PERU

Boluartek elkarrizketa eskaini die haren aurka protestan ari diren manifestariei

Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu du, «aldeen artean hitz egiteko eta herrialdearen beharrei erantzuteko». Eragileentzat, ordea, estatuburuaren proposamena «atzerapen maniobra bat da».

Hainbat manifestari, Peruko presidente Dina Boluarteren aurkako protestetan, herenegun, Liman. ALDAIR MEJIA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 21a
13:09
Entzun

Peru krisi politiko eta soziala gainditu ezinik dabilen honetan, milaka herritarrek berriz ekin diete aste honetan Latinoamerikako herrialde horretako gobernuaren aurkako mobilizazioei —Lima hartzeko ekinaldi deiturikoei—, hiriburuan eta beste hiri batzuetan. Iazko abenduaren 7an Pedro Castillo presidente ohia atxilotu zutenetik, milaka manifestarik eskatzen dute Dina Boluarte egungo estatuburuak kargua utz dezala, Kongresua itxi eta batzorde konstituziogile bat eratu dezatela, eta Boluartek hauteskunde orokorretara deitu dezala. Bada, azken bi manifestazioen ostean, Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu zuen atzo, eta elkarrizketarako gonbita egin zien bezperan kalera atera ziren herritarrei, «aldeen artean hitz egiteko eta herrialdearen beharrei erantzuteko» asmoz.

Ikusi gehiago: Manifestaldiak Peruko demokraziaren aurkako «eraso argiak» direla dio Dina Boluartek

Gobernu Jauregian egin zuen agerraldia Boluartek, atzo, Kongresuko presidente Jose Williams eta lehen ministro Alberto Otarola ondoan zituela. «Aldeen artean dauden distantziak eta iritziak gorabehera, elkarri entzun ahal diogu, oihurik egin gabe. Elkarrizketa zintzoaren bitartez adostasun onak lor ditzakegu». Estatuburuak, gainera, gogorarazi zuen presidente kargua hartu «bezain laster» —abenduaren 7an— egin zuela «herrialdean batasun zabala izateko deia».

Halere, azken mobilizazioetara deitu duten zenbait eragilek ez dute begi onez hartu Boluartek eginiko proposamena; Borrokarako Talde Nazional Unitarioko kide Jorge Pizarrorentzat, esaterako, elkarrizketarako eginiko gonbita «atzerapen maniobra bat da, eta hori ez da zintzoa», Espainiako Efe berri agentziari adierazi dionez. «Ez dugu ezer baztertu behar, maniobra hutsa baita», gaineratu du Herrien Biltzar Nazionaleko Batzorde Teknikoko (ANP) kide batek. Beste batzuk, berriz, are gogorrago mintzatu dira presidentearen aurka: «Hiltzaile batekin ezin dugu hitz egin», esan dio Puno eskualdeko ekintzaile Maruja Inquillak Eferi, eta Boluarteri exijitu dio kargua utz dezala. CPI etxeak egindako azken inkestaren arabera, herritarren %80k baino gehiagok agintaria gaitzesten dute.

Puno eta herrialdeko hegoaldeko beste eskualde batzuetako manifestarien ordezkaritzetako kide da Inquilla, eta Limara heldu ziren atzo Boluarteren aurkako protestei berriro ekiteko eta justizia eskatzeko, abendua eta otsaila bitartean egindako manifestazioetan hil zituzten 49 lagun —iturri ofizialen arabera— oroituz. Azken egunetan, milaka pertsona bildu dira —21.000, gutxi gorabehera—, Limako hirigune historikoan, Hauteskundeen Epaimahai Nazionaleko (JNE) egoitzaren kanpoaldean, erakunde horren presidente Jorge Luis Salas Arenasi babesa emateko, heriotza mehatxuak jaso dituenez gero, eta demokrazia eskatzeko.

Salas Arenasek 2021eko hauteskundeen ostean jaso zituen zemaiak, zehazki, Castillo Peruko presidente izendatu eta gero. Hori dela eta, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kautela neurriak ezarri zizkion Salas Arenasi. Bide horretan, IACHRk Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrari eskatu zion behin-behineko babes neurriak jar diezazkiola Hauteskundeen Epaimahai Nazionaleko presidenteari, «haren eskubideak eta bere familiarenak babesteko».

Sei atxilotu

Boluarteren arabera, Poliziak gutxienez sei lagun atxilotu ditu azken protestetan, baina, nabarmendu zuenenez, herritar gehienak «modu baketsuan» manifestatu ziren, eta hori «gauza ona» da Perurentzat. «Nire aitorpen zintzoa egiten dut», adierazi zuen, Azpiegituraren Agintaritza Nazionala eratzeko legearen sinaduraren esparruan. Erakunde horrek zeregina izango du obra publikoetan dagoen arrakala soziala murrizteko. Peruko Herriaren Defentsa Erakundearen aurretiazko txostenaren arabera, Limako hirugarren martxan zortzi zauritu egon baziren ere, Osasun Ministerioak jakinarazi zuen 11 izan zirela herrialde osoan.

Bestalde, eragileek oraindik ez dute ofizial egin hurrengo mobilizaziorako deialdia, baina eskualdeetako ordezkaritzak Liman daude jadanik, eta datorren astean, uztailaren 28an —Peruko Independentzia Egunean—, espero da herritar gehiago iristea hiriburura.

Bien bitartean, Castillok kartzelan jarraitzen du. Auzitegi Goreneko Cesar San Martin epaileak haren defentsaren apelazioa ezeztatu zuen. Horren ondoren, fiskaltzak hemezortzi hilabeteko kartzelaldia eskatu zuen Castillorentzat. Epailearen ustez, presidente ohiak atxilotuta jarraitu beharko luke haren kasua ikertzen den bitartean. Manifestaldien helburuetako bat bihurtu da presidente ohia aske utz dezaten lortzea ere.

Parlamentua desegin eta salbuespen gobernu bat osatzeagatik atxilotu zuten Castillo, estatu kolpea leporatuta. Mexikoko enbaxadara asilo politiko bila zihoala atxilotu zuten. Aurreko ostegunean, entzunaldi judizial batean, Castillok adierazi zuen «konplot baten» biktima izan dela. «Ez nago atxilotuta, bahituta baizik», gehitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.