Urriak 17, asteartea
Atzo nigana hurbildu zen heriotza. Gero eta ozenago aditu nituen haren pausoak. Masailezurrak ikusi nizkion, zabalik, gerturatu ahala. Egin ezazu behingoz, horixe pentsatu nuen.
Badira 11 egun gatazka piztu zela, baina egun guztiak egun bera dira dagoeneko: gaurko eguna atzoko bera da, bonbardaketa bera, albiste berak, beldur bera, usain bera. Ezer berririk ez. Bat bonbardaketa artean bizi da, eztanda artean, droneen aireko burrunban, F-16 hegazkinen zarataren pean. Kakofonia horrek film baten soinu banda dirudi, baina film hori zure bizitza da. Holaxe bizi beharra daukazu. Eta zeure buruari gogorarazi hemen honetan zaudela bizirik, ez dela film bat. Baina zalantzan jartzen duzu zeure burua ere: akaso film bat izango da, bai, zuri buruzko biopic bat, eta hila zaude.
Amak honela esaten zuen: «Hilek aditu egiten digute, Atef, hitz egiten badiegu, baina haiekin zintzo ari bagara baino ez». Neure buruari galdetzen diot ea dokumental batean nagoen, dokumental kaskar batean: propaganda hutsa besterik ez, ikusgai den herrialde horretan baino balio ez duena, ikusleen aurrejuzgu guztiak sendotzeko egina, komunikabideek gizendutako gezur guztiak finkatzeko. Beharbada, propagandarako dokumentaletan aipatzen dituzten hildako horietako bat naiz. Beharbada, hil diren horietako bat naiz, eta orain gezurra esaten ari zaizkizue, eta inork ezin dit aditu. Izen guztiak irakurtzen ditut albisteen teletipoan pantailaren behealdean, nirea noiz agertuko.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Bart gauean, nire lagunaren etxean lo egin behar izan dut, Jabalian, jaiolekua izan eta ia bizi guztia pasatu dudan iheslari esparruan. Aurreko hiru gauetan, prentsaren eraikineko lorategietan lo egin dut. 15 urteko nire seme Yasserrek nirekin pasatu ditu gauak, nire ondoan lotan, biok Gazan baikinen hau guztia hasi zenean, bisitan. Izuturik egon da, jakina. Prentsaren eraikina Rimal auzoaren erdi-erdian dago, Gaza hirian. Han pasatutako gau guztietan, metraila erori zaigu inguruan, ordua joan eta ordua etorri. Behin baino gehiagotan, jaiki eta beste babesleku batera joan behar izan dugu. Idazmahai berriz osaturiko bi ilararen artean lo egin behar izan dugu. Korridore batean pilaturik egon gara, Interneten eta ordenagailuen kablei begira-begira. Logaleak hartzen gaituenekoa entrega moduko bat da: norberak amore ematen du, oharturik gailentzen utzi behar zaiola logaleari, eta datorrena datorrela onartu, herioa badator ere.
Azken judizioko eguna
Telefonoa joka hasi zait bat-batean. Zisjordaniako senide bat da, Rulla: ea egiaztatuko dudan Talat Howa auzoan erasorik izan den, hor bizi baita gure lehengusu Hatem. Gaza hiriaren hegoaldean dago Talat Howa. Hatem, hain zuzen, Huda-rekin ezkonduta dago, nire emaztearen ahizpa bakarrarekin. Lau solairuko eraikin batean bizi da. Haren ama beheko solairuan bizi da, anaia gazteena (eta haren familia) lehenbizikoan, anaia zaharrena (eta haren familia) hirugarrenean, eta Hatem bigarrenean, familiarekin eta semearen familiarekin. Arratsaldeko zortziak dira.
Bati eta besteari deitzen saiatu naiz, jakin nahian Hatemen hiriko zer eraikini eraso dieten. Haien telefonoak ez dabiltza, ordea. Al-Xifa ospitalera abiatu naiz, oinez, izenak ikusteko: identifikatutako hilen zerrendak zintzilik daude inprobisatutako gorputegiaren kanpoaldean. Ezin hurbildurik nabil: ehunka gazatarren etxea da orain ospitalea, hango lorategia, hango korridoreak, eta familia bat dago lehen hutsik zegoen txoko bakoitzean. Amore eman, eta Hatemen etxe aldera jo dut.
Handik hogeita hamar minutura, haren kalean naiz. Misila erori denean, Hatemen anaia Hasim atera berria zen mandatuak egitera, zoriz edo hark esango lukeen bezala zoritxarrez. «Bai, egia da», baieztatu dit. Ordubete edo pare bat ordu izango dira Huda eta Hatemen eraikina bonbardatu dutela. Jadanik eramanak dituzte Hudaren alabaren eta biloben hilotzak; haiek dakitela, Wissam da bizirik iraun duen bakarra, Hudaren beste alabetako bat, eta zainketa intentsiboan dago orain. Geroago jakin dut Wissam operazio gelara eraman zutela zuzenean, eta bi zangoak eta eskuin eskua moztu behar izan dizkiotela. Artista gazte bat da, Gazako Arteen Goi Eskolan titulua lortu berria. Gerra pizteko bezperan, haren graduazio ekitaldira joatekoa nintzen, baina berandu iritsi nintzen kontu pertsonal bategatik. Hemendik aurrera, Wissamek zangorik gabe bizi beharko du, eta esku bakarra duela. «Eta gainerakoak?», galdetu diot Hasimi. «Ezin aurkiturik gabiltza», erantzun dit.
Eguna bukatu aurretik, bost gorpu atera ahal izan ditugu. Haietako lau: Mustafa, haren seme Adam, emaztea eta hiru hilabeteko haurra. Zoritxarrez, ez dugu beste inor aurkitu. Deika eta deika ibili gara. Garrasika gu: «Hor zaudete? Aditzen al digu inork?». Hondakinen artean galdutakoen izenak oihukatu ditugu, norbait bizirik egongo den esperantza etsiaz. Tamalez, hilerrira joan behar izan dugu bost orduz bila ibili ondoren, aurkitutako gorpuak lurperatzera.
Gaur gauean ospitalera joan naiz, Wissam ikustera; apenas zabaltzen dituen begiak. Ordu eta erdi pasatutakoan, galdetu dit: «Khalo [osaba], ametsetan ari naiz, ezta?”.
«Denok ere halaxe», nik.
«Izugarrikeria hutsa da nire ametsa!». «Zergatik halako amesgaiztoa? Zergatik?», erantzun dit.
«Izugarrikeriak dira gure amets guztiak», esan diot.
Hamar minutu isilik egon ondoren, bota dit: «Gezurrik ez esan, Khalo. Nire ametsean nago. Ez daukat zangorik, ezta? Ez daukat zangorik?».
«Baina ametsetan ari zinela esan duzu», erantzun diot.
«Ez zait gustatzen amets hau, Khalo», ilobak arrapostu.
Alde egin behar izan dut. Negar eta negar aritu naiz hamar minutuan. Egunotako basakeriek itota, ospitaletik atera naiz, eta kalean nabil noraezean. Nik neure artean: plato bihur genezake hiri hau, gerra pelikulak filmatzeko. Bigarren Mundu Gerrari buruzko filmak akaso, eta munduaren akaberari buruzkoak. Hollywoodeko zuzendaririk onenei eskaintzeko moduan gaude. Hemen denetik daukagu. Zernahi hondamenditan behar den guztia. Azken judizioko eguna, on demand.
Nork kontatuko dio hau nire emazte Hannari, han urruti, Ramallah-n? Nork du kemena hari esateko bere ahizpa bakarra hil diotela? Familia hil diotela? Nik ez dut halako kemenik. Nire kide Manar-i telefonoz deitu, eta eskatu diot Ramallahko gure etxera joateko, hurbileko lagun batzuekin, eta modua egiteko notizia ez dakion irits Hannari. «Gezurra esaiozu», nik Manarri. «Esaiozu F-16 hegazkinek eraso ziotela eraikinari, baina bizilagunek uste dutela Huda eta Hatem ez zeudela barrenean». «Non daude?». «Ez dakigu xuxen, baina nonbait egongo dira». «Sinesteko moduko gezurren bat kontaiozu», esan diot Manarri, «berria jakiten duenean arinago izan dakion, den mendrena bada ere».
Goizean, gorpuak bilatzeko lanetan laguntzera joan naiz. Eraikina «irudi hautsi andana bat» da, TS Eliot-ek esango lukeen bezala, eta droneak, hain goian eta hain txiki, ezin dira ikusi urdinaren infinitu hedakorrean; beraz, segurua da non babesturik ez dugula izango hondakinetan aztarrika gabiltzan bitartean, droneen burrunba biribil etengabearen pean. Hainbeste bizitza txikituta. Hudaren eta Hatemen etxerako bidean, birrindurik ikusi ditut dorreak, negozioak, eskolak, unibertsitatearen eraikinak. Berriz ere behartzen ari dira Gaza bere aldakuntza morbido horietako bat egitera. Baina hau beste kontu bat da; bestelako maskara bat jarri diote aurpegian. Ezin asezko haserre gorriaren maskara.
1973ko gerra hasi baino bi hilabete lehenago jaio nintzen, eta gerra amaigabe batean barrena bizi izan naiz geroztik. Lehen Intifadan, soldadu israeldarrek tiro egin zidaten. Gibelean sartu zitzaizkidan bala pusketak. 15 urte nituen. Oraindik ere gibelean dauzkat puska batzuk. Zirujau britainiarrak, gure ama lasaitu nahian, esan zion bizirik aterako zela bere mutikoa.
Heriotzarekin topo egiten dudan bakoitzean, aurrez aurre, orduan bezala kalearen erdian, ahaleginak egiten ditut kemena bildu eta neure artean errepikatzeko bizirik aterako naizela, zirujau ingeles hark amari esan zion tankeran. Oraingo hau diferentea da, ordea. Ezin dut neure burua konbentzitu. Ez dut asmatzen neure burua lasaitzen. Badakit ezin naizela gezurretan ibili. Bazter guztietan dago, herioa da, sentitzeko bezain hurbil. Ukitzeko bezain hurbil. Bizirik irautea ez dago eskura ditudan aukeretan.
Hurrengo atala: «Esnatzen naizenean baino ez naiz jabetzen bizirik nagoela»
Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.