Bosnian, eskolan bertan hasten da sektarismoa

Komunitateen arteko errezeloa, klase politiko nazionalistak hauspotuta, maiz eskolan bertan barnerarazten zaie ikasleei. Herrialde ia osoan, haurrak eskola konfesionaletara joaten dira, eta ez dira nahasten beste etnia batzuetakoekin.

Haris Idriz, Mostarren ikasle kroaziarrak eta bosniakoak nahasten dituen institutu bakarreko zuzendari izandakoa, institutu horretan. R. GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Mostar
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Duela hiru hamarkada, tropa kroaziarrak eta bosniakak gogor aritu ziren elkarren kontra borrokan Mostarren; gaur egun, fronteko muga izan zena orbain ikusezin bat da, hiria bitan banatzen duena. Gerraostean ez bezala, gaur egun ohikoa da herritarrek muga gurutzatu eta beste komunitatea nagusi den aldera jotzea erosketak egitera, baina oraindik ez dute konfiantzarik elkarrengan. «Gure eremuan baino ez naiz sentitzen bakean», aitortu du bosniar musulman batek, Sasa Ibrulj kazetariak. Komunitateen arteko errezelo hori, klase politiko nazionalistak hauspotua, maiz eskolan bertan barnerarazten zaie ikasleei. Izan ere, herrialde ia osoan, eskola konfesionaletara joaten dira haurrak, eta ez dira nahasten beste etnia batzuetakoekin.

Daytongo Bake Akordioan, sistema bat sortzeaz gainera kargu politikoak kuota etnikoen bidez banatzeko serbiarren, kroaziarren eta bosniaken artean, zenbait administrazio maila ere ezarri zituzten: esparru autonomo bat Brckon, eta bi eskualde, Serbiako Errepublika eta federazio kroaziar-musulmana, hamar kantonamendutan banatuta. Administrazio maila horietako bakoitzak bere hezkuntza ministerioa du, eta bere hezkuntza sistema. Zenbait tokitan, eskola publiko konfesionalak daude; beste batzuetan, berriz, etnia ezberdinetako ikasleak gela berean egoten dira, baina bereizi egiten dituzte zenbait ikasgaitan, hala nola erlijioan, hizkuntzan eta historian. Hiru kantonamendutako 56 eskolatan, bestalde, ikasle guztiak zentro berera doaz, baina ez ikasgela berera. Sistema horrek badu izen bat: bi eskola teilape bakarrean.

«Komunitate guztietako alderdi nazionalistek babesa ematen diete ikasleak segregatzen dituzten sistema horiei, hala modua baitute beren kontakizuna irakasteko ikasleei. Ez dute nahi talde ezberdinetako ikasleak nahastea», kontatu du Jajce-ko Hezkuntzarako eta Sozializaziorako Zentroko arduradunak, Samir Beharic-ek. Kantonamendu kroaziar-musulmanean dago hiri hori, eta, hango lehen hezkuntzan, bi eskola teilape berean sistema da nagusi. Hezkuntzarako eta Sozializaziorako Zentroak nazioarteko zenbait erakunderen diru laguntzak jasotzen ditu, eta eskolaz kanpoko orotariko jarduerak antolatzen ditu, udalekuak barne, etnia ezberdinetako haurrak elkarrekin egon daitezen.

Ikasleak bereizteko ahaleginean, 56 eskola horietako batzuek ikastetxera sartzeko ordutegi bana ezarria diete komunitateei; hartara, neska-mutikoek ezin dute ezta atsedenaldian elkarrekin jolastu ere egin. «Gure udalekuetan, gogoeta egiteko jarduerak sustatzen ditugu. Inoiz, 12 urteko neska-mutilek esan izan digute ez daudela pozik, ezin direlako lagunekin batera ikasgela berean egon. Arazoa da gurasoek berek bultzatzen dutela segregazio hori», esan du Beharicek, penatuta.

2016an, Jajceko agintariek iragarri zuten plan bat egingo zutela segregazioa bigarren hezkuntzara ere hedatzeko; izan ere, ziklo horretan, ikasle kroaziarrak eta bosniakak zenbait ikasgaitan baino ez zituzten bereizten: adibidez, erlijioko eskolan. «Ikasleak mobilizatu egin ziren neurri haren kontra, eta oihartzun eta babes handia lortu zuten. Azkenean, alderdiek atzera egin zuten. Gerra bukatu zenetik, huraxe izan zen lehen aldia gizarte zibilak plataforma ez-konfesional baten bitartez alderdi nazionalistei irabazi ziena», azaldu du Beharicek, zeinak laguntza eman baitzien neska-mutilei beren kanpaina antolatzeko.

Historia, ezberdin irakatsia

Curriculum sektario horietako bakoitzean, guztiz ezberdin esplikatzen dute Bosniaren historia. «Komunitate bakoitzak ikuspegi bere-berea ematen du, eta ez soilik 90eko hamarkadako gerraren ingurukoa», kontatu du Jasmin Medic historialariak. Haren ustez, nahitaezkoa da hezkuntza programa askotarikoak koordinatzea, ikuspegiak pixka bat bateratzeko, baita gairik arantzatsuenen gainean ere. «Gutxien-gutxienez, oinarri komun bat ezarri behar litzateke, egiaztatuta dauden egitateetan oinarrituta. Adibidez, aukera bat da Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiaren sententziak oinarri hartzea, hura instituzio neutral bat denez gero», esan du Medicek.

Bosniako Serbiar Errepublikako eskoletan, ukatu egiten da Srebrenican bosniaken genozidio bat izan zela —nahiz eta nazioarteko justiziak berretsia duen—, eta Medic oso kritiko mintzo da horretaz. 1995ean, izan ere, serbiarren indar paramilitarrek 8.000 bosniak exekutatu zituzten herri hartan.

Etnia askotarikoetako herritarren interakzio sozial mugatuaren eta kontakizun nazionalisten hegemoniarengatik, alderdi konfesionalak garaile atera izan dira bozetan. Azkenekoetan, urriaren 2an, berriz ere alderdi nazionalistek lortu zuten boto gehien hiru talde etniko nagusietako bakoitzean, eta, hortaz, pisu erabakigarria izango dute parlamentuan.

Nolanahi ere, Daytonek ezarritako kuota etnikoen sistemaren kontra dauden alderdi multietnikoek garaipen sinboliko bat lortu zuten, haien eraginaren erakusgarri: presidentetzan diren hiru kideetatik bi, kroaziarren ordezkaria eta bosniakena, nazionalistak ez diren alderdietakoak izango dira historian lehen aldiz.

«Bosniarrok oso harro gaude gure identitateaz. Orain arte, horren ondorioz, jendeak bere komunitateko alderdiei baino ez die eman botoa. Baina irudipena dut hori aldatzen ari dela pixkanaka», esan du Haris Idrizek, Mostarren ikasle kroaziarrak eta bosniakak nahasten dituen institutu bakarreko zuzendaria izandakoak. Egia da, dena den, heziketa fisikoa eta informatika baino ez dituztela ematen gela berean ikastetxe horretan. «Ez du zentzu handirik, baina bi curriculum daude, bata bosniakentzat eta bestea kroaziarrentzat, baita matematikan ere», esan du, etsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.