Gisele Pelicoten auziak oihartzun handia izan du komunikabideetan, bai nazioartean eta bai Frantzian. Kasuari tiraka, azalera atera da bortxaketaren kulturari buruzko eztabaida, eta bide eman du feminismoak urte luzez egin dituen aldarrikapenak gizartearen intereseko gaietara eramateko. Hori eta beste zenbait kontu azaldu ditu Amaia Rodriguezek (Eibar, Gipuzkoa, 1991) —ez du nahi bere argazkirik ateratzerik—, Ipar Euskal Herriko Sutan kolektibo transfeministako kideak.
Indarkeria matxistari buruzko kasu asko itzalean gelditzen dira; Gisele Pelicoten auzia, berriz, oso mediatikoa izan da. Zergatik?
Hainbat arrazoi daude. Alde batetik, uste dut hain mediatikoa izan dela kasuak daukan konplexutasunagatik, inplikatuta dauden gizonen kopuruagatik, eta erasoen krudelkeriagatik. Bestalde, kasu honek azalera atera ditu Frantzian orain arte sakon landu ez diren hainbat gai, eta aukera eman du bortxaketaren kulturaren inguruan gehiago hitz egiteko. Kasu honek frogatu du edozein gizon izan daitekeela bortxatzaile, eta ez bakarrik ezezagunak.
Hogei urteko espetxe zigorra ezarri diote Dominique Pelicoti; gainontzeko akusatuei, berriz, hiru eta hamabost urte artekoak. Hainbat mugimendu feministak salatu dute zigorrak txikiegiak direla. Hala uste duzu zuk ere?
Guztiak dira bortxaketa kasuak, eta horren arabera zigortu beharko lirateke. Hau da, bortxaketa egon den kasu guztietan, akusatuek hogei urteko espetxe zigorrak jaso behar lituzkete. Nolanahi ere, aintzat hartzekoa da ikuspegi punitibista bat dela hori, eta guk ez dugu sinisten hori denik bortxatzaileak gizarteratzeko modurik egokiena. Azken finean, gizon horiek kartzelara joango dira, baina ezin da egiaztatu espetxealdi horretan lanketa bat edo hausnarketa bat egingo dutenik.
Gisele Pelicotek esan izan du bere helburua lotsa bandoz aldatzea dela. Aldaketa hori gertatzen ari da?
Bai eta ez. Agerikoa da akusatuak lotsatu egin direla; beren burua ezkutatu dute, eta ez dute jendaurrean agertu nahi izan. Baina, aldi berean, hainbat epaiketatan ateratako argazkietan ikusi da konplizitate handia dutela, nahiko lasai daudela. Gainera, haien abokatuek erabili dituzten argudioak oso patriarkalak eta bortitzak izan dira; are, biktimarekiko umiliagarriak. Beraz, alde horretatik ez dakigu lotsa egiaz bandoz aldatu den.
Halere, uste dut jendartean badoala aldatuz, poliki-poliki. Emakumeok hitza hartzen dugun heinean, eta gure esperientziak kontatzen ditugun heinean, erasotzaile izan diren batzuk agian interpelatuta sentituko dira. Horretarako, kasu honek ere egin du bere ekarpena.
Esan liteke Pelicoten auzia mugarri bat izan dela?
Bai. Azkenean, muturreko kasuek shocka eragiten dute; sortzen dute nolabaiteko haserre kolektibo bat, zeinak elkar babestera eta elkar entzutera garamatzan. Hedabideek ere izan dute eraginik horretan. Avignonen 500 kazetari inguru bildu dira gaur goizean. Frantzian inoiz oihartzunik handiena izandako kasua da, eta horrek esan nahi du halako gaiak hizpide dituela gizarteak, eta haren interesekoak direla.
Bukatu da epaiketa. Zer-nolako lanketa egin behar da orain?
Galdera ona da. Hasteko, Frantzian lege integral bat sortu eta onartu behar da, baiezkoa bere osotasunean aintzat hartuko duena. Halaber, bortxaketaren kulturaren geruza guztiak desmuntatu, salatu, ikusarazi behar dira; eta, batez ere, feminismoari entzun. Frantzian oraindik estigmatizazio handia dago feministen figuraren inguruan. Lan handia dago egiteko.