Gutxienez bost lagun hil dira eta zaurituta daude beste hamasei, Ekuadorko Guayaquil hirian igande goizaldean izandako leherketa baten ondorioz. Cristo del Consuelo auzoan izan da leherketa, bi diskoteka klandestinoren ondoan, eta «atentatu terrorista» gisa izendatu dute agintariek. Lekukoen arabera, lehergailuz betetako zaku bat bota zuten kalean, diskoteken atarian. Biktima gehienak dantzaleku horietan zeuden pertsonak dira, baina etxebizitza batean zegoen andre bat ere hil da. Erabat suntsituta geratu dira zortzi eraikin, eta suhiltzaileak hainbat orduz aritu dira gorpuen bila.
Ekuadorko Gobernuak «krimen antolatuan dabiltzan mertzenarioei» egotzi die atentatua. Patricio Carrillo Barne ministroaren esanetan, «estatuaren aurkako gerra adierazpena» izan da leherketa: «Aurre egiteko elkartzen ez bagara, ordaina are latzagoa izango da gizartearentzat». Bertako hedabideen arabera, diskoteka bateko jabea zen atentatuaren helburua. Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da.
Guillermo Lasso presidenteak salbuespen egoera ezarri du 30 egunerako Guayaquilen, «hiria babesteko eta kontrola berrezartzeko beharrezko neurri guztiak» hartzeko: «Ez dugu utziko krimen antolatuak herrialdea gida dezan».
Joan den urteko apirilean hartu zuen presidente kargua Lassok. Botoen %52 eskuratu zituen bankari ohiak. UNES Itxaropenerako Batasuna alderdiko hautagaiari gailendu zitzaion eskuineko hautagaia, Rafael Correa presidente ohi erbesteratuaren ildo politikoak bozetan izan zuen ordezkariari.