Bosniako Pandoraren kutxa ireki nahian dabil Dodik

Bosniatik bereizteko autodeterminazio eskubidea lortzeko bidean, Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako presidenteak konstituzio zirriborro bat onartu du bertako Asanblea Nazionalean, eta krisi politikoa eragin du herrialdean.

Herritar bat Milorad Dodik Errepublikako presidentearen irudi bat eskuetan duela, otsailean, Sarajevon. HAZIM ALJOVIC / EFE
Herritar bat Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako presidentearen irudi bat eskuetan duela, otsailean, Sarajevon. HAZIM ALJOVIC / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 25a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gaurtik aurrera, Bosnia eta Herzegovina ez da existitzen», aldarrikatu zuen Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako presidenteak otsailaren 26an, baita segituan ekin ere bere asmoari, martxoaren 13an lurralde hartako Asanblea Nazionalak konstituzio zirriborro bat onartu eta gero: autodeterminazio eskubidea aitortzen dio Bosniako Serbiar Errepublikari, inguruko herrialdeekin konfederazio bat osatzekoa ere bai, eta Bosniatik bereizitako armada, inteligentzia zerbitzu eta sistema judizial propioak ezartzen ditu, besteak beste.

Asanblean lehen onespena lortu izanagatik, zirriborroak beste bozketa bat gainditu beharko du ganbera horretan, hilabeteko eztabaida publikoaren ostean. Dena den, asanblea horretan Dodikek ez dauka bi herenen babesa —83 kidetik 56rena gutxienez—, oposizioa eta alderdi serbiarrak ez direnak haren aurka agertu baitira.

Aurretik ere nahi izan du Dodikek autonomia handixeagoa lortu. Bosniarako nazioarteko ordezkariaren aginduak lurraldeko aldizkari ofizialean argitaratzea eragozten saiatu zen lege bidez, eta urtebeteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zizkion Bosnia eta Herzegovinako Auzitegiak, «ordena konstituzionalari eraso» egiteagatik. Hain zuzen, otsailaren 26an eman zuen presidentearen kontrako epaia auzitegiak. Helegitea aurkezteaz gain, Dodiken erreakzioa zera izan zen: Bosniako Serbiar Errepublikako Asanblea Nazionalak estatuaren organo judizialak eta polizialak indargabetzeko legeak onartu zituen, zeintzuk berehala baliogabetu zituen Bosnia eta Herzegovinako Auzitegi Konstituzionalak; eta, gero, konstituzio zirriborroa onartu zuen.

Presidenteak argiro du Bosniako Serbiar Errepublikaren bere bisioa, baina «ez du erabat onartua konstituzioa indarrean ezartzeko plana», Adnan Cerimagic ESI Egonkortasunaren Aldeko Europako Ekinaldiko analista politikoaren arabera. Hark dioenez, Dodikek badaki prozesua bertan behera geratuko dela ziurrenik; eta presidenteak esana du halakorik gertatuz gero erreferendumera deituko duela konstituzioa onartzeko —heldu den urtarrilaren 9rako deitu asmo du, hain zuzen, Jugoslavia zatitu zen garaian, 1992an, Bosniako Serbiar Errepublikako asanbleak aldebakarreko independentzia adierazpena onetsi zuen egun berean—. Batera edo bestera, Bosnia eta Herzegovinako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egingo luke testua, «ilegala eta konstituzioaren aurkakoa» izateagatik, Cerimagicen ahotan; horrek, ordea, ez luke saihestuko «kaos legala eta ziurgabetasuna».

«Erakundeek ez badiote Dodiki aurre egiten, edozein buruzagik desobeditu ahalko du herrialdearen arkitektura legala, eta 1995etik aurrerako ordena 'de facto' kolapsatu»

ADNAN CERIMAGICESIko analista politikoa

Bien bitartean, Dodiken kontrako atxiloketa «ez atzera ez aurrera» dago —agindua eman zutenetik Serbian, Israelen eta Errusian ere egon da babesa lortu nahian—; analista politikoak dioenez, gidatzen duen erakundeko Polizia haren alde izateaz gain, Bosniako Polizia «duda-mudan» dagoelako zer egin: «Beldur da bera atxilotzeak ekar ditzakeen segurtasun arriskuez». Cerimagicen ustez, horrek eragin duen kezka da ea Dodikek Pandoraren kutxa ireki ote duen: «Erakundeek ez badiote aurre egiten, edozein buruzagik desobeditu ahalko du herrialdearen arkitektura legala, eta 1995etik aurrerako ordena de facto kolapsatu».

Urte hartan amaitu zen Bosniako gerra (1992-1995), Daytongo Akordioa sinatzearekin batera. 100.000 hildako eragin zituen sarraskia amaiarazi zuen, eta bi erakunde autonomotan banatu ziren Bosnia eta bertan bizi diren hiru komunitateak: batetik, Bosnia eta Herzegovinako Federazioa, gehiengo bosniar musulman eta kroaziarra duena; eta bestetik, Bosniako Serbiar Errepublika, gehiengo serbiarra duena.

30 urte beranduago, «bereizkeria etnikoak eta nazionalistak bere mesedetan» erabiltzen ditu Dodikek, Bojana Zoric Europako Batasuneko EUISS Europako Batasuneko Segurtasun Ikerketen Institutuko analista politikoak esan duenez: «Bi erakunde egonda, oso erraza da harentzat auzi horietara jotzea». Halere, Zoricen arabera, bosniarrak ohartu dira dagoeneko bereizkeriek ez dutela «ezer onik ekartzen», eta «nazkatuta» daude.

«Errusiak Europako Batasunaren eta Mendebaldearen kontrako diskurtsoak bultzatu nahi ditu eskualdean [Mendebaldeko Balkanetan], eta, egun, Milorad Dodik da bertako aliaturik leialena»

BOJANA ZORICEUISSko analista politikoa

Cerimagicek azaldu du Dodiken aurkariek argi uzten dutela Dodikek «bere bizitza politikoa salbatu» besterik ez duela nahi. 1990eko hamarkadatik izan da Bosniako politikaren parte —Bosniako Serbiar Errepublikako lehen ministroa izan zen (1998-2001; 2006-2010); hango presidentea (2010-2018 eta gaur egun); eta Bosniako hiruko presidentetzan serbiarren ordezkaria ere bai (2018-2022), besteak beste—; «Dodik instituzio politiko bat bihurtu dela esan daiteke», eta haren «diskurtso xarmantak» modua eman dio urte hauetan guztietan jarraitzaileak izatea ziurtatzeko, dio Cerimagicek.

Atzerri politika

Daytongo Akordioa, hain zuzen, gatazka gainditzeko erdietsi zen, «ez herrialde egonkor bat sortzeko», Zoricek azaldu duenez. Gaineratu du Dodiken ildoko politikariek galdegin dutela Bosniarako nazioarteko ordezkariaren bulegoa ixtea, zeinaren egitekoa den akordioa betetzen dela ikuskatzea: «Argudiatu dute bulegoak [Bosniako Serbiar Errepublika] erreformatzeko kontsentsua zartatu duela». Are gehiago, analista politikoak dioenez, «uste dute Mendebaldeak kontrolpean duela» bulegoa, eta, ondorioz, ez diela «mesederik egiten» Bosniako serbiarrei.

Hain zuzen, Zoricek esan du nazioarteko komunitatea Dodiken mugimenduak «gaitzesten» ari dela, eta, hala, «bakarrik» geratzen ari dela. Hark, ordea, aliatuak ditu gertu, analistak dioenez: «Errusiak Europako Batasunaren eta Mendebaldearen kontrako diskurtsoak bultzatu nahi ditu eskualdean [Mendebaldeko Balkanetan], eta, egun, Milorad Dodik da bertako aliaturik leialena».

Horrek guztiak oztopatu egin du Bosniaren Europako Batasuneranzko bidea. Bi urte pasatxo igaro dira EBko kide izateko hautagai izendatu zutenetik, eta, Cerimagicen arabera, Dodiken neurriak «atzerapausoak» dira Bruselak galdegiten dituen erreformak lortze aldera. Zoricek ere esan du Bosniako hiru komunitateen ordezkariek ados egon behar dutela herrialdea EBko kide izan dadin: «Liderrek irizten diote herrialdeak beste bide batzuetara jo behar duela, bai etxe barruan, bai etxetik kanpo; aldaketak gerta daitezen, bat etorri behar dute, baina giro politikoa ez da elkarrizketaren aldekoa, inondik inora».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.