NUG Batasun Nazionaleko Gobernuak proposatu dio Myanmarko junta militarrari negoziazioak hastea, «botere trantsizio baketsu bat» egiteko. Bere burua herrialdeko gobernu legitimotzat daukanak iragarpen hori egin du gaur ohar batean, noiz-eta bihar hiru urte beteko diren honetan armadako militar talde batek estatu kolpe bat eman eta agintea hartu zuenetik. Baina urrian juntaren aurkako erasoaldia hasi zuen NUGek etnia gutxituetako gerrillen bidez, eta haren buruetako batek, Duwa Lashi Lak, atzo foro batean adierazi zuen «aurrerapauso harrigarriak» eman dituztela eta militarrak garaitzear daudela. Juntak jakinarazi du, gaur, beste sei hilabetez luzatuko duela bihar amaitzekoa zen larrialdi egoera.
Bere burua Myanmarko gobernu zilegitzat daukanak «presio egiten» jarraituko du lider militarrek har dezaten negoziatzeko eta, hortaz, junta indargabetzeko erabakia. Oharrean jaso dutenez, «trantsizio gobernuaren» helburua izango da «bakea eta egonkortasuna» bermatzea, modu horretan herrialdea «berreraiki» ahal izateko. Eta behin-behineko gobernu hori osatuko lukete militarren diktaduraren aurkako «iraultzan» parte hartu duten alderdi eta entitateek. Horien zereginetako bat izango litzateke konferentzia nazional bat hauspotzea herrialdeko jurisdikzioen mugak adoste aldera. Prozesuaren azken-aurreko pausoa izango litzateke konstituzio berri baterako testua idaztea eta onartzea; eta azkenekoa, hauteskundeetara deitzea.
Baina juntak azpimarratu izan du azken hilabeteetan «terroristak» direla haien kontra borrokatzen ari direnak, eta «albiste faltsuak» direla militarren gehiegikeriei buruzkoak. Gezurtatu izan dute, era berean, soldaduak desertatzen ari direnik, NGUk esan bezala. Bihar bukatzen da juntak duela sei hilabete ezarritako azken larrialdi egoera, eta ikusteko dago hori luzatzen duen ala ez. Bien bitartean, boz posible batzuetan —ez dute zerikusirik trantsizio posiblearen amaieran NGUk egin nahi dituenekin— parte hartzeko alderdiei ezarritako eskakizunak murriztu ditu, gaur ohar batean jakinarazi duenez.
Kolpearen ondorioz kargugabetutako hautetsiek osatzen dute, nagusiki, NGU, eta Lak atzo nabarmendu zuen «garaipena» geroz eta gertuago dagoela «egunez egun», eta «militar kriminalek» ez dutela «zanpatuko» herriaren borondatea. Horren harira, Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak esan izan du militarrek «sistematikoki» eraso egiten dietela zibilei, osasun zentroei eta eskolei, eta nazioarteak ez diola «behar besteko arretaz» begiratzen gertatzen ari denari. Myanmarko GKE gobernuzko kanpoko erakunde bat da Preso Politikoak Laguntzeko Batzordea, eta, haren datuek diotenez, 4.500 zibil inguru hil dituzte kolpetik, eta militarrek 20.000 bat pertsona atxilotu dituzte.
Militarrek, kolpea argudiatzeko, esan zuten Aung San Suu Kyi herrialdeko Estatu kontseilari ohiaren (2016-2021) alderdiak iruzurra egin zuela 2020ko hauteskundeetan —aire irabazi zituen, 2015ean bezala—. Aung San Suu Kyi atxilotu egin zuten, eta, orduz geroztik, kartzelatuta dago. Aurreko junta militarraren agintaldian (1962-2011) hamabost urte egin zituen espetxean. 1991n Bakearen Nobel saria jaso zuen.