Katalunia

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. QUIQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko ekainaren 1a
20:46
Entzun

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak diputatu akta erretiratu dio gaur Laura Borras JxC Junts Per Catalunyako presidenteari. Astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak iragarritakoaren ondorio izan da ganberaren erabakia. Gorenak Borrasen helegitea baztertu du, eta ontzat eman du Espainiako Hauteskunde Batzordeak hari diputatu akta erretiratu izana.

Parlamentuak aktaren indargabetzea berretsita, ganberako presidente berria hautatzeko osoko bilkura ezarri du ekainaren 9rako. Izan ere, Borras izendatu zuten kargu horretarako 2021eko martxoan, baina ardura eten egin zion ganberak berak 2022ko uztailean, Borras ustelkeriagatik ahozko epaiketara deitu zutenean, Kataluniako Letren Institutuko kontratuen auzian. Kataluniako Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatu zuen martxoaren 30ean, prebarikazioa eta dokumentu faltsutzea leporatuta.

Espainiako Hauteskunde Batzordeak Borrasi diputatu akta erretiratzea erabaki zuen maiatzaren hasieran, parlamentuak aurkeztu zizkion alegazioak atzera bota ostean. Hirugarren aldia da batzorde horrek Kataluniako diputatu baten aurkako halako neurri bat hartzen duena. Aurretik diputatu akta erretiratu zien Quim Torra Generalitateko presidente ohiari eta Pau Juvilla parlamentariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.