Laura Borrasi ezin zaio Kataluniako Parlamentuko presidente kargua kendu haren aurkako sententzia irmo bat izan gabe. Ganberako zerbitzu juridikoen iritzia da hori, eta parlamentuak Espainiako Hauteskunde Batzordeari helarazi dio gaur. Letraduek gogorarazi dute Borrasek etena duela parlamentuko presidentearen kargua joan den uztailaren 28tik. Ganberak hartu zuen erabaki hori, Borrasen aurkako ahozko epaiketa hasi zenean, parlamentuko araudian jasotakoa betetze aldera. Txostenaren esanetan, Kataluniako Auzitegi Gorenak Borrasen aurka eman zuen epaia irmoa ez denez, une honetan ez da zuzena «sententziatik eratorritako inolako erabaki, ebazpen edo neurri hartzea».
Hauteskunde Batzordeak gaur arteko epea eman zion Kataluniako Parlamentuari Borrasek ganberan duen aulkiari buruzko jarrera zehaztu dezan. Kataluniako Auzitegi Gorenak ustelkeriagatik zigortu zuen, martxoaren 30ean. Lau urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamahiru urteko inhabilitazioa ezarri zizkion, Kataluniako Letren Institutuko zuzendari zen garaian —2013tik 2018ra— hemezortzi kontratu publiko ustez modu irregularrean esleitzeagatik ezagun bati.
Ikusi gehiago:Borrasi lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Kataluniako Auzitegi Nagusiak
Borrasen defentsak ere bere jarreraren berri eman dio Espainiako Hauteskunde Batzordeari, alegazio bidez. Gonzalo Boye abokatuaren idatzian, defentsak argudiatu du batzordeak ez duela eskumenik Borrasen diputatu karguaren gaineko erabakiak hartzeko. Halaber, Borrasen errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatu du. Boyek nabarmendu du soilik «inhabilitazio zigor irmo batek» eragin dezakeela Borrasek parlamentari kargua galtzea.
ERCko presidente Oriol Junquerasek, berriz, «barne liskarrak» gainditzera deitu du JxC Junts Per Catalunya alderdia. «Arduraz» jokatzeko eta Borrasen ordezko bat lehenbailehen izendatzeko eskatu dio. «Kontratuak zatitzeak ez du inolako onurarik independentismoarentzat», adierazi du.