Bosniako serbiarren lege bat eten du herrialderako NBEren goi ordezkariak

Lehen aldiz betoa erabili du Schmidtek, legeak estatuaren eskumenak urratu dituela iritzita. Agintari serbiarrek zilegitasuna ukatu diote

Christian Schmidt NBEren Bosniarako goi ordezkaria prentsaurreko batean, Sarajevon, iazko abuztuan. FEHIM DEMIR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bosnia eta Herzegovinan sekula urratu gabeko bidetik jo du Christian Schmidt NBE Nazio Batuen Erakundearen goi ordezkariak. Bosniako Serbiar Errepublikak bere eskumenak areagotzeko egin dituen alde bakarreko urratsen aurrean, esku hartzea erabaki du lehenengoz. Schmidtek herenegun jakinarazi zuenez, indargabetu egin du joan den otsailean Bosniako Serbiar Errepublikak onartu zuen jabetza legea, haren bidez lurralde autonomoak harentzat har ditzakeelako estatu federalarenak diren ondasunak. Herrialdeko serbiar agintariek ez dute onartu goi ordezkariaren erabakia, eta uko egin diote legea erretiratzeari.

«Soilik Bosnia eta Herzegovinako Estatuak erabaki dezake estatuarenak diren ondasunen gainean», adierazi zuen Schmidtek. Bosniako Serbiar Errepublikaren legea behin-behinean etenda dago, «Auzitegi Konstituzionalak berrikusi arte».

Nazioarteak 1995. urtean bidali zuen Bosniarako NBEren goi ordezkaria, herrialdeko gerrari (1992-1995) amaiera eman zion Daytongo Akordioaren konpromiso zibilak betetzen zirela zaintzera. Helburu hori bete dezan, karguari aitortu zitzaion legeak indargabetzeko eta agintariak kargutik kentzeko ahalmena. Lehenengo aldia da Bosniarako goi mandatari batek botere hori gauzatzen duena.

Schmidten betoari zilegitasuna ukatu dio Milorad Dodikek, Bosniako presidentetzako ordezkari serbiarrak —presidente kroaziar batek eta bosniak batek osatzen dute hiruko agintea—. Haren esanetan, goi ordezkaria «turista bat» da: «Erabaki zentzugabea da, sekula funtzionatuko ez duen zentzugabeko estatu batean».

«Ezinezko estatua»

Agintariak urteak daramatza Bosniako Serbiar Errepublikak independentzia behar duela ziurtatzen, Bosnia bera «ezinezko estatua» dela iritzita. Joan den abenduan prozesu bat abiatu zuen lurralde autonomoa Bosniako armadatik, justizia administraziotik eta zerga sistematik ateratzeko. Bosnian herritar ugarik kezka agertu dute independentziarako urratsak egiten ari dela iritzita, eta bake ituna babesteko neurriak galdegin dizkiote nazioarteari hainbat mobilizaziotan. Schmidtek legearen kontrako betoa iragarri zuen egun berean, Erresuma Batuak zigor ekonomikoak onartu zituen Dodiken eta Bosniako Serbiar Errepublikako presidente Zeljka Cvijanovicen kontra. Neurri bera hartu zuen Washingtonek ere, urtarrilean.

Serbiarren antzera, autonomia handiagoa aldarrikatu du Dragan Covic Bosniako HDZ alderdi kroaziarraren buruak. Hauteskunde erreforma bat galdegin du, barruti etnikoki puruak eratzeko.

Bosnia gerraz geroztik izan duen krisi politikorik larrienean da. Atakan dago Daytongo Akordioak ezarri zuen sistema politikoa. Akordioak ezarri zuen estatuaren egitura federala, bi lurralde autonomok osatutakoa: Bosniako Serbiar Errepublikak eta Bosnia eta Herzegovinako Federazioak.

Ukrainako gerrak tentsio are handiagoa eragin du Errusiarekin loturak indartzearen alde daudenen eta Mendebaldearekin elkarlana estutu nahi dutenen artean. Espero izatekoa da giroa oraindik gehiago polarizatzea, urriaren 2an egitekoak diren presidentetzarako eta parlamenturako bozak gerturatu ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.