Ez da etenaldirik izan Sudanen. Hasi baino lehen geratu zen bertan behera atzo paramilitarrek eta armadak adostutako menia. Inork ez du bere gain hartu erantzukizuna: militarrek RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde armatuei egotzi zieten, eta talde armatuak, Abdel Fatah al-Burhanek zuzendutako indarrei. Era batera edo bestera, borrokak gogortu egin dira, Khartum hiriburuaren inguruetan batez ere. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 270 dira dagoeneko hildakoak —horietatik 175, zibilak— eta 2.600 inguru zaurituak.
24 orduko beste su eten bat iragarri du RSF talde armatuak, gaurko 18:00etan hasita. Armadak ez du bat egin hasieran iragarpenarekin. Aldiz, minutu batzuk lehenago adierazi du aurrera jarraitzen dutela «matxinada garaitzeko operazioak», eta horietan «errespetatu» egiten dituztela borrokarako arauak, «zibilen segurtasuna bermatzeko». Bada, RSFk iragarpena egin eta hiru ordura onartu du 24 orduko menia Sudango armadak, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez. «Su etena 18:00etan sartuko da indarrean, eta bihar arte iraungo du, laguntza humanitarioa errazteko». Hori bai, baldintza nagusi bakarra ezarri du: gerrillak menia errespeta dezala.
Adostasun horrek, ordea, ez du fruiturik eman, eta borrokek bere horretan jarraitzen dutela ziurtatu dute Al-Jazeerako eta BBC hedabideek. Tiroketak, batez ere, presidentearen jauregitik gertu izaten ari dira, Khartumen. Bien bitartean, Txadeko Defentsa ministro Daoud Yaya Brahimek gaur jakinarazi duenez, armadak Sudango 320 soldadu atxilotu eta armagabetu ditu. «Beldur gara sudandarren arteko liskarra Darfurrera [Sudan mendebaldea] hedatuko ote den», adierazi du Brahimek. Txadeko Gobernuak iragan larunbatean itxi zuen herrialdeak Sudanekin duen muga, eta lasaitasunerako deia egin zuen.
Testuinguru horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres bilera telematiko batean parte hartzekoa da bihar, AB Afrikako Batasuneko eta Arabiar Ligako ordezkariekin batera. Guterresek ABko presidente Moussa Faki Mahamatekin hitz egin du gaur telefonoz, eta Sudango egoerari buruz hitz egin dute. Bihar egitekoa duten batzarraren helburu nagusia izango da armadak eta gerrillak jarrerak hurbiltzea eta 24 orduko su eten bat adostea. «Bi aldeei berretsi nahi diegu nazioarteko legea errespetatu behar dutela. Zibilak babestera eta NBEko langile eta kide guztien segurtasuna bermatzera behartuta daude», ohartarazi du NBEko bozeramaile Stephane Dujarricek.
Osasun zerbitzuetan ere zuzeneko eragina izan du gatazkak. Osasun Ministerioak ohartarazi du gutxienez hamasei direla zerbitzuz kanpo dauden erietxeak, eta beste hainbat ere ixteko arriskuan daudela, borroken eta bonbardaketen ondorioz. Horretaz gain, argindar mozketak etengabekoak dira hiriburuan, eta zenbait tokitara ez da heltzen edateko urik. Lantokiak eta eskolak ere itxita daude herrialde ia osoan. Al-Jazeera telebistak zabaldu duenez, lapurretak eta erasoak nonahi gertatzen ari dira, eta jendeak ilara luzeak egin behar ditu oinarrizko elikagaiak eskuratzeko. «Gauza gehienak ez daude. Jendeak ordu bat baino gehiago egiten du ilaran, baina, bere txanda iristen denean, ohartzen da ez dagoela behar duenik», azaldu du Bahriko herritar batek, Mohamedek.
Bestalde, Merowe hiria armadaren kontrolpean dela zabaldu dute iturri militarrek. Horien arabera, «eguneroko bizitzara» itzuli ahal izan dira herritarrak, nahiz eta soldaduen presentzia oraindik ere handia izan hiriko kaleetan. Hala, hiri berean kokatutako nazioarteko aireportua ere militarren esku legoke, nahiz eta RSFko kideak oraindik inguruetan egon.
Egoerak hobera egingo ez duela ikusita, Japoniak iragarri du hegazkin militarrak bidaliko dituela Sudanera bere herritarrak handik ateratzeko. Orotara 60 japoniar inguru bizi dira Sudanen; gehienak, enbaxadako langileak. Gauza bera egiten hasi zen atzo Alemania ere, baina bertan behera utzi behar izan zituzten ebakuazio lanak, borroken ondorioz. 150 alemaniar daude herrialdean.
Hiriburua, inguratuta
Milaka lagunek irtenbide bat ikusi zuten atzo eguerdian iragarritako su etenean. Askok ihes egiteko gauzak prestatu zituzten meniaren berri izan zutenean; izan ere, hiriburua ia erabat bakartuta dago, eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek onartu dute ezinezkoa dela hara heltzea egoera baretu ezean. Horrez gain, eskolak, lantokiak eta erietxeak itxita daude.
Bi gunetan daude orduotan borrokarik gogorrenak: armadaren egoitza nagusian eta nazioarteko aireportuaren inguruetan. Armadak gogor bonbardatu ditu aireportuaren inguruak, bertan omen daudelako RSFren indarrak.