspegia» partekatzen dutenekin hitz egingo dute. Ez dirudi, hortaz, Julia Timoxenko duela hamarkada bat lehen ministro izandakoaren Aberria alderdia mintzaideetako bat izango denik. Timoxenkok keinu bat egin zion Zelenskiri joan den astean, eta Herriaren Zerbitzarikoek erantzun zioten ez ziotela muzin egiten aliantza bati. Zenbakiek ziotenaren beroan, ordea, Zelenskikadierazi zuen ez duela aurreikusten inongo koaliziorik egitea «garai bateko boterearekin». Eta Timoxenko, hain zuzen ere, garai bateko politikaren ordezkaritzat hartzen du.
Lehen ministro izateko, «iragan politikorik gabeko profesional bat» nahi du Zelenskik; teknokrata bat, «ekonomiaren guru bat», herenegungo bere hitzak aintzat hartuta. Gobernuko ministroak eta estatuko kide esanguratsu guztiak ere presidenteak proposatuko ditu, eta, gero, parlamentuak onartu beharko ditu.
Inoizko emaitzarik onenak
«Gazteak, profesionalak eta ondraduak» izango dira Radako kideak, Vakartxukek herenegun esan zuenez. Eta orain arte argitaratutako emaitzen joera bere horretan mantentzen baldin bada, ganberako 424 diputatuen erdiak aurrenekoz eseriko dira hemizikloan. 450 eserleku ditu, baina herrialdeko 26 barruti ez daude Kieven kontrolpean —hego-ekialdean eta Krimean—, eta, horrenbestez, 424 edukiko ditu.
Zelenskik baditu pozik egoteko motiboak. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna 1991n desegin zenetik eta Ukraina independizatu zenetik, Radarako bozetan alderdi batek inoiz lortu duen emaitzarik onena lortu du Herriaren Zerbitzariak. 30 bat milioi ukrainarrek zuten bozkatzeko aukera, eta parte hartzea %50 ingurukoa izan zen.
Espero zen Zelenskik jopuntuan jarritako politikari klasikoen alderdiek emaitza oso onak ez lortzea, eta hala izan da. Juri Boiko errusiazalearen Oposizioaren Plataforma boz gehien lortu duten indarretan bigarrena izango da, bai, baina oraingoz botoen %12 baizik ez ditu lortu. Petro Poroxenko azken bost urteotan herrialdeko presidente izan denaren Europar Elkartasuna, berriz, ozta-ozta helduko da %9ra.
Azkeneko bi hilabeteotan, Poroxenkoren alderdiak blokeatu egin du Zelenskik ezarri nahi zuen agenda parlamentarioa. Hemendik aurrera, ordea, eskuak libre izango ditu umorista ohiak. Herritarrek ustelkeria amaitzeko erreformak eskatzen dizkiote—baita NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere, maileguak emateko—, eta lehengo astean horretarako pauso esanguratsua eman zuen: lege proposamen bat aurkeztu zuen, eskatuz zigortuak izan daitezela legez kanpo aberasten diren funtzionarioak. Immunitate parlamentarioa errotik erauzi nahi duela dio Zelenskik. «Herriak zigorrak nahi ditu», azpimarratu zuen, herenegun.
Putinekin, zuzenean
Donbass eskualdeko gerrari dagokionez —13.000 hildako 2014tik—, Kievek eta ekialdeko errusiazaleek su-etena adostua dute. Poroxenkok ez bezala, ordea, Zelenskik Vladimir Putin Errusiako presidentearekin zuzenean negoziatu nahi du.Kremlinek hauteskundeez ohar bat argitaratu zuen atzo, eta Zelenskiri eskatu dio herritarrek eman dioten konfiantza «helburu bakezaleekin» erabiltzeko.
Ukraina
«Botere zaharra» baztertzera
Botoen bi heren inguru zenbatuta, Zelenski Ukrainako presidentearen alderdia bidean da parlamentuan gehiengo osoa lortzeko. Teknokrata bat nahi du lehen ministro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu