Bostak, Kubari beti fidel

Fidel Castrok 'Kubako bost heroiei' harrera egin baino ordu batzuk lehenago, haiekin bildu da BERRIA, preso igaro zituzten urte latzen eta Kubaren etorkizunaren inguruan mintzatzeko. «Fidagaitz» ageri dira AEBekin, Habanak harremanak normaltzeko elkarrizketak hasi arren.

Fernando Gonzalez, Rene Gonzalez, Ramon Labañino, Antonio Guerrero eta Gerardo Hernandez, Habanara iritsi berritan. ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
Habana
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Kubako Errepublikako heroi gisa kondekoratu dituzte ofizialki, eta maitasun neurrigabea die herriak, egunez egun haiek askatzeko borrokatu zen herri horrek. Mende honetako Kubako etikaren eta leialtasunaren ikur bihurtu dira Bost Heroiak: Gerardo Hernandez, Ramon Labañino, Antonio Guerrero, Rene Gonzalez eta Fernando Gonzalez. 1998ko irailean atxilotu zituzten AEBetan, eta hamabi eta hamazazpi urte artean egin dituzte preso. Habanak eta Washingtonen egindako preso trukeen ondorioz, Kuban elkartu dira berriro bostak.

«POESIA IZAN NUEN ERRESISTENTZIARAKO ARMA»

Antonio Guerrero (Miami, 1958)

Espetxean eusteko indarra «errugabea izateak» eman zion nagusiki Antonio Guerrerori. Baina poesia ere hasiera-hasieratik «erresistentziarako arma» bihurtu zitzaiola azaldu du: «Gogoan izan 24 ordu ematen nituela zelda batean itxita, kanpoko munduarekin inolako harremanik ez nuela, eta poesia nuen lagun». Gutun bidezko komunikazioan ere poesia baliatu zuen preso eduki zuten urteetan: «Lagungarri zitzaidan nire poemak irakurtzen zituztenekin komunikatzeko; nire bizitza zer zen kontatzen nien, eta zer nintzen ni garai hartan».

Izan al zenuen beste baliabiderik une haietan eutsi ahal izateko?

Horixe baietz. Lehenbizikoa, pentsatzea egin genuen hura Kubarengatik ez ezik munduko biztanle ororengatik ere egin genuela. Hegazkin batean edo turismogune batean bonba bat jartzea, terrorismoaren zigor hori izana genuen ordurako Kuban.

Beste baliabide bat morala zen: Kubaren historian pentsatzea. Jose Martiren irudia, Cherena eta Mandelarena inspirazio iturri etengabea ziren, ez soilik poesiarengatik, baizik izan zuten borrokalari bizimoduarengatik.

Zuek denek gogaidetsu zineten garai hartan, inolako harremanik izan ezin zenuten arren; horixe da interesgarria.

Hori izan zen beste tresna funtsezko bat: boston printzipioek bat egiten zutela, anaitasuna genuela, bagenekiela adiskideak norberarekin batera jarriko zuela oina lurrean, zernahi gertatuta ere. Gutako hiruk —bizi guztiko zigorra genuenok— AEBetako espetxerik okerrenetan bukatu genuen. Eta orduan, nahiz eta baikortasunari nolabait eusten nion, konturatu nintzen hil egin nintekeela kartzela haietan, baina idazten jarraitu nuen hala ere, zeldatik ezin irten nengoenean batez ere. Eta zabaltzen zidatenean, patioko ohiko gertakarietatik ihesi, halako lekuetan izaten diren gatazka eta eztabaidetatik ihesi, bestelako lokal batean babestu nintzen miragarriro, jendea marrazten eta pintatzen aritzen zen leku batean. Orduan, beste arma bat lortu nuen jokaleku hartan: sorkuntza plastikoa. Egin nituen erretratuak, eta, gero, margolan batzuk pastelekin, eta autodidakta gisa joan nintzen haziz. Eustearren egiten genuen guztia, eta ez genuen pentsatu ere egiten gerora elkartasunaren adiskideek liburu, musika eta erakusketa bilakatuko zutenik hori dena.

Zer moduz bizimodu berria? Nola aurkitu duzu Kuba?

Prest gaude eredu horiekin berekin eta arma horiekin berekin ekiteko aurrerantzean etorriko denari. Aurkitu dudan Kuba honek aldaketa logiko batzuk izan ditu, baina, funts-funtsean, nik utzi nuen Kuba haren oso antzekoa da. Gauza batzuk ondo ikusten ditut, eta beste batzuk, ez hain ondo; baina herri berbera da, bere poz, bere izaera, iraultzaren alde edozer emateko prest. Azken batean, horixe gara bostok, iraultzaren semeak, esperientzia jakin bat egokitu zitzaienak, eta horixe besterik ez gara herriarentzat: beste iraultzaile batzuk. Bestalde, blokeoa hor dago oraindik, eta hor dago Kuba ez garatzeko asmoa, garai hartako politika hura bera, zaharra baina beste molde batean aurrera egindakoa, iraultza suntsitzeko. Hori egin nahi izan zuten gurekin, gu zigortzeko. Iraultzak, ordea, hortxe dirau, irabazi eta irabazi, Fidelekin eta Raulen gidaritzarekin.

«SARTU GINENEAN BAINO HOBETO IRTEN IZANA: HORIXE DA GARAIPENA»

Rene Gonzalez (Chicago, 1956)

Espetxea «ikasteko prozesu bat» dela dio Rene Gonzalezek, eta lehen-lehenengo pausoa «helburu bat» jartzea dela azaldu du: «Horretan bat egin dugu bostok. Zu berehala konturatzen zara haiek suntsitu egin nahi zaituztela, zure izate fisikoa, morala, mentala direla kartzelarien jomuga. Lehen egunean bertan ikasten duzu hori defendatu behar duzula, eta kartzelan sartu zintuztenean baino hobeto ateratzea dela garaipena. Hortik aurrera, nork bere estrategia hartzen du, bere ezaugarrien arabera».

Zer harreman zenuten beste presoekin?

Preso afroamerikarrek, oro har, tratu atsegina zuten gurekin. Kartzelan, interesaren arabera egiten dira harremanak. Han ez du inork ezer debalde ematen. Baina bestela hezita gaude gu. Adibidez, etortzen zen preso bat eta eskatzen zizun begiratzeko lege agiri bat; zuk begiratu eta itzuli egiten zenion, eta, hark ordaintzekoa egiten zuenean, zuk ezetz, eta hura, jakina, harrituta. Eta, hortik aurrera, bestelako jarrera bat izaten zuten zurekin.

Kubara itzultzea.

Dudarik ez dut herriaren eta Kubako Gobernuaren babesa funtsezkoa izan zela kartzelan hain-hain gaizki trata ez gintzaten. Sekula ez ginen bakarrik sentitu. Orain aurkitu dugun Kuba honek mundu kapitalistara egokitu behar izan du, baina gu, lehen, mundu horretatik bereiz geunden, eremu sozialista bat zegoelako. Bat-batean, uhartetxo bihurtu zen herrialdea, ekaitz haren erdian nora ezean, eta, jakina, lemari bira bat edo beste eman behar izan dio bene-benetako bidea ez galtzeko, hots, sozialismoa eratzeko bidea ez galtzeko.

«AMIÑI BAT ERE EZ GARA FIO AEBEKIN»

Ramon Labañino (Habana, 1963)

Kartzelan sartu zituztenean adostu zuten bostek, Ramon Labañinok dioenez, ahal zuten guztia egin behar zutela irteten zirenean «askoz hobeto» irteteko. «Ez bakarrik itxuraz hobeto; intelektualki ere bai. Ez ziezagula eragin espetxe sistemako giroak. Nik neuk, denbora asko eman nuen irakurtzen eta artikulu batzuk eta poesia idazten. Ipar Amerikako ezkerreko liburu interesgarri asko irakurri nituen, elkartasun osoz bidaltzen zizkiguten eta».

Nolako harremana izan zenuen beste atxilotuekin?

Badut pasadizo bitxi bat, eta kontatuko dizut: espetxera heldu nintzenean, kapitainak hartu ninduen, halako segizio oldarkor samar bat zuela ondoan, eta galdetu zidan: «Castroren espioi bat haiz hi orduan? Gogorra haizela usteko duk noski! Ez al duk gustuko, ba, nire presidente Bush?». Ni probokatu nahi hark etengabe. Eta, orduan, esan zidan «zulora» eramango ninduela eta handik ateratzen nintzenean sekula ezagutu dudan «kubatarrik gaiztoena» zegoen unitatera bidaliko ninduela, ea nola moldatzen nintzen harekin.

Aste haren bukaeran, zulotik atera eta herrira eraman ninduten, beste presoak zeuden lekura, eta nik uste nuen kubatar ospetsu horrekin topo egingo nuela han. Iritsi nintzen unitatera, neuzkan bi gauzatxoak eskuan, eta sartu orduko ikusi nuen kubatarra: tipo bat altua, argala; gizon galant horietako bat, badakizu. Eta, haren ondoan, bi bizkartzain moduko. Sartu nintzen, eta, ni ikusi orduko, hantxe hasi zitzaidan garrasi batean deika. Nik, neure artean: badiagu iskanbilaren bat. Eskuan nituenak lurrera bota, eta hurbildu nintzen hura eserita zegoen lekura, edozertarako prest. Orduan, hark galdetu zidan: «Motel, hi al haiz Castroren bost espioi horietako bat?». Eta nik tonu berean erantzun: «Bai, motel, horietako bat nauk ni. Eta? Problemarik ala?». Halako batean, salto batez jaiki zen hura, eta zera bota zidan: «Anaia, hator hona». Eta besarkada bat eman zidan. «Zuek bai benetan ederrak». Anaia bihurtu zitzaidan. Alejandro du izena. Handik bolada batera irten zen, hogei urteko zigorra beteta, eta kanpotik ere idatzi zidan aurrerantzean.

Gai al da Kuba AEBen taktika berriaren erronkari aurre egiteko, hots, «harremanak malgutzeko»?

Horixe baietz. Gu gure sozialismoaren eginbeharrak betetzen ari gara, gure betiko definizio ideologikoen barruan. Mezu horixe bidali behar diegu nazioarteko ezker osoko kideei. Aurreko batean, zera irakurri nuen Alemaniako ezkerreko egunkari batean: Kuba, ez zaitez fidatu AEBekin. Lelo hori Che Guevararen garaitik datorkigu. Gu amiñi bat ere ez gara fio AEBekin; kontua da garai historiko batean gaudela gure herrialdearen eraldaketa sozialen arloan, eta guk geuk irauteko egin behar ditugula aldaketa horiek. Baina argi izan dezatela denek herri duin bat dela gurea, badakigula gure subiranotasuna defendatzen, eta gure agintariak prestatuta daudela gai latzei aurre egiteko. Borroka zaila dator. Gu seduzitzen saiatuko dira, gure koadroak erosten, alderdiak sortzera bultzatzen; ekonomia eraldatu eta kapitalista bihurtu nahiko dute. Muturreraino eraman behar dugu gure zaintza iraultzailea, eta Chek irakatsi zigun bezain kontuz ibili. Badakigu inperialismoak gure lurra usurpatzeko taktika berri bat dela hau.

«IRRIBARRE BATEKIN, BURUA EBAKI NAHI DIGUTE»

Fernando Gonzalez: (Habana, 1963)

Eusteko, Fernando Gonzalezen ustez, printzipioak dira funtsezko, «norberak odolean daraman hori». Kuba hasieratik independentziaren aldeko borrokan eratu zela dio: «Beti egin diegu aurre botere izugarriei, eta horrelaxe mamitu da kubatarron herritartasuna. Barrenean eramaten da hori; kontu emozionala da erabat. Espetxean nengoela, jabetu nintzen gertatzen ari zitzaidan hori guztia ez zela neure kontrakoa, baizik Kubaren kontrakoa».

Zu luze egon zinen Oscar Lopez Rivera preso politiko puertorricarrarekin.

Pribilegio hutsa izan zen. Lau urte izan ziren; ordurako, 30 urte zeraman kartzelan. Erresistentzia borikuaz mintzatu ginen, haren herrialdeko ezker iraultzaileaz, bai eta borroka hark AEBetan zuen errealitateaz ere, han bizi eta borrokatu baitzen bera.

Pertsona serioa da Oscar, oso ondo prestatua, mundu guztiak maitatua eta miretsia, baita gu geunden inguru zail hartan ere.

Nola ikusten duzu gaurko Kuba honetan AEBen «hurbilketa»?

AEBek ez dute asmo onik. Azken 56 urteetan ezarri diguten politika gogorraren inguruan Obamak zer esan duen irakurri, eta zera dio berak: «Asmo onak besterik ez dugu izan, baina, hala ere, ez da ondo atera». Eta, orduan, beste taktika bat abiatzea erabaki dute. Gu ito, horixe nahi dute oraindik, eta gu prest gaude haiei aurre egiteko. Jakina, aurrera egin nahi dugu guk, bizimodu lasaixeagoa izan. Kontua ez da orain bat-batean panazea lortzea, baina lortzen badugu AEBekin auzokide harreman errespetuzko bat izatea, askoz ere hobe. Ez zaigu ahazten, ordea, guri burua ebakitzea dutela helburu, aurpegian irribarrea dutela noski, enbaxadetako kokteletan-eta parte hartuz, baina asmoa aldatu gabe.

«SEKULA EZ GARA ITZULIKO 1959KOAREN AURREKO KUBARA»

Gerardo Hernandez (Habana, 1965)

Zer garrantzi izan du nazioarteko elkartasunak zu askatzeko orduan?

Funtsezkoa izan da. Ez bakarrik emaitza hau lortzeko; izugarri garrantzitsua izan da gu boston erresistentziarako, egunez egun. Gogora ekarri nahi dut, adibidez, une zinez zail bat. Zaharra zen espetxe hura, eta oso egoera txarrean zegoen. Kutxa izeneko leku batean jarri ninduten ni, zuloaren azpian. Han, goiko zeldako komuna husten zutenean, ur zikina isurtzen zen nire ziegako paretetan behera. Gainera, 24 ordu edukitzen ninduten argia piztuta, ia biluzik, eta irakurtzekorik batere gabe. Orduan, kanpoan gertatzen ari zenaren berri iritsi zitzaidan, nola adiskideak manifestazioa egiten ari ziren Espetxe Bulegoaren eta Justizia Departamentuaren parean, gu aske utz gintzaten, eta horrek izugarrizko indarra eman zidan.

Duda izan al zenuen inoiz ez ote zinen Kubara itzuliko?

Duda ez da, beharbada, hitzik egokiena, baina guk badugu esaera bat Kuban: «Bi zorrotxo eduki behar dira: bat, gauza onentzat, eta bestea, gauza txarrentzat». Bada, inoiz aberrira itzultzen baginen ere, horretarako genuen guk zorroetako bat. Eta ez dizut gezurrik esango: pentsatzen genuen, bai, bestela gerta zitekeela, eta, gaitzik gaitzenean, espetxean hiltzeko prestatu nintzen. Ez gure herriak eta gure gobernuak bazter utzi gintuztelako, baizik kartzelan izaten ziren egoera batzuengatik.

Kubatik kanpo, batzuek uste dute gaur egungo erreforma ekonomiko eta sozialak kapitalismorako urrats bat direla. Zer erantzungo zenieke?

Nire ustez, askok hori esaten badute, hori gertatzea nahi dutelako da. Iruditzen zait jokaleku hau oso interesgarria dela; formula berriak aplikatzen ari gara, eta zer aukera ditugun pentsatzen. Gure helburu nagusia Kubarako eredu bat lortzea da; badira dagoeneko eredu horren ildo batzuk, baina praktikaren gainean teorizatzen ari gara oraindik. Mundu berri bat dugu aurrean, baina sinetsita nago —kubatar asko borrokatuko ginateke honelakorik gerta ez dadin— ez garela sekula itzuliko 1959aren aurreko Kubara, ezta herrialde askotan dagoen berdintasun falta ikaragarrira ere, non boteretsuek zapaldu egiten dituzten behartsuenak. Horra itzultzea gure historia guztia ukatzea litzateke.

Hori bai: ekonomikoki zer mekanismo ezarri, zein bai eta zein ez… Uste dut horren gainean ezin garela izan eskematikoak. Gai izan bagara 50 urtean baino gehiagoan blokeo bati aurre egiteko, gai izango gara Kubarako eredu bat sortzeko, zeina, Martik dioen bezala, herritar guztien onerako izango den.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.