Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 33,5 milioi pertsonak —bostetik batek— ez dute edateko ur nahikorik Etiopian, Kenyan eta Somalian. Azken urteetako lehortearen ondorioz, gainera, uraren prezioak goia jo du, eta 2021eko urtarriletik %400 igo da; hala, hura erostea ezinezko bilakatu da 22,7 milioi lagunentzat. «Aurreikusten dugu euri gutxi egingo duela aurten ere, seigarren urtez jarraian, eta, aurreikuspen horiek betetzen badira, inoizko lehorterik luzeena litzateke», nabarmendu du Oxfam erakundeak ohar batean.
Afrikako Adarrean ekainetik apirilera bitartean izan ohi da euri garaia, baina, azken urteetan, litro gutxi batzuk baino ez ditu bota eskualdeko herrialdeetan, eta, beraz, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren milaka lagunen biziak arriskuan daude. «Gose handiena jasaten ari direnek dute egarri handiena. Uztak eta animaliak galduta, baliabide ekonomikorik gabe geratu dira, eta, orain, ura gero eta garestiagoa den honetan, hura lortzeko ere ordaindu egin behar dute», azaldu du Fati N'Zi-Hassanek, Oxfameko Afrikarako zuzendariak.
Lehortea, ofizialki, duela bi urte hasi zen Afrikako Adarrean. Tarte horretan, 13 milioi abelburu hil dira ur eskasiagatik, eta galdu egin dira milaka uzta hektarea ere. Ondorioz, 1,75 milioi lagunek utzi behar izan dute euren bizitokia, ura eta janaria eskuratu ahal izateko. «Ehunka mila lagun bizi dira larrialdiko ur banaketari esker, edo tratatu gabeko ura edan behar dute, eta hori, maiz, kutsatua dago. Kontsumitzeko urik gabe, gaitzak zabaltzeko aukerak gehiago dira», ohartarazi du N'Zi-Hassanek.
Herrialde gehienetan ez dute ezarri gosete egoera, baina ia erabat bizi dira nazioarteko laguntzaren menpe. NBE Nazio Batuen Erakundeak Afrikako Adarreko hiru herrialdeentzat eskatutako 6.500 milioi euroetatik %20 soilik jaso dituzte orain arte.
Hondamendia
Somalian bakarrik 7,1 milioi lagun zeuden berehalako laguntza beharrean iazko urte amaieran. Herrialdeko zortzi eskualdetan daude gosete egoera ezartzeko zorian. Nazioarteko laguntza iristen ari den arren, ez da beharrak asetzeko adinakoa, eta indarrean den gatazkak are gehiago okertu du egoera.
Iaz, berriz, ur faltak 43.000 lagun hil zituen; erdiak 5 urtetik beherako haurrak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuak dira. OMEren aurreikuspenek jasotzen dutenez, larrialdiko neurriak hartu ezean litekeena da aurtengo lehen seihilekoan egunean 135 pertsona hiltzea.
Somaliako Gobernuak nabarmendu du Bay, Bakool eta Banadir eskualdeetan dutela egoerarik okerrena. Osasun ministro Ali Hadji Abubakarrek nazioarteari eskatu dio laguntza, «gosete arriskua» alde batera uzteko. Harekin bat etorri da OMEko ordezkari Mamunur Rahman Malik, eta ohartarazi du «erlojupeko lasterketa bat» dela, eta elkarlanarekin milaka lagun hiltzea eragotz daitekeela.
NBEren arabera, giza laguntzari esker izkin egin zaio gosetearen mehatxuari. Baina benetako krisia ez da konpondu, eta somaliarrek janari eskasiak dakarkien hondamendia jasan beharko dute aurrerantzean ere. Jende gehiago egongo da elikagairik gabe: 214.000 dira orain, eta 727.000 izango dira; hala iragarri du OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko buru Jens Laerkek. Bost mailako eskalan, laugarren faseko larrialditzat jo dute Somalian duten egoera, eta uste da txarrera egingo duela ondoko hilabeteetan.
Laboreen galerak, abereen heriotzek eta goseteak ehunka mila pertsona behartu ditu ihes egitera. Al-Shabab gerrilla islamistaren aurkako erasoaldiak eta giza krisiak hartzen dute gobernuaren aurrekontu ia osoa, eta, beharrak handitu ahala, gobernuak gero eta ahalmen txikiagoa du arazoari aurre egiteko.
Klima larrialdia. Afrikako adarra
Bost lagunetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean
Etiopian, Kenyan eta Somalian uraren prezioa %400 garestitu da 2021. urteko urtarriletik. Somalian 43.000 pertsona hil ziren iaz lehortearen ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu