Erresuma Batua

Boris Johnson: «Festen ikerketaren ondorioak jakin arte itxaron behar dugu»

Erresuma Batuko lehen ministroa oposizioaren kritikak saihesten saiatu da pandemian emandako aurrerapausoetan arreta jarrita. Zenbait diputatu kontserbadore hasiak dira babesak biltzen gobernuburua kargutik kentzeko.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Komunen Ganberara bidean. ANDY RAIN / EFE
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 19a
13:47
Entzun

Komunen Ganberan oposizioaren kritikei erantzutean, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak gutxienez hamar aldiz esan du itxaron hitza. Pazientzia eskatu du, edo, beste modu batera esanda, denbora irabazi nahi izan du, jakitun baitago pandemia garaian Downing Streeteko 10.ean eginiko festak eta horietan parte hartu izanak kolokan jarri duela bere etorkizun politikoa. «Festen ikerketaren ondorioak jakin arte itxaron behar dugu», errepikatu die behin eta berriz parean izan dituen diputatuei.

Johnsonek ez du amore eman oraindik, eta sentipen hori helarazi du gaurko saioan. Itxuraz behintzat, konfiantzaz beteta agertu da, eta herritarrei eskerrak eman dizkie pandemian harturiko erabakiak errespetatzeagatik. «Horregatik gara azkarren hazten ari den ekonomia. Eskerrak ematen dizkiet egindako sakrifizioengatik. Guk [Alderdi Kontserbadoreak] hori egiten dugu: ekonomia mugitu, eta lanpostuak sortu», esan du lehen ministroak. Ingalaterran neurri murriztaile batzuk bertan behera geratuko direla baieztatzeko ere baliatu du tartea; agian, haren inguruko harrabotsa aldentzeko helburuz.

Keir Starmer Alderdi Laboristaren buruzagi eta oposizioburuak, ordea, ez du bide horretatik jarraitu, eta behin eta berriz egin die erreferentzia Johnsonek festez esandakoei eta hark emandako barkamenei. Gustura ikusi da: «[Lehen ministroa] Ez da gai herrialdeak merezi duen lidergoa eskaintzeko. Alderdi Laborista aldatu egin da; baita kontserbadorea ere».

Saioak irudi esanguratsu bat utzi du: ministroak ahalik eta soinu gehien egiten saiatu dira Johnsonek adierazpen bat egiten zuen bakoitzean, baina atzean zituzten diputatuak, gobernuan kargurik ez dutenak, nahiko isilik egon dira. Horietako batek, brexit-erako ministro izandako David Davisek, izan du adierazpenik entzutetsuena: «Jainkoaren izenean, joan zaitez».

Johnsonek iragan asteazkenean aitortu zuen berak ere parte hartu zuela lehen konfinamenduaren garaian Downing Streeteko 10.ean eginiko festa batean, 2020ko maiatzean; hori bai, argudiatu zuenez, «nahasketa baten» ondorio izan zen, uste baitzuen hitzordu hori «lan kontu bat» zela. Hau da, une horretan ez zekiela —bere gobernuak finkaturiko— arauak urratzen ari zela; gertaturikoa «bihotzez» sentitzen zuela esan zuen.

Gertakari horri erreferentzia egin dio SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren Komunen Ganberako buruzagi Ian Blackfordek ere, adierazita «inork» ez duela sinesten lehen ministroak ez zekiela «zertan» ari zen. «Uste du arauen gainetik dagoela», kritikatu du Blackfordek.

Iaz ere bai

Festen auzia handituz joan da asteotan, Erresuma Batuko hedabideek gerora jakinarazi baitzuten ohikoak izan zirela 2020ko maiatzetik hona; besteak beste, Elisabeth II.a erreginaren senarraren hiletaren bezperan, iazko apirilean, eginiko bi. Hari ere barkamena eskatu behar izan dio Johnsonek.

Horrek guztiak, ordea, ez dio askorako balio izan lehen ministroari, haserrea geroz eta handiagoa baita herritarren eta diputatuen artean; inkestak begiratzea besterik ez dago, gehienek uste baitute dimisioa eman behar duela.

Ordezkari politikoetako asko, gainera, beldur dira 2019an lorturiko aulkiak galduko dituztela —batez ere Ingalaterra iparraldeko horma gorriko barruti multzokoak—, eta horregatik nahi dute buruzagi torya eta gobernuburua berehala aldatzea.

Oraindik ez dago argi zenbat diputatu kontserbadorek aurkeztu dituzten konfiantza mozio bat sustatzeko gutunak, baina gutxiengo 54etatik gertu leudeke, eta kopuru horretara iristean Johnsonen etorkizunaz erabakitzeko barne prozesu bat hasiko lukete. Gauza bera gertatu zen 2019an Theresa Mayrekin: bozketa irabazi zuen arren, gerora dimisioa eman zuen, ez zuelako lortu brexit-ean aurrerapausoak ematea.

Zenbait ordezkari Johnsonek aipaturiko ikerketaren ondorioen zain daude gutun horiez erabaki bat hartzeko; Sue Gray funtzionarioa COVID-19aren pandemian Downing Streeteko 10.ean izandako festak ikertzen ari da, eta horri buruzko ondorioen berri etzi emango du goizenez, eta, beranduenez, datorren astean. Bien bitartean, Christian Wakeford diputatuak jakinarazi du Alderdi Kontserbadorea utzi eta Alderdi Laboristara pasatu dela —toryek gehiengo osoa dute oraindik—.

Johnsonek ez badu dimisioa ematen edo alderdikideek ez badute kargutik kentzen, maiatzean etor liteke hurrengo krisia. Izan ere, tokiko hauteskundeak egingo dituzte hilabete horretan, eta baliteke asteotako eztabaidak eragina izatea emaitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.