Bost emakumetik batek sexu indarkeria jasan du adingabea zela

650 milioi emakumek nolabaiteko sexu indarkeriaren bat jasan dute adin txikikoak zirelarik, Unicefen txosten baten arabera. Zortzitik batek bortxaketak edota sexu abusuak pairatu ditu 18 urte bete aurretik.

Haurren aurkako sexu indarkeria gaitzesteko protesta, Parisen, iragan irailean. TERESA SUAREZ / EFE
Haurren aurkako sexu indarkeria gaitzesteko protesta, Parisen, iragan irailean. TERESA SUAREZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 10a
14:41
Entzun

650 milioi emakumek nolabaiteko sexu indarkeriaren bat jasan dute adingabeak zirela; hau da, munduko bost emakumetik batek. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak gaur argitaratu duen txostenak jasotzen dituen datu batzuk dira horiek. Neskatoen Nazioarteko Egunaren bezperan argitaratu du, errealitate hori salatze aldera. Unicefeko zuzendari exekutibo Catherine Russellek egoera gaitzetsi du, ohar bidez: «Haurren aurkako sexu indarkeria orban bat da gure kontzientzian».

Are gehiago, 650 milioi horietatik 370ek «kontaktuzko sexu indarkeria» pairatu dute; bortxaketak, esaterako. Hau da, munduko zortzi emakumetik batek bortxaketak edota sexu abusuak pairatu ditu 18 urte bete aurretik. Gainera, kasu gehienak biktimak 14 eta 17 urte artean dituztenean gertatzen direla azaleratu du txostenak. Unicefek azpimarratu du haurtzaroan nolabaiteko sexu indarkeriaren baten biktimak izan diren adingabeek «etorkizunean berriz sexu indarkeria pairatzeko arrisku handiagoa» dutela. Horregatik, nerabezaroan sexu indarkeriaren aurka ekitearen garrantzia nabarmendu du, eta adin horretan indarkeria pairatu dutenak «azkar artatzeko» deia egin.

Kasuak lurraldeka aztertu ditu Unicefek —bortxaketak eta sexu abusuak identifikatu dituzte soilik—, eta kasu gehien duen eremua Saharaz hegoaldeko Afrika da: emakumeen %22k nozitu dituzte sexu abusuak haurrak zirela; hau da, 79 milioi emakumek. Iparraldeko Amerikan eta Europan emakumeen %14k jasan dute sexu indarkeria adin txikikoak zirela.

%34

Adingabeak zirela Ozeanian sexu indarkeria jasan duten emakumeak. Unicefen eskualdekako datuei erreparatuz gero, Ozeaniak du haurren aurkako sexu indarkeriaren kasuen ehunekorik handiena. Kontinenteko emakumeen %34k —hau da, sei milioi emakumek— nolabaiteko sexu indarkeriaren bat pairatu dute haurrak zirela.

Unicefen arabera, kasuak areagotzen dituen arrazoi nagusi bat dago: eskualdeak «ahulak» izatea. Agentziak azaldu duenez, erakunde ahulak edo krisi politikoak direla medio errefuxiatu ugari dituzten eskualdeak dira horiek, besteak beste. Munduko herrialdeen %27 inguru dira horiek. Horrelako egoeretan, lau emakumetik bat bortxaketaren edo sexu abusuen biktima izan da adingabea zela. «Bortxaketa arma gisa erabiltzen da gatazkan dauden eremu askotan», gaitzetsi du Russellek. Munduko kasu gehienak, hala ere, ez dira horrelakoetan gertatzen. Russellek erasotzaileen soslaian jarri du arreta: «Askotan, haurrek ezagutzen dituzten eta haiengan konfiantza duten pertsonak dira erasotzaileak. Are gehiago, seguru sentitu beharko luketen lekuetan izaten dira eraso horietako asko».

Gizonen kasuan, kopuru txikiagoak dira; halere, «kezkagarriak» dira: 410-530 milioik nolabaiteko indarkeria sexuala jasan dute adingabeak zirela. Sexu abusuei dagokienez, 240-320 milioik pairatu dituzte; hau da, 11 gizonetik batek sexu abusuak jasan ditu adin txikikoa zenean. Gizonezkoen datuak ez dira zehatzak, txostenak dioenez. Izan ere, sei herrialdetik batek soilik biltzen ditu gizonezkoen inguruko datuak. Hori dela eta, Unicefek datu gehiago biltzeko baliabide ekonomikoak erraztea eskatu die mundu osoko gobernu eta erakundeei.

Neurriak hartu

Baliabideak handitzeak, gainera, ez du soilik ekarriko adin txikiko gizonen aurkako sexu indarkeriaren datu zehatzagoak edukitzea, agentziaren iritziz. Izan ere, emakumeen kasuetan ere datu falta dagoela salatu du, eta hori hobetuz gero sexu indarkeriak haurrengan duen «benetako eragina» jakin daitekeela nabarmendu du. Kasuak detektatzea garrantzitsua da, Unicefen arabera, haurrak zirela sexu indarkeriaren biktimak izan direnek sexu bidez kutsaturiko gaixotasun gehiago izateko «arrisku handiagoa» baitute. Hori ez da biktimek etorkizunean izan dezaketen arrisku bakarra. Unicefek dio antsietatea, depresioa eta halako beste gaixotasun batzuk izateko, sozialki bakartuta geratzeko eta drogak neurririk gabe hartzeko arriskua ere handitzen dela. Hori dela eta, sexu indarkeria apaltzeko neurriak hartu behar direla azpimarratu du agentziak.

Erasoak zenbat eta beranduago salatu, orduan eta arrisku handiagoa dagoela gaineratu du Unicefek. Hori dela eta, munduko haur guztiei sexu indarkeria identifikatzeko eta salatzeko erak irakastearen garrantzia adierazi du, betiere haien adinaren arabera ulertu dezaketen eran.

Indarkeria apaldu eta biktimengan izan ditzakeen eraginak leuntze aldera, beste zenbait neurri proposatu ditu agentziak. Biktima izandako haurrek sendatzeko beharrezkoak dituzten zerbitzuak ziurtaturik izatea etorkizunean okerrera ez egiteko eta adingabeak sexu indarkeriaren aurrean babesteko legeak sendotzea, adibidez. Gobernu eta erakunde publikoetatik at, herritarrei begiratu die Unicefek. Gizarte eta kultura arauak aldatzeko eskaera egin du, sexu indarkeria ahalbidetzen dutenak baztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.