Errusiako bost polizia hil eta beste bi zauritu ziren atzo Kaukaso iparraldean, Dagestan errepublikan, gerrillariekin izandako borroketan. Errusiako agentzienarabera, Dagestango herri txiki batean ustezko gerrillariek polizia patruila bat metrailatu zuten eta bertan hil ziren hiru polizia.
Erasoaren ondoren, segurtasun indarrek operazio bat jarri zuten martxan, ihes egindako erasotzaileak atxilotu ahal izateko. Gerrillari talde bat inguratu zutenean izandako borroketan hil ziren beste bi poliziak. Errusiako Poliziarenarabera, hiru gerrillarik amore eman zuten eta atxilotu egin zituzten. Gertatutakoa argitzeko talde berezi bat bidali du Instrukzio Batzordeak.
Dagestan errepublikan ohikoak dira segurtasun indarren eta gerrillarien arteko borrokak. Duela bi aste, esate baterako, Errusiako soldaduek ustezko sei gerrillari independentista hil zituzten. Bertsio ofizialaren arabera, ustezko gerrillariek Makhatxkala hiriburuko etxebizitza batean bi haur gatibu hartu zituzten, militarrek eraikina inguratu zutela eta. Soldaduek ustezko bahitzaileekin negoziatu zuten, eta horiek haurrei irteten utzi ostean, militarrek erasoari ekin zioten; ustezko sei gerrillariak bertan hil zituzten. Maiatzean, hiriburuko beste eraso batean, bi suizidak hamahiru pertsona hil zituzten, bi auto leherrarazita.
Hain justu, martxoan, Errusiako Gobernuak 30.000 soldadu mugitu zituen Txetxeniatik Dagestanera, gerrillarien ekintzek gora egin dutela eta.
Bost polizia hil dira Dagestanen, gerrillarekin izandako borroketan
Bertsio ofizialak dioenaren arabera, ustezko gerrillariek polizia patruila bat metrailatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu