Borrasi lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote, prebarikazioagatik

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaimahaiak eskatu du indultua eman diezaiotela JxCko presidenteari, kartzela zigorra ez dezan bete. Hamahiru urteko inhabilitaziora ere kondenatu du

Laura Borras JxCren presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuaren aurrean, atzean alderdikide batzuk dituela. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Laura Borras Junts Per Catalunyako (JxC) presidenteari lau urte eta erdiko espetxe zigorra eta hamahiru urteko inhabilitazioa ezarri dizkio Kataluniako Auzitegi Gorenak, atzo jakinarazi zuen epaian. Kondenak espetxean sartzera behartzen du, hasieran. Baina auzitegiak indultua emateko eskatu du epaian bertan, kartzela zigorra bi urtera murriztu eta, horrela, ez dadin espetxera joan. Epaimahaiak prebarikazioa eta dokumentuen faltsutzea egotzi dizkio Borrasi, Kataluniako Letren Institutuko zuzendari zen garaian —2013tik 2018ra— hemezortzi kontratu publiko modu irregularrean esleitzeagatik bere ezagun Isaias Herrero informatikariari.

Epaia ez da irmoa, eta Borrasek helegitea aurkezteko aukera izango du, Espainiako Auzitegi Gorenean lehenik, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ondoren. Hala egingo duela iragarri zuen epaiaren berri izan ostean, manifestari batzuen babesarekin Kataluniako Parlamentuaren aurrean egin zuen agerraldian.

«Ez dut epaiketa justu bat izan, eta ezin nuen sententzia justu bat espero», esan zuen Borrasek. Errugabea dela adierazi zuen beste behin, eta ziur agertu zen «beste auzitegi batek» hala ebatziko duela. «Mugimendu independentista suntsitzeko saiakera bat da, argi eta garbi».

Epaiketaren bilakaera baldintzatu duten kontu garrantzitsuenetako bat izan da Herrerok eta Andreu Pujol auziko hirugarren akusatuak akordioa egin izana fiskaltzarekin. Biek aitortu dituzte leporatzen zitzaizkien delituak, zigor txikiagoa jar ziezaieten, eta biek egotzi diote Borrasi kontratu publikoak legez kanpo adjudikatzea. Azaldu dutenez, kontratuak zatitu egiten zituzten, gehienez ere 18.000 euroko esleipenetan, lehiaketa publikorik egin behar ez izateko, eta onuradunek aurrekontuak faltsutzen zituzten.

Borrasen abokatu Gonzalo Boyek epaiketan salatu du bere bezeroaren defentsa eskubidea urratu dela, hiru akusatuen abokatuak elkarlanean aritu zirelako hiru urtez, elkarri dokumentuak bidaliz, eta epaiketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago jakin zelako fiskaltzaren eta Herrero eta Pujolen arteko akordioaren berri. Horrez gain, defentsak nabarmendu du Borrasen aurka aurkeztu diren zenbait proba ez direla modu zilegian lortu.

Kataluniako beste buruzagi independentista batzuk auzipetu dituztenean ez bezala, Borrasek ez du izan alderdi independentista guztien babesa. Borrasek berak eta JxCk politikaren judizializaziotzat jo dute: salatu dute bere ideia politikoengatik jazarri diotela, baina CUPek eta ERCk ez dute bat egin mezu horrekin. Jordi Turull JxCko idazkari nagusiarentzat ere «lawfare kasu bat» da. Atzo defendatu zuen, bide batez, Borras izan dadila alderdiaren presidentea aurrerantzean ere, estatutuek zehazten dutelako ustelkeriagatik ezarritako zigorretan salbuespenak egin daitezkeela, frogatuz gero prozesuan jazarpen politikoa egon dela. Eta hori uste du JxCren buruzagitzak.

Laura Vilagra Kataluniako Gobernuko bozeramaileak ukatu egin zuen Borrasena errepresio kasu bat dela. «Generalitatearen administrazioan praxi okerrak egon zirela egiaztatu da». Gaineratu zuen ezarritako zigorra «neurrigabea» dela, eta hala baieztatzen duela epaimahaiak indultua eskatu izanak.

Antzera mintzatu zen ERCren idazkari nagusiaren ondokoa, Marta Vilalta. Iruditzen zaio «egiaztatu» dela ustelkeria delitu bat egon dela, eta, horrenbestez, «koherentziagatik», Kataluniako Parlamentuko presidente kargua utzi beharko lukeela.

Ondorioak parlamentuan

Kataluniako Parlamentuko presidentetzari buruzko eztabaida berpiztuko du epaiak. Borras ganberako presidente da oraindik ere, nahiz eta kargua behin-behinean etena duen uztailetik, JxCko presidentearen aurkako ahozko epaiketa hasi zenetik. Sententzia honekin, Borrasi diputatu akta erretiratzeko agin diezaioke Espainiako Hauteskunde Batzordeak parlamentuari, nahiz eta epaia irmoa ez izan, aurretik Quim Torra Generalitateko presidentearekin egin zuen bezala.

Borrasek berehala dimititu ezean, bide hori behartuko duela adierazi zuen, atzo, PPk. Kargua uzteko eskatu zion Jessica Albiach Catalunya En Comu-Podemeko talde parlamentarioko presidenteak ere. Juntsen, berriz, Borrasen gertuenekoek proposatu dute presidente kargua hutsik uztea, protesta gisa.

Sententziak ondorioak izango ditu Borrasen etorkizun politikoan ere, 2021eko hauteskundeetan JxCren presidentegai izan zena ezingo baita bozetara aurkeztu datozen hamahiru urteetan, Gorenak edo Konstituzionalak gaurko epaia moldatzen ez badute behintzat.

Borras ezezaguna zen herritarrentzat 2017. urtearen amaierara arte, Espainiako Gobernuak konstituzioko 155. artikulua baliatuta Katalunian bozetara deitu zuen arte. Diputatu aukeratu zuten, Torrak Kultura kontseilari izendatu zuen 2018an. Borras haren hurbileko bihurtu zen.

Hurrengo legealdian, parlamentuko presidente kargua eskuratu zuen. JxCk gobernu ituna sinatu zuen ERCrekin 2021eko bozen ostean, eta Borras ganberako buru izendatzea adostu zuten. Parlamentuko mahaiak kargua eten zion, ERCren, PSCren eta CUPen aldeko botoekin, eta Borrasek egotzi zien «hipokritak» eta Espainiaren «gerra zikinaren konplize» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.