Boluartek konstituzioa aldatzea dauka buruan, bozak aurten egiteko

Peruko presidentearen helburua da 2023ko urriko bigarren iganderako deitzea hauteskundeetara

Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Hauteskundeak aurreratu eta aurten egitea ari dira exijitzen duela zenbait astetatik Perun protestan ari direnak. Joan den ostiralean horri buruz eztabaidatu zuten Kongresuan, baina ganberak baztertu egin zuen bozak 2023an egitea. Atzo berriro eztabaidatu zuten, baina Kongresuaren gehiengoak erabaki zuen eztabaida atzeratzea. Eta, horrekin lotuta, Dina Boluarte herrialdeko presidenteak atzo adierazi zuen Kongresuaren esku dagoela erabaki hori hartzea, baina, jakinarazi zuenez, diputatuak berriro aurka agertzen badira, gobernuak konstituzioa erreformatzeko bi lege proposamen aurkeztuko ditu ganberan, «urgentziazko tramitazioa» erabiliz, eta hauteskundeak 2023an egitea izango dute helburu. Krisi politiko eta sozial betean dago herrialdea.

Telebista bidez plazaratutako mezu batean eman zuen Boluartek bere asmoen berri, atzo goizaldean —igande gaua han—. Gogoratu zuen indarkeriak herrialdea hartu duela azken hilabetean, eta mobilizatuen asmoa dela «kaosa» eragitea eta perutarren artean «gorrotoa» hedatzea. Pedro Castillo aurreko presidentea atxilotua eta kargugabetua izan ondoren hasi ziren protestak, joan den abenduaren hasieran, eta orduz geroztik 65 pertsona hil dira mobilizazioetan; azkenekoa, larunbatean, Lima hiriburuan. Manifestariek eskatzen dute Boluartek karguari uko egitea, Kongresua desegitea, eta prozesu konstituziogile batera deitzea.

Planteatzekoak diren lege proposamenei dagokienez, Boluartek zehaztu zuen horietako baten helburua izango dela «hutsik egin gabe» aurtengo urriko bigarren iganderako deitzea hauteskundeetara. Beharrezkoa balitz, bigarren itzulia abenduan egingo lukete. Aintzat hartu behar da bozak 2024ko apirilera aurreratzeko lege proiektu bat onartu zuela Peruko Kongresuak abenduaren 20an. Berez, 2026ra arte goberna dezake Boluartek, orduan amaitzen baitzen Castillok 2021eko uztailean hasitako agintaldia. Baina presidenteak bere posizioa legitimatu nahi du. «Proposamen honek erantzuna ematen dio herrialdeko ordezkaritza politikoaren legitimitate demokratikoa hobetzeko dagoen ezinbesteko beharrari», argitu du. «Egoera horrek modua emango luke herritarrek instituzionalki bideratu ahal izateko beren eskaerak, ez indarkeriaren bidez».

Erreformarako galdeketa

Bigarren lege proiektuak, berriz, asmo bat dauka: «Konstituzioaren erreformaren debatea trenkatzea». Izan ere, ezkerreko diputatuen eskaeretako bat da prozesu konstituziogile bat martxan jartzea. Manifestariek ere hori nahi dute, hain zuzen ere. Boluartek proposatuko luke hurrengo hauteskundeen ondoren Kongresuak eskatzea Konstituzioaren Batzordeari 1993ko testua «guztiz» berritu dezala. Hori gauzatzeko bide orriaren arrasto batzuk ere eman zituen, bide batez: «Peruko Konstituzio historikoa» kontuan hartuta egingo lukete prozesua, eta, ganberan testua onartua izan ondoren, erreferendum bat antolatuko lukete, «herriak hori onartzen duen ala ez erabaki dezan». Gaineratu zuen pertsona eta instituzio guztiek ekarpenak egin ahal izango lizkioketela testuari.

Boluartek mezu hori plazaratu baino ordu batzuk lehenago, ohar bat kaleratu zuen Peruko Arartekoak, eta eskatu zien gobernuari eta Kongresuari alda dezatela herrialdeak azkeneko asteetan hartu duen «norabide tragikoa». Gainera, «jendea hiltzen uztea» egotzi die. Arartekoaren arabera, gobernuak eta Kongresuak hori eragozteko gaitasuna dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.